Hirugarren maila hori

Lau txapeldun ohik final-zortzirenetan ekingo diote Buruz Buruko Txapelketari, Irujo eta Olaizola II.a tartean daudela

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2009ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Denak hirugarren zozketari begira. Behingoagatik, garrantzitsuena ez ziren zerrendaburuak, iaz finalerdietara sailkatu ziren lau pilotariak, alegia. Arreta hirugarren kopan zegoen, astunena, sari handi eta txapel gehien pilatzen zituena. Benetako galbahea, apirilaren 19ko asteburukoa. Irujo, Olaizola II.a, Beloki eta Ruiz batera sartuko dira lehian. Lau txapeldun ohiak eskailerako maila berean, hirugarrenean.

Buruz buruko txapelketaren zozketa atzo egin zen, BBK-k, txapelketako babesleak, Bilboko Kale Nagusi erdian duen egoitzan. Aspaldiko partez pilotari guztiak elkartu ziren, ez zen hutsik izan. 20 ziren guztira eta sei txapeldun ohi. Txantxa eta adar jotze artean hasi zen zozketa. Lehen bi txanden zozketetan, giro alaia izan zen. Eulatek «dardarka hasteko» esan zion Berasaluze IX.ari, eta Bengoetxea VI.a zen alde batera eta bestera iritzia plazaratzen zuena.

Eskailerako hirugarren mailan, ordea, isiltasuna nagusitu zen. Lau txapeldun ohi, eta zaleentzako faborito nagusiak zirenak: Olaizola II.a eta Irujo. Bitxia bada ere bi hautagai nagusiek ez diete bideari zerrendaburu postutik ekingo. Urtero bezala, lau txapeldun ohi bizkaitar izan ziren nondik norakoak erabakitzearen arduradunak: Luciano Juaristi, Jesus Garcia Ariño, Hilario Azkarate eta Joxe Arriaran. Irujo Gonzalezen adarrera bidali zuten, Olaizola II.a Barriolarenera, Beloki Olaizola I.arenera eta Ruiz Bengoetxearenera. Zortea erabakita zegoen, eta bati baino gehiagori aldartea aldatu zitzaion.

Txapelduna pozik zen zozketarekin, bi faborito nagusiak finalerdietara arte saihestu zituelako. Bengoetxea A adarrean ipini zuten, eta Gonzalezen adarrarekin gurutzatuko da finalerdietan. Azkaingoa iaz laugarren izan zen, lesioarengatik 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida ez zuelako jokatu. Beraz, leitzarrak zortea izan zuen; Ruiz egokitu zitzaion atzetik, eta Lizarrakoa egun ez dago bere onenean, apurka bizkarreko mina sendatzen ari zaion arren. Atzerago Leiza izango da faborito txapelketako lehen partida irabazten duenaren aurka.

Zerrendaburuei dagokienez, Gonzalezek izan zuen zorterik txarrena, bere multzoan egokitu baitzaio Irujo, askorentzat txapela irabatzeko faborito nagusia. Iberokoa sasoi bikainean dago, eta litekeena da Xala izatea aurreneko kontrario. Biek 2004ko finala jokatu zuten, baina Lekuinekoa ez da ordukoa. Mina du bi eskuetan, eta txapelketa prestatu ezinik dabil. Aurretik, Pascualek eta Zubietak jotzaileen arteko kanporaketa jokatuko dute igandean. Etxarrikoa atariko partida bat irabazita sailkatu zen txapelketarako.

Olaizola I.a zerrendaburu duen adarra da irekiena. Faborito handirik gabeko adarra da, eta denek egiten dute joko klasikoa. Agirre, Laskurain, Peñagarikano, Beloki... denek dute gustuko botera jokatzea. Txapelketako bi pilotaririk beteranoenek ere, Agirrek eta Belokik, bertan egingo dute bat; biek 34 urte dituzte. Arteagakoarentzat 11. parte hartzea izango da, Burlatakoarentzat, berriz, hamaseigarrena. Belokik ondo ikusi du bere burua binakakoan, eta, aurreratu zuen bezala, iazko manomanistako arantza atera nahi du. Burlatakoak 22-7 galdu zuen Olaizola I.aren aurka, Tolosan.

Azkenik, Olaizola II.a izango du Barriolak atzean. Duela bi urte eurek jokatu zuten buruz buruko finala, eta, ondo bidean, berriz ere neurtuko dituzte indarrak.Atzetik, Beginok zail izango du iazko lana hobetzea, baina hura izango da faborito Retegi Biren eta Urberuagaren arteko partidan. Iaz, 2. Mailako txapeldun izan zen Eratsungoa, eta bera da pilotari bakarra aurten aurreneko aldiz parte hartuko duena. Aulestikoak, berriz, behingoz lehen partida irabaztea izango du helburu. Bi pilotari horiek atariko partida bat jokatu zuten duela bi urte, eta Urberuagak irabazi zuen.

Berriz ere Zeanurin

Iaz gertatu bezala, Buruz Buruko Txapelketa Zeanurin hasiko da, etzi, Berasaluze IX.aren eta Eulateren arteko partidarekin. Lehen jardunaldiko beste partidak Iruñean, Eibarren -jaialdiko aurrenekoa- eta Tolosan jokatuko dituzte, larunbatean, igandean eta astelehenean, hurrenez hurren. Bigarren asteko pilotaleku eta datak ere erabakita daude. Ostiralekoa Zarautzen jokatuko da; larunbatekoa, Iruñean; igandekoa, Haron (Espainia); eta astelehenekoa, Tolosan. Ostiralekoa jokatuko dute Xalak eta Pascualen eta Zubietaren arteko partidako irabazleak. Finala, azkenik, ekainaren zazpirako esana dago, eta litekeena da Donostiako Atanon jokatzea.

Iazko parte-hartzaileekin alderatuta, aldaketa gutxi daude, Eugi -erretiroa hartuta- eta Koka -atarikoa galduta- falta dira, eta Retegi Bik eta Berasaluze IX.ak ordezkatuko dituzte. Berrizkoak min hartuta zegoelako ez zuen parte hartu iaz. Arautegian ez dago aldaketarik, eta partida bat izango da 3. eta 4. postuak erabakitzeko. Iazko finalerdietan, Gonzalezek partida bi astez atzeratu zuen, eta arautegiko puntu horrek bere horretan dirau. Beraz, «sendatzeko arrazoi objektiboak» daudenean, zehaztu ahal izango da ezarritako egunaz haratagoko beste egun bat.



Adarrak

A ADARRA

Txapelduna, pozik. Bengoetxea VI.aren mehatxurik handiena Ruiz da. Lizarrakoa, baina, ez dago sasoirik onenean.

B ADARRA

Irujorena. Irujo faboritoetako bat da, eta final-zortzirenetan hasiko da. Gonzalezek zail du finalerdietan berriro aritzea.

C ADARRA

Irekiena. Olaizola I.a da zerrendaburua, eta buruz buruko joko klasikoa egiten duten pilotariak elkartu ditu. Adar irekiena da.

D ADARRA

2007ko finalistak. Barriola eta Olaizola II.a elkarrekin daude. Beginok oso zail izango du iazko lana hobetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.