Lehen Mailako talde gehienek ondo ezagutzen dute elkar. Egun informazio asko dago aurkari guztiena. Baina hori gutxi ez, eta talde gehienak sarritan aritu dira elkarren kontra. Beraz, ez dago sekreturik euren artean. Talde horien artean gustukoak eta aurrean ikusi ezin dituenak ditu Athleticek. Batez ere etxetik kanpo jokatzen duenean. Arrazoi ezberdinak tarteko, Sadar, Molinon edota Sardinerora joatea egokitzen denean, irabazteko esperantza itzela izaten dute lehoiek. Aipatu zelaietan oso emaitza onak eskuratu ohi izan baitituzte. Edozein talderekin eta edozein egoeratan jokatzea egokituta ere, askotan bueltatu da talde zuri-gorria etxera puntuak irabazita. Baina kontrakoa gertatzen den zelaiak ere badaude. Nahi baino gehiago, gainera.
Sanchez Pizjuan da horietako bat. Gaur jokatuko dute han, eta esan ohi da Athleticek ez duela funtzionatzen Andaluziako zelaietan (Espainia): beroa, zelaien egoera kaskarra, harmailetako kontrako giroa; aitzakia asko erabili dira aipatu zelaietan egindako lan txarra eta eskuratutako emaitza negargarriak justifikatzeko. Kontua da Athleticek hemezortzi urte daramatzala Sevillaren etxean irabazi barik. Denbora asko da. Pentsa, zuri-gorriek azken garaipena eskuratu zuten egunean Josu Urrutia presidentea hasierako hamaikakoan zegoen. Beraz, jakina da egun elastiko zuri-gorria defendatzen duten futbolariek ez dakitela zer den Pizjuanen Athleticekin irabaztea. Berdinketa baliotsu bat edo beste eskuratu izan du talde bizkaitarrak, baina aspaldian ez da erabat gustura itzuli etxera.
Dena dela, azken urteotako emaitza txarren arrazoiak aurkitzen hasita, bat nabarmendu behar da beste guztien gainetik: Sevillak erakutsi duen jokoa, hain zuzen ere. Azken hamarkadan bere historiako urrezko aroa izan du Jose Maria del Nido presidenteak kudeatutako klubak. Sekulako jokoa egin duten goi mailako futbolariek jantzi dute Sevillaren elastiko zuria. Horregatik galdu du gehienetan Athleticek. Aurkaria hobea izan delako. Sevilla Athletic baino pauso bat edo bi aurrerago ibili delako aspaldian. Baina badirudi gauzak aldatzen ari direla. Athleticek urrats bat egin du aurrera. Sevillak, berriz, bat atzera. Egungo Sevilla talde ona da, indartsua. Baina ez du iragan hurbileko itxurarik ematen.
Caceres ona da, baina ez da Dani Alvesen mailara gerturatzen; Medel, Rakitic eta enparauak ere jokalari interesgarriak dira, baina oraingoz ez dira Poulsenek, Keitak edota Baptistak eman zuten mailara iritsi. Bestalde, sasoi onean jarraitu arren, Kanoutek ez dauka duela bizpahiru urteko freskotasuna. Norgehiagoka batean nabarmendu daiteke, baina ezin dio Ligak eskatzen duen erritmoari eutsi. Eta, hala ere, Txapeldunen Ligarako postu bat eskuratzeko borrokan egon daitekeen taldea da.
Asmo hori du behintzat Marcelino entrenatzaileak. «Azken jardunaldietan gola sartzea falta zaiela entzuten ari gara, baina, nire ustez, zelai erditik aurrera oso talde arriskutsua da. Hegal oso onak ditu Navas eta Perottirekin. Aurrean, berriz, Negredo, Kanoute eta denboraldion fitxatu duten Manu del Moralek jokatzen dute», adierazi zuen Iraolak. Begi bistakoa da Sevillak arma indartsuak dituela. Erasoko joko arriskutsu hori ahalik eta ondoen indargabetzeko jokatzeko era alda dezake Marcelo Bielsa entrenatzaileak.
Erdiko hiru atzelari
Bi aurrelari petorekin jokatzen duten kontrarioei aurre egiteko hiru erdiko atzelari erabali izan ditu argentinarrak. Hala egin zuen Malaga, Vila-Real edota Salzburgoren aurka. Gaur beste ahalegin bat egingo du. Baina bost atzelarirekin jokatzeak ez du esan gura Athletic eustera zelairatuko denik. Horrek ez du Bielsarekin balio. Ausart jokatuta irabaztea da helburua. Espekulazioak ez dauka lekurik Bielsaren taktikan. «Aste osoan lau atzelariko defentsa eta bostekoa landu ditugu. Beraz, ez dakit nola jokatuko dugun. Ausartak izango gara, eta aurrean min egiteko asmoa daukagu», esan zuen atzelari gipuzkoarrak.
Hamaikakoari dagokionez, San Jose eta Iñigo Perez dira entrenatzailearen apustuak zigortuta dauden Amorebieta eta Iturraspe ordezkatzeko. Erdilariarentzat azterketa gogorra izango da, berak edukiko baitu Ander Herrerarekin batera Sevillaren zelai erdiari eusteko ardura. Bestalde, bosteko defentsarekin zelairautz gero, De Marcos ezkerretik ariko da.
Hortzak erakusteko zelaia
Athleticek onenei aurre egiteko gai dela erakutsi nahi du gaur Sanchez Pizjuanen; hemezortzi urte dira ez duela han irabaztenBielsak hiru erdiko atzelarirekin jokatuko du, baina ez dio uko egingo erasoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu