Lagun Aro GBC 92. Unicaja Malaga 95

Hirugarrena, hiru puntugatik

Nahiko ondo jokatu du Lagun Arok, baina huts txiki batzuen erruz galdu egin du hirugarren dema errenkadan

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Lagun Aro GBC. Raul (9), Baron (11), Vidal (16), Panko (25) eta Betts (2) -hasierako bostekoa-; Salgado (12), Papamakarios (8), Lasa, Doblas (4) eta Lorant (3).

Unicaja Malaga. Rowland (5), Fitch (12), Darden (14), Zoric (7) eta Freeland (22) -hasierako bostekoa-; Valters (13), Blanco(2), Berni Rodriguez (8), Sinanovic (9), Garbajosa (3) eta Peric.

Markagailua. 27-22, 46-45 (atsedenaldian); 70-68 eta 92-95.

Epaileak. Hierrezuelo. Cortes eta Rial. Faltengatik kanporatuak: Lagun Aroko Doblas (33. min.).

Bestelakoak. 4.875 zale Donostia Arenan.

Gutxi falta zaio, baina falta zaion apur horrek gero eta zama astunagoa sortzen dio. Lagun Arok garaipena lortu gabe segitzen du jokatutako hiru partidetan, baina orain dela astebete ligako lehen partidan Obradoiroren aurkakoa edo atzokoa ikusi, alde handia dago. Atzo muga-mugaraino borrokatu zelako Lagun Aro, eta nahiko txukun jokatu. Galdu bazuen, huts txiki batzuengatik galdu zuen, baina baita Unicaja talde puska delako ere. Denerako erantzuna bilatu zuten Malagakoek, eta logika nagusitu zen. Handiak txikia jan zuen.

Arriskatzea erabaki zuen Lagun Arok, eta erritmo handiko, puntu askoko dema proposatu zion Unicajari. Suelto jokatu zuten donostiarrek, eta bikain aritu ziren, Andy Pankoren eskutik. Hegalekoak hamazazpi puntu lortu zituen lehen laurdenean, eta Baron herrikidearen punteria falta estali. Hogeita zazpi puntu sartu zituen lehen hamar minutukoan Lagun Arok, eta goraipatzekoa da Raul brasildarrak egindako joko ona.

Unicajan Joel Freelandek zeukan aginte makila. Ingalaterrakoa oso ona da, eta ikaragarri sufritu zuen Betts taldekideak haren ekarpena murrizteko. Ondo aritu zen defentsan Betts, baina konfiantza falta zaio erasoan, eta 217 zentimetroko morrosko handi batek inoiz kale egin ezin dituen saskiratze errazak kale egin zituen.

Freeland gidari, baina beste taldekide askoren laguntzarekin. Unicajak talde ona duelako. Batzuetan Fitchek hartzen zuen lekukoa, besteetan Darden hegalekoak, eta azken bi laurdenetan Valtersek. Letoniarrak maisuki gidatu zuen taldea, eta min handia egin zuten hiru hiruko ere lortu zituen. Ezin ahaztu Zoricen zazpi puntuak, Berni Rodriguezen zortziak eta Sinanovicen bederatziak. Hogeita hamabost puntu lortu zituzten Unicajako aulkiko jokalariek, eta jokatzen duten aldiro antzera egiten badute, kontuz Malagakoekin.

Illunbeko zaleek gozatua hartu zuten, ikusteko erakargarria izan baitzen dema. Bero txalotu zituzten Pankoren lehen hiru hirukoak lehen laurdenean, eta Vidalen kemena eta barneraldiak. Ez zioten inori txisturik egin, Papamakariosek oparitutako puntu bateko lau jaurtiketek desadostasun keinuren bat merezi bazuten ere. Greziarrak, ordea, bi hiruko lortu zituen jarraian, hutsak egin ondotik. Salgadok ere ondo jokatu zuen, defentsan Valtersekin komeria asko eduki arren.

Lasaitasun falta

Bospasei punturen aldea izan zuten gehienez bi taldeek, baina ez batak, ez besteak ez zuten lortzen ihes egitea. Lagun Aro 73-68 jarri zen aurretik 31. minutuan, Papamakariosek bere bigarren hirukoa lortuta, baina ez zuen jakin errenta hori kudeatzen. Unicajak 0-5eko partziala lortu zuen azkar, eta itxi egin zen norgehiagoka hamaikagarrenez. Indar hartu, eta 0-7ko beste partzial bat lortu zuten espainiarrek, Valtersen eskutik, eta epaileen erabaki zalantzagarri pare baten erruz.

Pankok hartu zuen erantzukizuna orduan, eta puntu bateko lau jaurtiketa sartu: 84-85. Lagun Aron Panko, eta Unicajan Freeland. Pibotak beste lau puntu lortu zituen, eta bere taldea 86-89 aurretik jarri. Lagun Arok Baronen eskopetarekin fidatu zen orduan, Rhode Islandekoak zazpi hiruko jaurti eta bakarra saskiratu bazuen ere. Estatubatuarrak erantzun egin zuen, ordea, eta oso gutxitan ikusten den jokaldia gauzatu: hirukoa eta falta.

90-89 zen aurretik Lagun Aro berriro, baina Freelandek ezinezko egin zuen Bettsen ahalegin zintzoa. Azken minutua puntu bateko erruleta bilakatu zen, eta Unicajak ez zuen kale egin. Baronen eta Raulen azken uneko hirukoak, ordea, ez ziren sartu. Gutxigatik, baina hiru partidak galdu ditu Lagun Arok. Hirugarrenaren errua Freeland pibotak du. 30 puntuko balorazioa lortu zuen (22 puntu eta 10 errebote). Larunbatean iritsiko da laugarren aukera, Estudiantesen aurka, Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.