Historia egitera
Osasunak gaur UEFAko final-laurdenetarako sailkatu nahi du, 87 urteko historian lehen aldiz
Osasunak gaur UEFAko final-laurdenetarako sailkatu nahi du, 87 urteko historian lehen aldiz
asier legarda-ereño
Iruñea
Azken boladan Osasunak ez du emaitza onik bildu Ligan, eta jaitsiera postuetatik urrundu ezinik dabil Jose Angel Zigandaren taldea. UEFA Kopaz behar bezala gozatzen ez die utzi horrek nafarrei; horregatik esan zuen Josetxo atzelariak herenegun, aukeran emanez gero, Rangersen aurkako kanporaketa gainditzea baino nahiagoko lukeela larunbatean San Mamesen irabaztea. Gaur iluntzeko partida, ordea, Osasunak Europako lehiaketa batean inoiz izan duen hitzordurik garrantzitsuena da. Eta Ligari garrantzi handiagoa ematean Josetxori arrazoirik falta ez bazaio ere, klubaren historiaren liburuan orrialde dotore bat idazteko aukera ez dute alferrik galdu nahi Zigandaren jokalariek. 1991-1992 denboraldian UEFAko txapeldun izan zen taldearen aurka, Amsterdameko Ajaxen kontra, amore eman zuten gorritxoek final-zortzirenetan. Gaur, Europan inoiz lortu ez duten balentria lor dezakete nafarrek, eta hori zelaian nabaritu egingo da.
«Osasunaren historian beste aurrerapauso bat eman dezakegu. Klubarentzat hazten jarraitzeko aukera bat da. Jokatzeko partida polita da, baina badakigu zer-nolako garrantzia duen ere», esan zuen atzo Zigandak, Taxoaren. Larraintzargo entrenatzaileak ez du ahazten bere futbolari ibilbidean ezagutu zituen bi klubek, bere bihotzeko bi taldeek, larunbatean San Mamesen jokatu beharko duten partida dramatikoa, baina Rangersen aurkako partida da orain, benetan garrantzitsuena: «Lehendabizi Rangersen aurkako partida daukagu, oraindik ezin dugu Athleticen aurkakoan pentsatu. Gutxien aritu diren eta ondoen ikusten ditudan jokalariak zelairatuko ditut Rangersen aurka», azpimarratu zuen Osasunako entrenatzaileak. Josetxok baino garaipen gose handiagoa ere erakutsi zuen Zigandak: «Aukera izanez gero, Glasgowko Rangersen aurka 0-0 berdintzea eta larunbatean San Mamesen Athletic mendean hartzea nahiko nuke».
Partidak zaleen artean eragindako ikusminak ere argi uzten du gaurkoa partida berezia dela. Glasgowtik etorritako zaleek aise agortuko dituzte osasunazaleek erosi gabe utzi dituzten sarrera apurrak. Nafarroako Erresumako harmailek egun garrantzitsuenetako itxura izango dute. Eta joaneko partidan erakutsi zuten nagusitasunak baikor izatera gonbidatzen du, gainera. Osasunaren web orrian egin inkestan, esaterako, zaleen %73k kanporaketa gaindituko dutela uste du. Eta baikortasuna ez da lagun txarra. Baina gehiegizko konfiantza, bai. «Azken hilabetean Rangersek galdu duen partida bakarra Israelen UEFAko final-hamaseirenetan 2-1 galdu zuena izan da. Historiagatik, ahalmen ekonomikoagatik, eta bere estatistikengatik derrigorrezkoa da Rangersi begirunea izatea. Kontu horiek guztiak bazterrean utz ditzakegu zelaian ondo arituz gero, Girondins aurka egin genuen, eta Rangersen aurka ere egin dezakegu, baina konfiantza handiarekin zelairatzea akats ikaragarria izango litzateke. Igandean Celtic bere zelaian nola menderatu zuten ikusi genuen, eta %100ean aritu beharko dugu», esan zuen Zigandak.
Entrenatzaile nafarrak badaki ez dela erraza izango joanekoan erakutsitako nagusitasuna berriro agerian uztea Nafarroako Erresuman: «Jokoari dagokionez, lehia orekatuagoa izango dela uste dut. Zaila da Glasgowkoa errepikatzea. Bi arrazoirengatik, guk han oso partida jokatu genuelako batetik; eta, bestetik, Rangersekoek ez zutelako euren benetako maila erakusterik izan».
HAMAIKAKO EZBERDINA. Entrenamendu zelaian erakutsitako hasierako hamaikakoa prentsa aretoan berresterik ez zuen nahi izan Zigandak; baina, dirudienez, Rangersek ez du joanekoan Glasgown zelaian aurkitu zuen aurkari berdina aurkituko gaur Iruñean. Atzealdea, esaterako, erabat ezberdina izango da; Glasgown Izquierdo, Cuellar, Miguel Flaño eta Monreal aritu ziren, baina itzulerako lehiarako igandean Valentziaren aurka jarri zituen atzelarien aldeko apustua egingo du Zigandak: Javier Flaño, Krutxaga, Josetxo eta Corrales izango dira hasierako hamaikakoan.
Euskarri postuan ere Ligako azken partidan jokatu zuen bikotearen aldeko apustua egingo du: Puñal eta Nekunam, eta berritasun nagusiak erasoan izango dira: hegaletan Azpilikueta gaztea eta Juanlu ariko dira, eta aurrelari lanak Webok eta Romeok egingo dituzte. Juanlu eta Webo hasieratik aritu ziren iragan astean Ibrox Parken. Joanekoan gola egiteaz gain maila bikainean aritu zen Raul Garcia, baina gaurko partida aulkian has dezake. Zalantza nagusia, dena dela, Raulekin duela onartu zuen Zigandak .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu