HERRI KROSAK

Hotzari aurre egiteko, korrika

Udazkenak kros herrikoiak ekartzen ditu Euskal Herrira, eta gehienak aurkeztu dituzte asteon

Erredakzioa
Donostia
2004ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Udazkenarekin batera hainbat kros herrikoi egiteko deialdiak hasten dira Euskal Herrian. Aste honetan bertan hainbat aurkeztu dira, eta horietan nagusiena, parte-hartzaile gehien izateaz gain entzutetsuena, Behobia-Donostia izango da. Atzo aurkeztu zuten proba hori, azaroaren 14an jokatuko da, eta iaz bezala, parte-hartzea mugatua izango da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gehienez 11.300 korrikalarik parte hartu ahal izango dute, iaz baino 100 gehiagok.

Izen ematea etzi zabalduko da, astelehenean, eta urtero bezala, hainbat modutan egin ahal izango da. Internet bidez izena emateko azaroaren 5a bitartean izango da aukera. Ohiko dendetan urriaren 22tik azaroaren 5era bitartean, salbuespen batekin. Izan ere, Baionako Peytavin Sports dendan egun bat geroago itxiko da izen-emate epea. Horretaz gain, nahi duenak Fortunaren egoitzan ere eman dezake izena, baina azaroaren 5a baino beranduago bada, hainbat gauza hartu beharko dira kontuan. Lehenik eta behin, parte-hartzea mugatua izanda, tokia izan behar dela. Bigarrenik, ohiko prezioa baino 4 euro gehiago ordaindu behar dutela izen-ematea azaroaren 11 bitartean egiten dutenek, eta 7 gehiago hurrengo bi egunetan. Beste guztiek 20 euro ordaindu beharko dituzte, urtero bezala kamiseta bat izango dute opari, eta txipa itzultzean 5 euro berreskuratu ahal izango dira.

-Euskal herriko maratoi erdia: Donibane Lohizune eta Hondarribia arteko VII. maratoi erdia jokatuko da datorren astebukaeran. Federazioak ofizializatutako proba da, eta hilaren 24an jokatuko da. Parte hartzeko 15 euro ordaindu beharko dira aurretik, eta 20 lasterketa egunean bertan. Horietatik bost lasterketa amaieran itzuliko dira, txipa itzultzean.

-artxandako igoera: Bihar jokatuko da, 10:30ean hasita. Bilboko udaletxe parean izango du hasiera, eta Guggemheim ondotik hiria Ibaizabalen behera egin ondoren, Artxandara igoko da. 9 kilometro eta zertxobait gehiago izango ditu probak, izen-emateak 6 euro balio du, eta gaur da azken eguna.

-Irun hiria krosa: Azaroaren 7an jokatuko da, eta kategoria guztietako lasterketak izango dira, alebinetatik hasi eta beteranoak arte. Hamaika lasterketa izango dira denera, Txingudi ikastolaren inguruetan, eta 10:00etan hasiko dira proba ezberdinak.

-lasarte BAi! krosa: Hilaren 31n jokatuko da, eta 10:30ean hasiko. Okendo plazan hasi eta bukatuko da. Antolatzaileek orduarekin kontuz ibiltzeko eskatu dute, izan ere, bezperan ordu aldaketa izango da. Probak 11 kilometro baino zertxobait gutxiago izango ditu, eta ibilbide laua izango du, gutxieneko prestaketa egiten duen edonork egiteko modukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.