Hobekuntza ezin biribildu

Azken laurdenean Baskoniak ez du argi jokatu erasoan, eta finaletik kanpo geratu da

Jon Rejado.
2007ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Tau Baskonia 72

Real Madril 74

Tau Baskonia. Prigioni (12), Rakocevic (13), Vidal (4), Scola (15), Peker (2) -hasierako bostekoa-; Arslan (3), Erdogan (11), House (3), Teletovic, Splitter (9).

Real Madril. Tunceri (7), Tomas (6), Smith (3), Hervelle (2), Reyes (15) -hasierako bostekoa-; Sekulic (8), Jan Martin, Milic (6), Hernandez-Sonseca (8), Bullock (17), Raul Lopez (6).

Markagailua laurdenka. 21-19; 42-34 (atseden.); 60-57 eta 72-74.

Epaileak. Arteaga, Perez Perez, Perea. Hervelle, Splitter, Scola, Peker, Lopez, House, Teletovic eta Bullock kaleratu zituzten.

Azken laurdenean Baskoniak ez du argijokatu erasoan, etafinaletik kanpo geratu da
jon rejado

Gasteiz

Eskura izan arren, ezin. Kopako finaletik kanpo gelditu da. Berea duen nortasuna berreskuratu arren, azken asteetako zalantzak uxatu dituen arren, hobekuntza ezin izan du biribildu Baskoniak. Tentsio itzeleko lehia jokatu zuen Real Madrilen aurka, eta talde zuria izan zen azken minutuetan lasaien aritu zena. Sergi Vidalek azken aukera izan zuen irabazteko, baina partida aurretik galduta zeukan Tauk.

Kopa gustuko du Baskoniak. Ezin da zalantzan jarri. Malagakoan hobekuntza itzela izan du, azken asteetako taldearekin alderatuta. Partida hasi baino hogei minutu lehenago irratitik sumatu zen hori. Ivanovicek prentsaurrekoa ematen ari zela oihu batzuk entzun ziren gelan. Baskoniako jokalarien oihuak. Partida garrantzitsuetan kantxara atera aurretik adore hartzeko egiten dituzten oihuak. «Hori ezagutzen dut; Tauko oihuak dira», esan zuen Baskoniako entrenatzaile ohiak.

Adore hori partida hasterako gelditu zen agerian. Joan Plazak horren berri zuen, eta ezohiko taldea kantxaratu zuen bultzada hori gelditzeko. Bullock eta Raul Lopez aulkian utzi zituen, eta Marko Tomas eta Tunceri jarri zituen haien tokian. Ezin zuen Baskonia gelditu, ordea. Caja San Fernandoren kontra egin zuen hasiera ona errepikatu zuen. 7-0 aurreratu zen partida hasterako Scola, Rakocevic eta Scolari esker.

Real Madril ez da Caja San Fernando, eta azkar erantzun zuen. Lau minutuz ezin izan zuen erraz jaurti, baina Tauren defentsa apur bat lasaitu zen minutuak aurrera egin hala. Felipe Reyes eta Smith agertu ziren, eta oreka ezarri zuten markagailuan (7-6). Baskonia partidan guztiz sartuta zegoen, ordea. ACBko lehen itzuliko azken partidan ez bezala egin beharreko lana jakin bazekien. Luis Scola bilatu zuten saskipean, eta kapitainak ez zuen huts egin. Bederatzi puntu saskiratu zituen lehen laurdenean.



AULKIAREN GARRANTZIA. Bullock kantxa zapaldu zuenean egoera apur bat aldatu zen. Erasoan errazago jokatu zuen Real Madrilek, eta lehengoz berdindu zuen partida. Dena den, Joan Plazaren taldea ez zegoen eroso kantxan. Baloi gehiegi galdu zituen, eta ezin izan zuen aurrea hartu markagailuan. Tauk defentsa gogorra egin zuen minutu gehientsuenetan, baina ondorio txarra izan zuen horrek. Jokalari askok, batez ere pibotek, falta gehiegi pilatu zituzten. Splitter, Peker eta Vidal bi falta zituzten lehen laurdena bukatu aurretik.

Aulkia mugitu behar izan zuen Perasovicek, eta orduan lortu zuen Baskoniak jokorik onena. Scola aulkira joan zen, eta Erdoganek hartu zuen saskiratzeko ardura kanpoko lerrotik. Hamar puntura urrundu zen 8-0 partzial bati esker (31-21). Arslanek ere lan txukuna egin zuen gidaritzan, eta Housek lan bikaina egin zuen defentsan. Taldea erasoan sendo egon arren saskipean guztiz desagertu zen. Erasoko erreboteari eta barnekaldiei esker bidez Real Madrilek partidari eutsi zion. Baskoniarena zen erritmoa, ordea

Atsedenaldiaren ostean egoera apur bat aldatu zen. Raul Lopez eta Bullock agertu ziren, eta puntu bakarrean utzi zuten aldea (42-41). Dena den, azken pausua ematerik ez zuen izan. Ezin izan zen aurretik jarri markagailuan. Erritmoa ezar zezakeen jokalaririk ez zen agertu, eta tentsioak hartu zuen saskibaloiaren tokia. Faltak agertu ziren berriro joko nahasi horretan. Peker, Splitter eta Teletovic lau faltekin hasi zuten azken laurdena, eta Hervelle aulkian zegoen ordurako.

Tentsioak gaina jo zuen azken laurdenean. Jokaldi bakoitzean partida egon zen jokoan. Huts bakar batek neurketa desorekatu zezakeen, eta Baskonia izan zen huts gehien egin zuena. Ia lau minutu eman zituen saskiratu gabe, eta Real Madrilek ez zuen huts egin. 0-9 partziala lortu zuen orduan, eta finalera heltzeko pausu ezin sendoagoa eman zuen. Splitter eta Scola kalean zeuden ordurako, eta kanpoko lerroak hartu behar zuen saskiratzeko ardura. Ez zen hori gertatu, ordea.

Bateko jaurtiketei esker bi puntura gerturatu zen Tau, baina ezin izan zuen aldea txikitu.0-9 partzialean galdu zuen partida. Ivanovicek ezin izango du gaur entzun bere talde ohiaren oihua. Final handian.



BARTZELONA, SENDO (84-70). Bartzelonak liga hasiera kaskarra zuzendu dezake Espainiako Kopan. Titulu guztiak helburu dituen taldeak lehen finala jokatuko du gaur, Real Madrilen aurka (21:00, La2).

Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak atzo lortu zuen finalerako txartela, Joventuten aurka nagusitasunez irabazita (84-70). Bartzelonak orain arteko zalantza eta beldurrak uxatu ditu kopako partidetan. Izarrekiko menpekotasuna alde batera utzita multzoa osatu du, eta atzo hirugarren laurdenean zanpatu zuen Joventut. Bartzelonako lau jokalarik hamalau puntu baino gehiago sartu zituzten, eta denen artean aurkariak baino hamazazpi errebote gehiago hartu zituzten.Kontuan hartzekoa da Bartzelona dela ACBn errebote gutxien hartzen duen taldea.

Lehen zatia gogorra izan zen, orekatua, eta Joventut bi puntuko aldearekin iritsi zen atsedenaldira (38-36). Hirugarren laurdenean Bartzelonak hortzak estutu zituen defentsan. Joventuteko kanpoko lerroa kate motzean lotu zuen, eta eraso azkarrei esker hautsi zuen partida. Bederatzi minututan 6-25eko partziala lortu zuen (44-61, 29 min.). Joventut tartea murrizten saiatu zen azken laurdenean, baina ordurako beranduegi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.