Horregatik begiratzen zieten

Xalak eta Barriolak nagusitasunez irabazi dute lehen partida, eta faborito izaera berretsi dute

Xala pilota eskuinez astintzeko zorian, atzo, Eibarko partidan. Atzean Ruben Beloki ageri da. G. GARAIALDE / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Zerbaitegatik begiratzen zituzten binakako txapelketaren aurkezpenean. Pilotariek bikote guztiak agertzen ziren txostena eskuetan zutenean eurek eragin zuten iruzkin eta iritzi gehien. Batek baino gehiagok argi eta garbi esan zuen faboritoak zirela. Asier Olaizolak zintzo onartu zuen grazia egin ziola bikote orekatuak zirela entzuteak Xala eta Barriola argazkirako elkarrekin ikusi zituenean. Agian Goizuetakoak atzokoa espero zuen. Izan ere, Astelenan, Xalak eta Barriolak txapelerako hautagai nagusietako batzuk direla berretsi zuten. Nagusitasunez irabazi zuten, eta ligaxkako lehen puntuak ez ezik, tanto alde txukuna ere lortu zuten.

Urteberri eguneko jaialdi klasikoa Bergaratik Eibarrera eraman du Aspek aurten, eta katedraleko ohiko ikusleek ez zuten partida onik ikusi. Bukaeran txistuak eta guzti entzun ziren. Orekarik gabeko lehia izan zen. Xalak eta Barriolak elkarrekin jokatu eta irabazitako hamabigarren partida izan zen, eta atzokoa zerrenda arrakastatsu horretako lehia erosoenetako bat.

Irabazleek oso ondo hartu zuten elkar, piloteoan nagusitu ziren une oro, eta aurkariak sufritzera behartu zituzten. Olaizolak eta Belokik lan egin zuten defentsan, eta meritu handiko tantoak jokatu zituzten, baina gehienetan ekimen ustela izan zen. Goizuetakoa saiatu zen partidaren norabidea aldatzen, baina ez zuen asmatu, eta zortzi hutsekin bukatu zuen. Atzeko koadroetan, berriz, Beloki sasoi onenean ez dagoela ikusi zen. Partida osoan bizkarra ikusi zion Barriolari, eta bost huts egin zituen.

Partida gaizki hasi zen. Lehen lau tantoak hutsak izan ziren, tartean Xalak saketik eginiko falta bat (2-2). Olaizolak, gero, dejada polita egin zuen zabalean, eta partida uste baino orekatuagoa izan zitekeela zirudien. Baina ez. Artekariek 100-30i eskaintzen ari ziren, eta, hala ere, oso denbora gutxi egin zuten zutik. Sakea hartu, eta Xala partidan sartu zen, eta bere erremateak aldea handitu zuen apurka (3-7).

Hurrengo tantoan Xala labaindu egin zen, eta hori izan zen gorriek hogei minututan egin zuten tanto bakarra, irabazleek hamahiru egin baitzituzten jarraian (4-20). Tantoz tanto ezina azaleratuz joan zen beteranoen aurpegian. Euren hutsek, hamar guztira, eta Xalak eginiko zortzi tantoek zuloa handiegi bilakatu zuten. Olaizola-Belokik eskarmentua badute, eta inork esan gabe badakite sasoia hartu ezean txapelketa gogorra izan daitekeela. Zorionez, hasi baino ez da egin, eta denbora badute hasiera zuzentzeko.

Eibarren eta Logroñon

Binakako txapelketako lehen jardunaldiko azken bi partidak gaur jokatuko dira, Eibarren (17:00, ETB1) eta Logroñon (17:00). Astelenan Irujok eta Merino II.ak Bengoetxea VI.aren eta Ruizen aurka jokatuko dute. Atzelari gazteak binakako txapelketan jokatuko duen lehen partida da. Adarragan, berriz, Titin III.ak eta Pascualek Berasaluze VIII.aren eta Apraizen aurka jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.