Iaz Japonian gertatu bezala, Australiako Sari Nagusiko pole position-aren jabea nor den igande goizean jakingo da. Izan ere, irteerako ordena bi saioren denborak batuta osatuko da. Lehen saioa gaur korrituko dute, eta bigarrena bihar bertan, lasterketa baino lau ordu lehenago. Gidariek ez dute begi onez ikusi aldaketa; okerrago oraindik zaleek eta prentsak.
Bi saioetan gidariek itzuli azkar bakarra eman ahal izango dute, orain arte bezala. Baina larunbatetako denborek pisu zuzena izango dute ordena osatzerakoan, larunbatekoa eta igandekoa gehituta aterako baita denbora totala. Pedro de la Rosak, McLaren-Mercedes autoa ostiraletan gidatuko duenak, kritikatu egin zuen sistema «ikusleek kalkulagailu batekin egon beharko baitute sailkatze saioan». Beste zehaztasun bat ere bada: larunbatetako saioan nahi den erregai kopurua erabil daiteke, eta horregatik autoek hiru itzulirako bakarrik eramango dute erregaia. Ondorioz, itzuli oso azkarrak izango dira, azken bi urteetan faltan botatzen zirenak.Igandeko saioan, baina, lasterketa konfigurazioan osatu beharko dute sailkatzea, saio hori amaituta autoak parc ferme edo esparru itxi batean utzi beharko baitituzte, ukitu ezinik. Logikaz, igandeko denborek segundo bat edo bi segundo mantsoagoak izan behar lukete, erregaiaren zamak duen eraginagatik. Zoritxarrez, posible da gidari batek zirkuituko errekorra markatu larunbatean eta igandeko saioan huts bat eginez pole-a galtzea.Kazetariek ere euren haserrea erakutsi dute. Larunbatetako saioek ikusmin aparta sortzen zuten, hor erabakitzen zelako pole-a, eta orain hori galdu egin da. Guztia igandean jakingo da, eta, beraz, automobilismoan albiste nagusietako bat lasterketaren itzalean geldituko da, inolako indar mediatikorik gabe; nork jakin nahiko du zein gidari irten den lehen postutik, ia aldi berean lasterketa nork irabazi duen jakin badezake?
Horrek guztiak itzalean utzi du Minardik izan dezakeen arazoa. Izan ere, italiarrek ez dute garaiz eraiki auto berria, eta iazkoarekin korritu gura dute. Horretarako talde guztiek baimena eman behar diote, eta Ferrari nahiz RedBull aurka agertu dira, ez baitute onartzen aurtengo araudia betetzen ez duen autorik. Kontua da Minardik baduela aukera iazko autoari aleroiak aldatu eta 2005eko araudian sartzeko, baina Paul Stoddart jabea burugogor azaldu da. Gutxi dira hura bezain xelebreak.
Bien bitartean, apustu etxeak ixtear dira eta joera argia da; Schumacher da faborito nagusia, eta horretarako ez diote erreparatzen orain arteko probei. Ferrarik iaz izandako nagusitasun zabala nekez ezerezta daiteke hilabete batzuren buruan, eta podiumean izango dira igande arratsaldean seguruenik. Haiekin batera, Raikkonenenek, Montoyak, Alonsok eta Fisichellak elkar lehiatuko dute beste mailak betetzeko.Lasterketan pneumatikoak aldatu ezin direnez, boxetara sartzeko arrazoi bat gutxiago dute taldeek, eta horrek geldialdi gutxiago egite aldera bultza ditzake. Baina Ross Brawnek zehaztu zuen ez duela zertan hala izan beharrik, eta Ferrarik probetan egin dituen tanda motzek hiru aldaketa egingo dituztela adieraz dezake.
Honek ez du inor konbentzitzen
FIAk sailkapen saioen ikusgarritasuna aldatu nahi du, baina asmatu ezinda dabil. Bihar jokatuko dute denboraldiko lehen proba, Australiakoa, eta bihar arte ez da jakingo 'pole'-a nork lortu duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu