Hitzordu historikoa

Tentsio latzeko norgehiagoka jokatuko du Realak gaur Anoetan, Celtaren aurka

XABIER LOPETEGI DONOSTIA
2007ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun


Tentsio latzeko norgehiagoka jokatuko du Realak gaur Anoetan, Celtaren aurka
xabier lopetegi

Donostia

Historikotzat jo daiteke gaur Realak Celtaren aurka Anoetan jokatuko duen norgehiagoka. Bati baino gehiagori lerroburua arranditsuegia irudituko zaio, beharbada adjektibo hori une gozoenetan baino ez delako erabiltzen, tituluak edo halako lorpenak jokoan daudenean. Hala ere, historiak galdutako batailez eta atal tristeez ere osatuta dagoenez, izenburu aproposa da, Realari gaur irabazi ezean zer gerta dakiokeen kontuan hartuta. Baikor begiratuta, ordea, beren estatusa aldarrikatu eta patua zirudienaren aurka matxinatzen jarraitu nahi duen talde baten historia idazteko aukera ere izango dute jokalariek. Euren esku dago.

Historikoa ez ezik, aspaldiko ezagunen arteko partida ere izango da, azken denboraldietan egoera esanguratsu askotan gurutzatu baitira Reala eta Celtaren bideak. 2002-2003an, esaterako. Hirugarrenez Liga txapelketa irabazteko aukera ezin hobea zuten txuri-urdinek orduan. Lider zirela jokatu zuten Balaidosen azken-aurreko jardunaldian, eta kementsu aritu arren, 3-2 galdu zuten. Hor egin zien ihes ametsak. Miguel Angel Lotina zen Celtako entrenatzailea. Zer irabazi ere bazuten galiziarrek, garaipenari esker lehen aldiz Txapeldunen Ligarako sailkatzeko pauso erabakigarria eman baitzuten.

Iragan sasoian ere azken-aurreko jardunaldian jokatu zuten elkarren aurka, oso bestelako egoeran. Celtak UEFA Koparako sailkapena ziurtatuta zeukan eta inongo presiorik gabe joan zen Anoetara. Realak, aldiz, puntu bat behar zuen derrigor mailari eusteko. Ondo hasi ziren gauzak, Prietok penaltiz sartutako gol batekin, eta Skoubok lasaitasunarena zirudiena sartu zuen gero, baina Baianok bi gol sartu eta uzkurtuta utzi zituen Anoeta eta Reala. Majo sufrituta eutsi zion emaitzari taldeak. Lortu izan ez balu, azken jardunaldian Espanyolen kontra jaisteko arriskuan izango zen. Jose Mari Bakerok madarikazio batean egin zuen aldageletarako bidea, tentsioa behin askatuta.

Gaur dute bi taldeek hirugarren hitzordua. Aurreko biak ez bezala, bata zein bestearentzat da hil edo bizikoa. Berdinketak ez die ezertarako balio. Beraz, neurri handi batean joko psikologikoa izango da partida, Lotinak lehen minututik irabaztera atera behar dela esan badu ere, burua hotz edukitzea ezinbestekoa izango delako. Irabazteko premia bezain handia izango da galtzeko beldurra. Zapiaren jokoaren tankerakoa izan daiteke; ikusi beharko da bietako nork erakusten duen zapia hartzeko, hots, erasora joateko ausardia, jakinda horrek izan dezakeen arriskua. Reala da etxean jokatzen duena, zaleen babesa daukana, eta lotsarik ez luke izan beharko ekimena hartzeko, baina defentsa ahaztu gabe.



LEHEN KOLPEA, ERABAKIGARRIA. Lehen kolpea jotzen duenak asko edukiko du irabazita. Realak giroa izango du alde, Anoeta gainezka egongo baita. Hitzordu historikoei dagokien bezala. Azken boladako ibilbideei erreparatuta ere, moralki indartsuago egongo da, azken bederatzi partidetatik bost irabazi baititu. Etxean, berriz, Bartzelonaren aurka baino ez du huts egin azken lau partidetan. Celta, berriz, inoiz baino okerrago dago, eta 2007an emaitza kaskarrenak lortu dituen taldea da Lehen Mailan. Deportivoren aurka Stoitxkoven debutean irabazi ondoren, gainbehera gelditzeko itxaropenarekin zegoen, baina azken lau partidak jarraian galdu ditu: gol bakarra sartu du eta zortzi sartu dizkiote.

Horrek guztiak, ordea, ez du garrantzirik izango baloia jokoan jartzen denean. Finala da gaurkoa, eta finaletan denetarik gerta daiteke. Lotinak badu non hautatu, Skoubo, Jesuli, Uranga eta Gerardo izan ezik beste 22 jokalariak jokatzeko moduan baitaude. Horietatik hemeretzi deitu ditu partida aurreko egonaldirako, Stevanovic tartean- Gorka Elustondok Reala B-rekin jokatuko du gaur-. Labaka eta Rivas, berriz, kanpoan utzi ditu Realeko entrenatzaileak. Mikel Gonzalez eta Garrido berreskuratuko ditu entrenatzaileak, eta Garitano ere hasieratik aritu ahal izango da, Espainiako Lehiaketa Batzordeak haren ---eta beste guztien- txartel horia baliogabetu ondoren. Savio kili-kolo ibili da, baina, ondo bidean, hasieratik jokatuko du. Badu Realak haren beharra, erasoko jokoan sakontzen itzala egingo dionik ez dagoelako taldean.

Defentsan espero dira aldaketak. Victor Lopezek eta Ansotegik nahi adina segurtasunik eman ez badute ere, egia da kontrarioen gol aukerak gorabehera emaitzak ez direla txarrak izan haiekin. Hegaletan daude zalantzak, bi postu betetzeko hiru hautagai baitaude: Garrido, Rekarte eta Estrada. Azken horrek ondo erantzun zuen Gimnasticen aurka, baina litekeena da entrenatzaileak zuhur jokatu eta Rekarte eskuinean eta Garrido ezkerrean jartzea. Aurrealdean, berriz, ezin da baztertu Diaz Zeriok Herreraren tokia hartzea. Argentinarra aukera ia guztietan egon zen azken partidan, baina asmatzea falta izan zitzaion, beste behin. Zelai erdian, azkenik, ez da aldaketarik handirik espero: ikusi beharko da Prieto aulkian uzten duen, azken partidan bigarren zatian eta fresko atera eta gero lan aparta egin zuela kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.