Hirugarren kolpea ematea falta zaio

Hirugarren podiuma lortuta, Pedrosak txapelketa irabazteko gai dela erakuts dezake bihar Portugalen

unai zubeldia
2008ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Qatarren, Munduko Txapelketako lehen proban, hirugarren amaitu zuen lasterketa; Jerezen, bigarren proban, denboraldiko lehen proba irabazi zuen; eta Losailen, Portugalgo Sari Nagusian, lehen bi probetako emaitza ona ez zela kasualitatea izan erakutsi nahi du. Dani Pedrosa kataluniarrak oso indartsu hasi du aurtengo txapelketa, eta bihar Portugalen proba irabazi edo irabazteko borrokan sartzen bada, txapelketa irabazteko hautagai sendoa dela erakutsiko du.

Jorge Lorenzo kataluniarrak estutu du gehien lehen bi probetan; Lorenzok berak lortu zuen pole-a Qatarren eta Jerezen. Eta lasterketan ere onenen erritmoari eusteko gai dela erakutsi zuen, Valentino Rossi italiarraren moduan. Iaz oso denboraldi iluna egin zuen Yamaha etxeko gidariak, baina badirudi aurten, berriz ere, txapelketa irabazteko borrokan sartu dela. Qatarren arazo ugari izan zuen eta azkenerako bosgarren amaitu zuen. Jerezen, ordea, Espainiako Sari Nagusian, bigarren amaitu zuen lasterketa, Pedrosaren atzetik.

Eta asteburua hasi besterik egin ez bada ere, atzo Estorilen egindako lehenengo entrenamendu ofizialetan aurre-aurrean izan ziren hirurak. Eguraldi txarrak baldintzatu zituen entrenamenduak -zirkuituko denbora onenetik bi segundo pasatxora geratu zen Pedrosa-, baina Pedrosak, Lorenzok eta Rossik erakutsi zuten kontrarioak baino koska bat gorago daudela; Pedrosak eta Rossik, batez ere. Kataluniarrak lortu zuen denborarik onena, eta italiarrak bigarrena -Lorenzo bosgarren izan zen, Edwars eta Haydenen atzetik, eta Stoner, egungo txapelduna, zazpigarren-. Hasiera besterik ez da, baina hasiera argigarria.



SIMONCELLI ETA DI MEGLIO. 250 cc.-ko proban Marco Simoncelli izan zen azkarrena, Alex Debon, Mika Kallio eta Alvaro Bautistaren aurretik. Mattia Pasini italiarra dago lider txapelketan -atzo bosgarren izan zen-, Qatarren irabazi eta Jerezen bigarren izan baitzen. Baina orain arteko emaitzak asko alda daitezke bihar Estorilen, oso lasterketa gorabeheratsua baita, eta gehienetan oso haizetsua.

125 cc.-ko proban, berriz, Mike di Meglio frantziarrak lortu zuen denborarik onena, Nico Terolek baino lau ehunen gutxiago eginda. Simone Corsi liderra laugarren izan zen. Efren Vazquez bilbotarrak 14. denbora egin zuen lehen entrenamendu saioan, baina baikor dago. «Estorilgo zirkuitua oso egokia da gure ezaugarriak kontuan izanda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.