Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Hitzekoa da: esan eta egin

Joaquim Rodriguezek eroso irabazi du San Lorenzo de El Escorial gainean, eta, etapaz gain, lidertza ere eskuratu duGaur ere mendiko etapa izango da, eta bihar, 47 kilometroko erlojupekoa

jon eskudero
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Etapa eta lidertza. Garaipen batekin bi sari lortu zituen atzo Joaquim Rodriguezek (Katuxa), Espainiako Vueltako zortzigarren etapan, Talavera de la Reina eta San Lorenzo de Escorial artean. Bezperako egunetan emana zuen abisua kataluniarrak atzoko etapa berak irabaziko zuela. Baina bat esatea da, eta bestea, egitea. Rodriguezek, ordea, ongi zekien zer esaten zuen, eta hori ederki erakutsi zuen atzo. Jaun eta jabe izan zen, eta eroso gailendu zen. Azken kilometro gogorrean aurreko multzoan elkartu ziren faborito gehienak, baina bera izan zen indartsuena. Aldearekin, gainera. 500 metro faltan, erasoa jo eta bakarrik altxa zituen bi besoak helmugan. Bederatzi segundo atzetik sartu ziren gainontzeko faboritoak. Sailkapen nagusian 32 segundo ateratzen dizkio Rodriguezek Dani Moreno taldekideari, eta 34 Jakob Fuglsang (Leopard) hirugarrenari.

Bigarrenez nagusitu zen atzo Rodriguez aurtengo Espainiako Vueltari dagokionez. Lehen garaipena bosgarren etapan lortu zuen, Valdepeñas de Jaenen. Atzokoaren oso antzeko amaiera batean izan zen, eta han ere bakarrik iritsi zen helmugako marrara. Atzoko garaipenak, baina, gehiago poztu zuen: «Aspalditik begiz jota neukan etapa zen, eta izugarrizko ilusioa egin dit irabazteak. Dani Morenorekin etorria nintzen aurrez ezagutzera, eta orain badakit denbora ez nuela alferrik galdu», esan zuen kataluniarrak etapa amaitu berritan. Katuxaren lana ezin hobeto biribildu zuen.

Etapa, oro har, gogorra izan zen, aurreko egunetako nekeagatik eta, batez ere, bero handia egiten zuelako. Hiru mendate igo zituzten txirrindulariek, baina azken kilometrora arte ez zen deus erabakigarririk gertatu. Hainbat iheslari saiatu ziren tropela ustekabean harrapatzen, baina alferrik. Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi) ere saiatu zen, baina ez zuen zorterik izan. Baina aurreko egunetan baino itxura hobea eman zuena Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) izan zen. Faboritoekin batera ibili zen aldapan gora, eta seigarren helmugaratu zen. Mikel Nieve taldekidea ere ongi dago, Haimar Zubeldia (Radioshack) bezala.

Gaurko etapa Villacastin eta La Covatilla artean jokatuko da, 183 kilometrokoa. Mendian amaituko da, eta eguneko zailtasuna azken aldapa da. Erabakigarria gerta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.