Regal Bartzelona. Rubio (8), Ingles (15), Grimau (7), Lorbek (11), Perovic (2) —hasierako bostekoa— Sada (2), Lakovic (3), Anderson (16), Morris (10), Vazquez (4) eta Ndong.
Bizkaia Bilbo Basket. Jackson (21), Warren (11), Mumbru (13), Banic (6), H. Sonseca —hasierako bostekoa— Fisher (4), Vazquez, Blums, Vasileiadis (14), Hervelle eta Mavroeidis (8).
Markagailua. 19-12, 42-30 (atsed.); 50-41, 68-68; 78-83 (luz).
Epaileak. Bertran, Perez eta Calatrava. Bartzelonako Rubio eta Ingles kanporatu ziztuzten
Bestelakoak. 4.990 ikusle Bartzelonako Palau Blaugranan.
Bilbo Basketek ACBko talde handien ateko aldaba jo nahi du sasoi honetan. Lauko Finala helburu duen taldeen elkarte txikian sartu nahi du. Horretarako pabiloi guztietan izan behar da lehiakor, eta atzo Bartzelonaren nekea baliatuz ustekabekoa eman zuen Palau Blaugranan. ACBra igo zenetik aurreneko aldiz itzuli zen pozik Bartzelonatik. Etxekoak leher eginda zeuden azken egunetako Euroligako bi partiden ondoren, eta Katsikarisek are gehiago estutu zituen. Bilboko Basketen aukerak puntu gutxiko partida batean zeudela esan zuen, eta hala jokatu zuen, hordagoa txikira joz. Minutuak pasa ahala Bartzelonaren indarra eta ideiak ahituz joan ziren, eta luzapenean eman zuen amore. Bi izan ziren borreroak, Jackson eta Vasileiadis; biek partida bukaera bikaina egin zuten, azken laurdenean eta luzapenean, eta, haiei esker, Bilbo Basketek lehen lauetan sailkatuta buka dezake jardunaldia.
Bartzelonaren nahia partida bukaera estua nola edo hala saihestea zen, baina Bilbo Basketek ez zion utzi. Nekea pilatzeko beldurrik, etxekoak indartsu hasi ziren (9-0), eta 42-30 iritsi ziren aurretik atsedenaldira. Katsikarisek, baina, partida trabatua nahi zuen, fisikoa, eta arnasa kendu zion Bartzelonari bigarren zatian. Hirugarren laurdenean zortzi puntuan utzi zuen iazko Euroligako txapelduna (50-41), eta, apurka, Bilbo Basket hurreratzen joan zen.
Freskotasunean alde handia zegoen. Gerturatu ahala, Bilbo Basket hazten joan zen, eta Bartzelonari laktatoa pilatzen joan zitzaion. Azken jabetzetan ez zen argi ibili; nekeak ez zion pentsatzen utzi, eta errenta kareletik bota zuen. Arauzko denborako azken jabetza Bilbo Basketek izan zuen (68-66), eta Jacksonek eroso zulatu zuen Bartzelonaren defentsa barnealdi batekin.
Luzapena martirioa zen Bartzelonarentzat, baina aurretik zen bi minutu falta zirela (75-72), Jacsonek eta Vasileiadisek barnealdi bana huts egin zuten eta. Orduan, Inglesek eta Andersonek hartu zuten etxekoen ardura erasoan. Eta Katsikarisen planak azken unean eman zuen fruitua. Hervellek saskiratze on bat gehitu zien bere 18 errebotei, eta Vasileiadisek hiruko bat gero (75-76). Puntu baten altxorra zuen Bilboko taldeak, eta bai ondo aprobetxatu. Jacksoni lehenbizi eta Vasileiadisi gero, eskumuturrak ez zien dardararik egin; bina jaurtiketa libre sartu, eta garaipena.
Regal Bartzelona 78. Bizkaia Bilbo Basket 83
Hordago txikira, eta irabazi
Bilbo Basketek partida baliotsua irabazi du luzapenean, Bartzelona liderraren etxean, defentsari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu