Arrauna

Hondarribiak eta Oriok lehen kolpea eman dute

'Ama Guadalupekoa' ontzia izan da azkarrena Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian, baina 1,70 segundora du Santurtzi. Xanti Zabaletaren taldeak, aldiz, erakustaldi ederra eman du, eta Donostia Arraun Lagunak-i ia hamar segundo atera dizkio. Haizea eta itsaso mugitua daude iragarrita biharko.

jarraia201995.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko abuztuaren 14a
18:30
Entzun

Zarauzko Estropaden historian, lehen jardunalditik erabaki izan dira banderaren jabeak. Iazkoa da adibiderik berriena; Hondarribiak 21 segundo atera zizkion Cabori, itsaso haserre eta haizetsuan. Baina hori iraganeko kontua besterik ez da. Gaur jokatu da aurtengo lehen jardunaldia, eta, aurreko urtean ez bezala, biharko bigarren jardunaldian jakingo da zein taldek eramango duen bandera preziatua etxera (12:00, ETB 1). Hori bai, zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, bi oilarren artean izango da dema nagusia; zehazki, Hondarribia eta Santurtzi Eusko Label ligako lehen bi taldeen artean. Ama Guadalupekoa ontziak 1,70 segundoko aldea du Sotera-rekiko.

Ustekabean, bi talde horiek banderaren makila kareletik botatzen badute, Donostiarrak bizi jasoko du; Hondarribikoarengandik hamabi segundora geratu baita. Oriok ohorezko txandan egingo du arraun, bigarren txandatik aise nagusitu delako gaur, Zierbenaren kalterako. Oriotarrek Hondarribia baino hogei segundo motelago amaitu dute.

Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai ontziari abiadura ematekoak. Haizeak ipar-mendebaletik jotzen zuenez, lehenengo kaletik zihoazen taldeak leunago irteten ziren. Lehen txandan Isuntzak aurreneko kaletik egindako lan onari Oriok segida eman dio gero. Donostiarra joan da kale horretatik ohorezko txandan, eta ondo baino hobeto ekin dio lehen txanpari. Hondarribia hirugarrenetik eta Santurtzi bigarrenetik branka erakutsi nahian zebiltzan; Zierbenak, aldiz, bigarren kaletik uste baino gehiago sufritu du.

Lau ontziek Orioren denbora ontzeko zeregina zuten. Lehen ziabogan, behintzan, Donostiarrak soilik segundo bakarrean hobetu du, baina Hondarribia eta Santurtzi ez ziren aparte. Juan Zunzunegirenak zortzi segundora heldu dira.

Maniobraren ostean, Donostiarrak lehen olatua hartu eta hanka egin die Hondarribia eta Santurtziri. Lau segundora igo dute tartea, baina ez da gehiagora joan; Sotera eta Ama Guadalupekoa ontziak ere olatu gainean zihoazen. Batek jo eta besteak erantzun. Ontziak olatuaren zuloan ziren unean, arraunlariek presarik gabe arraun egitea funtsezkoa zuten, gero olatua behar bezala hartzeko eta gainean gehiago irauteko. Barruko ziabogetara gerturatzen ari ziren heinean, Hondarribiak estropada burua hartu du lehendabizikoz, eta talde hura izan da ontzia biratu eta maniobratik atera den lehena. Donostiarra eta Santurtzi bi segundora ziren, eta 11ra Zierbena. Orio ere zortzi atzetik zen une horretan.

Hirugarren luzean abiadura bertsuan joan dira Hondarribia, Santurtzi eta Donostiarra. Bi segundotan heldu dira azken ziabogara. Sotera traineruak hartu du lehen olatua, eta Hondarribiak soilik eutsi dio haren joaldiari, izan ere, Donostiarra zuloan geratu da. Gorka Aranberri Santurtziko patroiak bosgarren kalera joateko erabakia hartu du; Joseba Amunarriz Hondarribikoak, aldiz, bere kaleari eutsi eta atzetik zetozkion olatuak ongi zukutu ditu. Olatu bat aurretik ziren berdeak, baina Iker Zabalarenak ez dira erraz amore ematekoak. Biek ala biek azken txanpa ikusgarria egin dute, arraunzaleen gozagarrirako. Hondarribia helmugaratu da lehena, baina bi segundo ere ez dizkio atera Santurtziri.

Lehen txandan hiru ontzi aritu dira; Aresek itxialdian jarraitzen baitu. Isuntzak aise irabazi eta seigarren geratu da. Bigar bigarren txandatik arraun egingo du. Zarautz azken-aurrekoa izan da, eta Tiran hamabigarrena.

Zarauzko Estropaden 1. jardunaldia

1. Hondarribia 20.24,42
2. Santurtzi 1,70era
3. Donostiarra 12,08ra
4. Orio 20,92ra
5. Zierbena 32,04ra
6. Isuntza 33,94ra
7. Urdaibai 34,96ra
8. Ondarroa 37,54ra
9. Cabo da Cruz 45,88ra
10. Zarautz 52,44ra
11. Tiran 1.06,96ra

Eusko Label liga
1. Santurtzi 140 puntu
2. Hondarribia 132 pt.
3. Donostiarra 115 pt.
4. Zierbena 113 pt.
5. Orio 112 pt.
6. Urdaibai 100 pt.
7. Ondarroa 73 pt.
8. Cabo da Cruz 69 pt.
9. Ares 60 pt.
10. Isuntza 53 pt.
11. Tiran 41 pt.
12. Zarautz 32 pt.

Orio, nagusi

Sekulako estropada egin du Oriok gaur Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian. Xanti Zabaletak eta haren kuadrillak 9.94 segundoko aldearekin ekingo diote bihar bigarren jardunaldiari (11:30, ETB 1). Hasieratik amaiera arte nagusi izan dira oriotarrak, eta azken luzeko bigarren zatian aldeak nabarmen handitu dituzte. Nadeth Agirre San Nikolas traineruko patroiak ontzia bikain eraman du poparerako jardunean. Ligari begira, bestalde, Donostia Arraun Lagunak-ek eguna zertxobait txukuntzea lortu du; bigarren izan baita, eta, orain, puntu bakarrera du Orio. Donostiarra izan da gaurko estropadako hirugarren sailkatua, eta Hondarribia laugarrena. Horrenbestez, Ama Guadalupekoa ontziak jaitsierako kanporaketan aritu beharko du irailean.

Zoriak Donostia Arraun Lagunak eta Orio elkarren ondoan egotea ekarri du: Lugañene laugarren kaletik, eta San Nikolas hirugarrenetik. Haien ondoan, hurrenez hurren, Hondarribia eta Donostiarra aritu dira. Ipar-mendebaleko haizea zegoenez, lehenengo eta bigarrengo kaleek babes gehixeago zuten kanporanzko luzean. Hondoko itsasoa zegoen iragarrita, nahikoa ontzia bultzatzeko.

Semaforoa berde jarri orduko, Orioko arraunlariek eman dituzten lehen palakada azkarrenak, eta berehala hartu dute estropada burua. Donostiarra ere ez zen urruti, eta hasiera ona eman dio Jose Ramon Mendizabalen taldeak. Apurka-apurka, ordea, Oriok lehen postuari heldu dio, eta bigarren minuturako, Donostia Arraun Lagunak-ek Oriorekiko atzerapena esanguratsua izan du; lau segundokoa. Lau ontziak brankaz joan arren, Orio airean zihoan. Zabaletaren taldea zortzi segundoko abantailarekin heldu dira ziabogara, eta errenta ederrarekin atera dira.

Bigarren luzearen lehen minutuetan, lau ontziko patroiek euren kaleari eutsi diote. Oriotarrak arraunean luze eta presarik gabe zihoazen; minutuko 36 palakadako erritmoan. 800 metro faltan, Oriok Arrauni sei segundo ateratzen zizkion, bederatzi Donostiarrari eta 11 Hondarribiari. Olatuak ez ziren apartekoak, baina Agirre patroiak zuku ederra atera die. San Nikolas ontziko txopan eroso zihoan, trainerua gehiegi behartu gabe. Hirugarren kaletik zihoazen Juan Mari Etxaberenak, baina nahi baino atzerago. Arraunketatik erabat aterata, hamar segundoko galera zuten 300 metroren faltan.

Lehen postua erabakita zegoen ordurako, eta bigarrenari eutsi nahi zioten Arraunekoek; izan ere, Donostiarra gainean baitzuten. Zerogarren kaletik zetorren Torrekua, hondo gutxiago zegoenez, olatuak gehiago harrotzen baitziren. Amaieran, Oriok ez du aurkaririk izan, eta alde handiz nagusitu da Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian.

Zarauzko Estropaden 1. jardunaldia

1. Orio 11.06,62

2. Donostia Arraun Lagunak 9,94ra

3. Donostiarra 13,24ra

4. Hondarribia 14,46ra

Euskotren liga

1. Donostia Arraun Lagunak 36 puntu

2. Orio 35 pt.

3. Donostiarra 23 pt.

4. Hondarribia 16 pt.

KAE 1, KAE 2 eta ETE ligak

KAE 1 ligan Getariak aise irabazi du Castro Urdialesen (Espainia), eta igoerako kanporaketa gero eta gertuago du. Pedreña izan da bigarren, eta San Pedro hirugarren. KAE 2 eta ETE ligetakoak Zarautzen izan dute estropada. Gizonezkoetan, Busturialdea gailendu da, eta esku-eskura du igoera. Emakumezkoetan, bestalde, Tolosaldea nagusitu da, eta Hibaika Deusturen aurretik sailkatu denez, bigarren posturako lehia are gehiago estutu da. Bi ligak Castro Urdialesen izango dira bihar (11:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.