Cornella-El Praten jokatutako partidak aho zapore gazi-gozoa utzi du Athleticen. Jakinekoa da neurketa guztiek lagatzen dituztela gauza onak eta hobetu beharrekoak, baina badira batzuk gabeziak zein ondo egindako gauzak nabarmenago ikusteko aukera ematen dutenak. Talde zuri-gorriak defentsan egindako hutsak itsu batek ikusteko modukoak izan ziren, esate baterako. Hori ez da ona sasoi bukaeran sei aurrenekoen artean egon gura duen talde batentzat. Athletici erraza da golak sartzea. Defentsan huts handiak egiten ditu. Ligako lehen lau partidetan hamabi gol sartu dizkioten talde batek kezkatzeko arrazoi bat baino gehiago dauka. Eta kezkatuta daude, oso, jokalari zuri-gorriak. Orain arte gol gehien sartu dioten taldea da Athletic. Espanyol dago haren aurretik lehena: hamar gol sartu dizkiote.
Baina Espanyolen kontrako neurketak itxaropentsu izateko uneak ere izan zituen. Talde zuri-gorriak bere atea zaintzeko izan zituen arazoen neurri berekoa izan baitzen aurkariaren arean izan zuen eraginkortasuna. Berez, Athletic ez da gol asko sartzen dituzten horietakoa. Erasoan jokatzen duten futbolari gehienek ez dute golegile senik. Aukera on asko galtzen dituzte. Muniain, De Marcos, Susaeta, Isma Lopez, Toquero, Herrera eta enparauei lainotu egiten zaie ikusmena jokaldia amaitu behar dutenean. Baina badaude bi salbuespen: Fernando Llorente eta Aritz Aduriz dira. Ezin esan bi jokalari hauek golegile peto-petoak direnik. Ez dute Falcaok, Messik edo Cristiano Ronaldok golak sartzeko duten erraztasuna, baina talde gutxi daude ligan Athleticen pareko bi erdiko aurrelari dituztenak.
Llorentek sarera bidali zuen Cornellan ukitu zuen lehen baloia. Bada zerbait, ez baita erraza jokalariaren oraingo egoeran jokatzea. Aurrelari errioxarrak Athleticetik kanpo izan du burua uda guztian. Ez zuen espero bere gogoaren kontra taldean eutsiko ziotenik. 15, 20 edo 25 milioi euroren truke klubaren ateak zabaltzeko esperantza zuen. Baina gaur egungo gizarteak agintzen duenaren kontrako bidea hartzea erabaki zuen Josu Urrutiak, Athleticeko presidenteak. Zuzendaritzaren erabakiak egoera gaitzean utzi du futbolaria. Sekula larregi maitatu ez duen zaleak lehen baino amorru handiagoa dio orain. Bazkideak ez du ulertzen jokalariak Athletici ezetz esatea. Datozen lau denboraldiotan 4,5 milioi euro jasotzeko kontratu bati egin omen dio uko Llorentek. Gainera, nahiz eta zuzendaritzak esperantza galdu ez, erabakia behin betikoa dela dirudi.
Zaleen erreakzioaren zain
Zer egin, beraz? Klubean argi dute: Llorentek taldean jarraitzen duen bitartean aprobetxatu egin behar da haren gaitasuna. Eta hala egin du Marcelo Bielsak aukera izan duenean. Behin fitxaketak egiteko merkatua itxi denean eta jokalariak izterreko gainkarga bat gainditu duenean, jokatzen jarri du. Etxetik kanpo, tentsioa handiegia izan ez dadin. Eta futbolariak egoera baretzeko egin dezakeen gauzarik onena egin du: gola sartu. Erakutsi du azken lau urteotan batez beste hogei goletik gora sartu dituenari ez zaiola ahaztu bere lana egiten. Ez da aukera guztiak baliatzen dituzten horietakoa. Baina Athleticekin jokatu dituen 300 norgehiagoketan ehun goletik gora sartu ditu; 114, hain zuzen. Hau da, hiru partidatik behin sartzen du gola. Bada, Athleticeko elastikoa janzten duen bitartean orain arte moduan segitzeko asmoa agertu zuen Cornellan. Jarrera ona erakutsi zuen zelaian. Neurketa amaitu zenean esan zuen legez, hartzen duen bidea hartzen duela, «Athleticeko zalea» izango da. Bihar ikusiko da, talde zuri-gorriak Europako Ligako ligaxkako estreinakoan Hapoel Kiryaten aurka jokatuko duen partidan, San Mameseko harmailak sinistu dion ala ez.
Llorente jokatzen hastea berri ona da. Baina ez da berri txarragoa izan orain arte jokatu diren neurketetan inork haren falta sumatu ez izana. Horren errudun nagusia Aduriz da. Donostiarrak partida gutxi behar izan ditu Athleticek fitxaketa bikaina egin duela erakusteko. Beharbada, Llorente baino koska bat beherago dago. Haien kirol ibilbideko gol kopuruek argi eta garbi erakusten dute —Adurizek 28 gol sartu ditu Athleticekin 99 partidatan, hau da, lau partidatik behin sartzen du gola—. Baina Aduriz ona da. Athleticen maila hobetzen du. Ona da eta ondo hasi du denboraldia. Bost partidatan bost gol sartu ditu. Hori gutxi ez, eta taldeari izaera eta esperientzia ematen dizkio. Bielsak, jokalaria fitxatzeko ez eskatu arren, pozik egoteko arrazoi dauka. Orain, Llorenteren eta Adurizen ekarpenari esker, Athleticen ondoen beteta dagoen postua da erdiko aurrelariarena. Beste postuetan ez dago horrenbesteko talenturik. Pena da Bielsaren joko sisteman erdiko-aurrelari bakarrak daukala lekua. Beraz, ez da erraza izango biak batera jokatzen ikustea. Eta, hala bada, ez da seinale ona izango. Athleticen galtzen ari den seinale izango da.
Hor dagoen bitartean, baliatu
Fernando Llorente oraindik Athleticeko jokalaria denez, hura baliatzea da Marcelo Bielsak egin dezakeen onenaOrdezko bikaina daukala konturatu da entrenatzaile zuri-gorria: Aritz Aduriz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu