Gutxienez 21 lagun hil ziren Txinako Gansu eskualdeko gune turistiko batean larunbatean egin zuten mendi lasterketa batean. Hala jakinarazi dute hango hedabideek. Aurreko egunean aurreikusi baino eguraldi kaskarragoa egin zuen larunbatean, eta lasterkariak ez zeuden prestatuta egoera horri aurre egiteko.
Lasterketan 172 korrikalarik hartu zuten parte. Gune menditsu batean 100 kilometro egin behar zituzten, baina bideari ekin eta gero bertan behera utzi zuten antolatzaileek, parte hartzaile batzuek hipotermia eta arazo fisikoak jasan zituztela ikusi eta gero. Altuera handiko gune batean berehala egin zuten behera tenperaturek, antolatzaileen arabera.
Txingorraren eta haize ufada indartsuen artean, desagertu egin ziren korrikalari batzuk larunbat eguerdirako, eta erreskate zerbitzuek igande goizeko zortzietan baieztatu zuten haietako hogei gutxienez hilda zeudela. Bi ordu geroago amaitu zituzten bilaketa lanak —ia 24 orduz jardun zuten—, eta hildako bat gehiago baieztatu zuten; denera, 21. 1.200 lagun inguru ibili ziren korrikalarien bila.
Gansuko Gobernuak baieztatu duenez, gainontzeko 151 parte hartzaileak salbu daude, nahiz eta haietako zortzik ospitaleratuta jarraitzen duten.
Aurreikuspen okerrak
Azaldu dutenez, 2.000 metro inguruan zegoen tarte batean 0 gradu inguruko tenperaturak erregistratu ziren larunbatean, eta lasterkariak ez zeuden horri aurre egiteko prestatuta. Arropa finekin abiatu ziren gehienak; izan ere, aurreko eguneko iragarpen meteorologikoek ez zuten aurreikusi halako eguraldia izango zenik. Bazekiten euria eta haizea izango zirela, baina ez horren tenperatura hotzak.
Lasterketa antolatzen duen Baiyin hiriko Zhang Xuchen alkateak doluminak helarazi dizkie hildakoen senideei, eta gertatutakoaren errudun sentitzen dela ere adierazi du.