Caja Laboral Baskonia. Marcelinho (2), Logan (5), San Emeterio (10), Teletovic (12), Barac (15) —hasierako bostekoa—; Ribas (5), Batista (2), Oleson (16) eta Bjelica (3).
Power Electronics Valentzia.Cook (2), Martinez (21), Richardson (11), Savanovic (10), Javtokas (6)—hasierako bostekoa—; Simeon (?), Listxuk (?), Navarro, Pietrus, De Colo (6) eta Fernandez.
Markagailua. 16-12, 34-30 (atsedenaldian); 52-51 eta 70-63.
Epaileak. Mitjana, Conde eta Perez Niz. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 9.000 ikusle inguru Buesa Arena pabiloian.
Ez zen partida biribila izan. Itaganeko gaitz batzuk errepikatu zituen Baskoniak, baina iraganean ez bezala, hortzak zorroztu zituen defentsan, eta aldats gora jarri zen partida irabazi zuen, talde bikain baten aurka. Valentziak Europako zortzi onenen artean eta ligako hiru onenen artean zergatik dagoen etrakutsi zuen, bi makulu sendo gabe arituta ere (Claver eta Augustine), eta Rafa Martinez eta Savanovicen eskutik, eroso jarraitu zion Baskoniaren arrastoa 37 minututan.
Baskonia gorabeheratsu aritu zen. Batzuetan ondo, besteetan ez hain ondo. Hiruko asko jokaldiak landu gabe egin ziren, prezipitazioarekin, baina taldea serio jarri zenean, hiruko horiek ondo bilatu zirenean, asmatu egin zuen taldeak. Baita bikoetan ere. Baracek partida dotorea egin zuen beste behin, 17 puntu pilatu eta Javtokas eta Listxuk erotzeraino. Hiruko lerrotik askok lagundu zuten. Teletovicek bi egin zituen, eta 11 jaurti, baina bi horiek, batez ere azkenekoa, erabakigarria izan zen, 68-63 aurreratu baitzen Baskonia.
Goraipamena merezi dute San Emeteriok hirugarren laurdenean saskiratutako bi hirukoak, Valentzia ihes egitear zela Martinez eta Richardsoen kalitateari esker. Baita azkenaldiak itzali samar zebilen Oleson ere. Alaskakoak 16 puntu pilatu zituen, hiru hiruko on, eta horietako batean falta behartu Rafa Martinezi. Olesonena izan zen partidako jokaldi erabakigarrietako bat 38. minutuan, Martinezi ikaragari zailduz arriskutsua izan zitekeen hirukoa. Ribasek ere loreak merezi ditu. Ez zuen puntu askorik saskiratu, denera bost, baina defentsan bikain aritu zen, hiru baloi berreskuratu eta Cook eta Nando de Colori oztopo serioak jarriaz beti.
Erantzun onik eman ez zutenen artean, Logan, Bjelica eta Batista. Uruguaitarraren beste partida txar bat da deigarriena, ez duelako partida on-on bat egiten, eta bi hilabete daramatzalako dagoeneko Gasteizen. Logan presaka aritu zen, eta Bjielicak apenas jokatu zuen. Bosniarrak, dena den, hotz samar hasi zuen partida, eta Ivanovicek aulkiko razio batekin esan zion, gaizki ari zela.
Barac, aldiz, egurrean hasi zen. Zortzi puntu, errenkadan. Defentsa jokoak aginduko zuela argi geratu zen lehen laurdeneko markagailua ikusita: 16-12. Batek kolpea jo, besteak erantzun, horrela ibili ziren atsedenaldia arte. 31-22 aurreratu zen Baskonia, baina 34-30 hurbildu zen berriro lan erditan. Valentzia indarrean bueltatu zen, eta Baskonia berriro 39-34 aurreratuta ere, Martinezk 11 puntu sartu zituen jarrian bere taldea 42-46 aurretik jartzeko.
53-55 ere aurreratu zuen kataluniarrak Valentzia, bere 19. puntua saskiratuta, baina jokaldi erabakigarria gertatu zen une horretan: Olesonek gauzatutako lau puntuko jokaldi bikaina. Baskoniak aurrea hartu zuen, eta aurreari eutsi zion. Valentziak 14 puntu bakarrik saskiratu zituen azken laurdenean. Baskoniaren defentsa onari esker.
Beste bi partida gaur
Gaur jokatuko dira beste bi euskal taldeen norgehiagokak. Lagun Aro eta Real Madrilen artekoa hasiko da aurrena (20.30), eta Bilbo Basketena ordu erdi geroago Alacanten. Lagun Arok Bilbon jasotako kolpe mingarria gainditu duen edo ez ikusiko da Ilunben gaur. Real Madrilen aurka ACB ligan jokatu dituzten partida guztiak galdu dituzte donostiarrek, baina sumendi batetan sartua dagoen taldea hartuko du. Messinak dimisioa eman zuen astebete atzera, eta ikusteko dago horrek kaltea edo onura egingo dion.
Bilbo Basketi dagokionez, laugarren garaipena lortzen saiatuko da errenkadan. Bizkaitarrek Bidorretak zuzentzen duen taldearen aurka jokatuko dute, jaitsiera postuak gertu dituela. Alacantek Bojan Popovic joko antolatzaile serbiarra fitxatu du sasoia bukatu arte, bere taldea osatzeko.
Caja Laboral Baskonia 70. Valentzia 63
Hortzak estututa
Baskoniak lan ona egin behar izan du defentsan Valentziari irabazteko, baina hirugarren da jada sailkapenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu