Iker Martinez eta Xabi Fernandez pozik agertu dira gaur Donostian, Bartzelona World Race belaontzi karreraren ostean eman duten prentsaurrekoan. Munduari itzulia eskalarik gabe eta laguntzarik gabe eman berri diote, eta bigarren postuan sailkatu dira. "Horrelako karrerak hasi aurretik hasten dira irabazten", esan dute.
Hilaren 5ean amaitu zuten karrera, belaontzian 95 egun, lurrera jaitsi gabe, egon ostean. Karrera hasi aurretik biek ere prestaketan egin zuten lana nabarmendu dute Martinezek eta Fernandezek. Horrelako abentura batean beharrezkoena esperientzia dela azpimarratu dute. Beraiek asko ez zutela onartu dute, baina 95 egun horietan asko ikasi dutela.