Hondorik gabeko zuloa

Baskoniak maldan behera jarraitzen du herenegun Lietuvosen aurka galdu behar ez zuen partida galduta

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Hondoa jo du Baskoniak. Arimarik gabe jokatzen ari da, nora ezean, eta garesti ordain dezakeen porrota jasan zuen izenez, izatez eta talentuz askoz apalagoa den Lietuvos Rytasen aurka. Mina ematen duen porrota. Khalid El Aminek azken segundoan sartutako hiruko ikusgarriarengatik, baina Baskoniak gaixo, jota jarraitzen duelako. Talde apalagoak handi egiten, lotsatzeko moduko defentsa penagarria eginez, zentzu eta ideia handirik gabe erasoan, eta une jakinetan taldeari patxadarik ematen ez dion lemazainik gabe.

Dusko Ivanovicen jarrera zalerik sutsuena arduratzeko modukoa izan zelako. Atsekabetuta, nekatuta, eraman behar duen ontzia eramateko ahalegin orok indarrik gabe utzi izan balute bezala. «Fedea daukat jokalariengan, batzuekin bai behintzat, eta haiek nigan ere fedea dutela uste dut, ez dakit», esan zuen prentsa aretoan. Horrek erakusten du Ivanovic lur jota dagoela eta jada ez dakiela zer egin taldeari bere betiko nortasuna, kemena, grina bueltatzeko. Egoerak bere kontroletik ihes egin diola sumatu du, eta hori oso berri txarra da.

Baskoniaren arazo zerrenda luzea da, baina horietako batzuk asko zigortzen dute taldea. Defentsan arazo asko ditu Baskoniak. 88 puntu Alacantek, 89 herenegun Lietuvosek. Ez dute piperrik ere defendatzen, begiradarekin ez bada, eta Baskoniak parean duen taldeko jokalari pare bat izartzen ditu. Asteazkenean gehiago. El-Amin, D. J. Strawberry eta Kenan Bajramovic nahierara aritu ziren Marcelinho Huertasek defentsan saiatzeko gogorik ez daukalako. Bajramovic bosniarrak ere mezu argia helarazi zion Mirza Teletovic herrikideari: «Nik ere badakit hirukoak sartzen, aukera ematen badidazu». Teletovicek defentsan duen zabarkeriaz gehiago hitz egitea alferrikakoa da, gehiegi hitz egin delako dagoeneko.

89 puntu! 26 lehenengo laurdenean, eta 34 laugarrenean. Nola da posible? Lietuvos entrenamendu baten tankeran aritu zelako. El-Aminek eta Strawberryk blokeo bat baliatu, eta jokaldia bukatu edo asistentzia bat eman Baskoniako jokalariek egindako laguntza ulertezinak lagun. Behin eta berriro. Bigun atzean, eta nora ezean erasoan. Hemezortzi baloi eman zituen taldeak, zazpi Baracek eta Batistak, baloiari poteak eta poteak ematen egoskortuta. Saskipean tokia egin ezinik, eta kanpoko lerroan ere komeriak. Logan galduta dago, eta burua beste nonbaiten dauka, ez Gasteizen. Olesonek feeling on hori galdu du, eta Fernando San Emeteriori ere nekatuta sumatzen zaio. Nemanja Bjelicak ez du jokatzen, eta Pape Sow lan ilunetarako bakarrik dago. Huertasek jokaldi asko bukatu behar izan zituen, sistemak ez direlako ateratzen, eta 11 asistentzia eman bazituen ere, gero eta nabariagoa da brasildarraren abiadurari eutsiko dion ordezko on bat behar dela.

Sailkapena okertu da

Porrota atzerapauso serioa da. Batez ere garaipenarekin sailkapena poltsikoan zuelako Baskoniak. Gaur-gaurkoz, Panathinaikosen aurka irabaztea ezinezkoa dirudi —greziarrek Unicajari irabazi zioten atzo—, eta horrek etxean Unicajari, eta Vilniusen Lietuvosi irabazteko beharra ekar dezake, Top16ko azken partidan. Bi helburu horiek ere ez dira samurrak, arabarrak zuloan sartuta daudelako, eta galdera ez delako bertatik noiz aterako diren, aterako ote diren baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.