Hirugarrena merezi dute biek

Bi lasterketa falta dira 1 Formulako sasoia amaitzeko, eta bi gidariren artean dago titulua. Fernando Alonso bikain hasi zen, baina indarra galdu du bigarren erdian. Sebastian Vettelek, ordea, bigarren erdia baliatu du.

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Sebastian Vettel eta Fernando Alonso bitan izan dira munduko 1 Formulako txapeldun. Bata zein bestea txapeldun gazteena izan ziren bere garaian. Gutxi dira historian hiru titulu lortu dituzten gidariak, baina inork ez ditu lehen hirurak jarraian lortu. Aukera hori Vettelek bakarrik du, gainditzeko zaila litzatekeen errekorra litzatekeelako. Hamar punturen aldea du. Ez da abantaila makala, guztira 50 puntu jokoan daudela kontuan hartuta—AEBetako eta Brasilgo sari nagusiak falta dira jokatzeko, hurrengo bi igandeetan—. Alonsok 40tik gora punturen aldea galdu duenez, faborito argia Red Bullekoa da. Baina urte hasieran Ferrarikoak alde hori pilatzea lortu bazuen, hamar puntu ez da oztopo gaindiezina.

Azken lasterketetan Vettel agertu arte, Alonsoren denboraldia eredugarria izan da. Gabezia asko zituen auto bat topatu zuen esku artean. Italiarrek galdutzat jotzen zuten urtea. Malaysian, sasoiko bigarren sari nagusian lortutako garaipena emaitza bakartu bat izango zela pentsatu zuten, lasterketa hori irabazteko euriak ezinbesteko laguntza eman baitzion espainiarrari. Txapelketako lider jarri zen Alonso, baina bazirudien gutxi iraungo zuela postu horretan. Lasterketak joan eta lasterketak etorri, ordea, Alonsok bere ezaugarririk onenak erakutsi ditu igandero. Ez du huts bat ere egin, eta sendo bezain seguru gidatu du. Zirrikitu bakoitza aprobetxatu du postu bat irabazteko, eta pistatik kanpo duen jarrerak aldekoak bezala kontrakoak baditu ere, F2012 autoaren barruan maila gorenean aritu da.

Buruz burukoan aurkari beldurgarria da Alonso, gainditzeko zaila eta aldi berean erasokorra. 33 lasterketa osatu ditu etengabe puntuak lortuz, eta zifra handiagoa izango zen Romain Grosjean frantziarrak (Lotus) Belgikako Sari Nagusian istripua eragin izan ez balu —espainiarraren autoaren gainetik igaro zen Grosjeanena—. Alonsoren sendotasuna bakarrik ez; Ferrari autoarena ere azpimarratu behar da, hori izan baita Red Bullekin duten lehian alde izan duten beste gako bat. Erregulartasun horrek eraman du espainiarra orain dagoen tokiraino. Lorpen hori are eta adierazgarriagoa da jakinik sailkatzeak ez direla izan haren arlorik indartsuena. Ferrariren gabeziak larunbatean nabarmentzen dira batez ere, itzuli bakarrean errendimendua lortu ezinda baitabil. Pneumatikoei etekina ateratzeko, itzuli batzuk gehiago behar ditu. Larunbateko sailkatze saioan desabantaila dena, ordea, onura bilakatzen da igandeko lasterketan, betiere beroketa itzuli horiek gainditu ondoren. Pneumatikoak freskoago iristen dira amaierara; horregatik, Alonsoren indarra azken itzulietan datza.

Erabat kontrakoa da Vettelen ibilbidea aurtengo txapelketan. Iaz goitik behera nagusitu eta gero, aurten ez zuen halako hasiera zaila espero. Ferrariren antzeko arazoekin eman zituen lehen itzuliak RB8 autoak. Lasterketa erritmo bikaina zuen, baina sailkatzean ezin zioten zuku guztia atera. Lehen lerrotik urrun ibili da urteko lehen zatian, eta ezinean ibili da Red Bullen agindupeko lurrak zirenetan. Ez zuten iazkoaren itxurarik ez taldeak, ezta gidariak ere. Halako egoera zailean alemaniarrak oraindik zer ikasi baduela agertu du, eta ez da harritzekoa tarte horretan Mark Webber haren taldekideak emaitza hobeak lortu izana. Red Bullek berak ere behin baino gehiagotan puntuak lortzea eragotzi dio, batzuetan autoaren hutsek eraginda eta bestetan erregai kalkuluen erruz.

Lehen erdian, autoa eta Vettel ez ziren goi mailan aritu; bigarren erdian, ordea, kontrakoa gertatu da. Irabazten hasi aurretik aldatu zen Vettelen jarrera eta joera. Belgikan, Alonsoren bertsiorik onena kopiatu zuen, eta hortik aurrera, oinarri hori utzi gabe, autoak larunbatetan topatu zuen abiadura ezin hobeto erabili du. Sailkatze saioetan indarra hartu du berriro, eta lasterketarako lana erraztu. Lehen ere erritmo ona zuten Red Bull autoek lasterketan, baina aurretik hasita, tropelean aritzeak dituen arrisku asko saihesten dira. Edonola ere, azken lasterketan, Abu Dhabin, bere erabakitasuna zein den argi erakutsi zuen, azken postutik ateratzeak ez zuela askorik mantsotu. Alonso buruz burukoan aurkari zaila da, baina Vettel are harrapari zitalagoa da.

Gidari izandako askok eman du egunotan iritzia, adieraztekobien artean nork merezi duen titulua gehien. Guztiek Alonsori meritu handiagoa onartu diote, haren autoa ez delako Red Bullena bezain ona. Gainera, espainiarrak aurten amaitu ez dituen bi lasterketa bakarrak beste gidariren batek eragindako istiluen ondorio izan dira. Lewis Hamiltonek (McLaren) berak ere babestu du Alonso, Vettel baino osoagoa eta finagoa delakoan. Hori baita1 Formula: gidari desberdinak auto desberdinak gidatuz. Zaila da egia guztia jakitea, Ferrari autoa lasterketan Red Bullengandik oso gertu baitabil. Vettelek duen arazoa askok izan dute lehendik ere: auto onenarekin irabazteak gidariari balioa kentzen dio, onena izanda ere. Biek merezi dute hirugarren titulua, eta ahal dela, Brasilen lortua, azken lasterketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.