Malagako biharamun gogorra 48 ordu luzatu izan balitz bezala ekin arren, Baskonia garaiz esnatu zen bigarren zatian, eta garaipen garrantzitsua lortu zuen Kanaria Handiaren aurka. Lehen 20 minututan egin zituen hutsak ikusi, aztertu, haietatik ikasi, ez errepikatzeko, eta lezioa ondo ikasita, joko biribila egin zuen garaipen erosoa lortzeko. 2-1 balantzearekin agurtuko du liga Baskoniak ia bi astez, ontzat emateko moduko marka.
Partida ikusi ez duenak garaipen erosoa izan zela pentsatuko du, baina ez zen horrela izan. Baskoniak Malagan erakutsi zituen gabeziak errepikatu zituen lehen 20 minututan. Pibot indartsu baten erreferentziarik ez, eta buruz buruko jokaldiei esker lortu zituen puntuak ia beti Ivanovicen taldeak. Ia gehienak kanpoko lerrotik. Baracek ez du buruz buruko jokaldirik bilatzeko berekoikeririk erakusten, eta taldekideek ere ez dute sobera bilatzen. Irtenbidea, erraza: jokaldiek beste lau jokalarientzat prestatzea. Olesonek zortzi puntu saskiratu zituen, eta Loganek ere sei, baina Baskonia orekarik gabe ari zen. Dena kanpotik, ezer ez saskipean, eta Kanaria Handiak neurria hartu zion.
6-10 eta 11-16 aurreratu zen aurrena, baita 17-18 ere lehen laurdenaren bukaeran. Baskoniak aurrea hartzen zuen tarteka, baina kanpokoek finkatzen zuten erritmoa. Puntu gutxiko partida, eta eraginkortasun handia hirukoetan. Jaycee Carrollek 12 puntu saskiratu zituen lehen zatian. Wallacek eta Bramosek ere ondo baliatu zuten Baracek alderik aldeko mugimenduak egiteko daukan zailtasuna, eta 9 eta 8 puntu lortu zituzten, hurrenez hurren. Atsedenaldian puntu baten aldea zeukan Kanaria Handiak: 35-36.
Bero-bero bigarren zatian
Aldagelan katarsia gertatu zen, eta, kantxan ikusitakoaren arabera, handi samarra. Baskonia zeharo itxuraldatuta bueltatu baitzen. Nahikoa izan ziren bizpahiru minutu horretaz jabetzeko. Arabarrek 8-0eko partziala lortu zuten hasi eta berehala, baina ez zen erasoko eraginkortasun hori izan garaipenaren gakoa, defentsako sendotasuna baizik. Gorriak ikusi zituen Kanaria Handiak eraso denetan, eta 13 puntu bakarrik saskiratu zituen hirugarren laurden osoan.
Baskoniak, berriz, eroso gauzatzen zituen erasoak. Ziur aski konfiantza irabazi zuelako bere defentsa eraginkorra izaten ari zela ikusita. Mirza Teletovicek bi puntu bakarrik saskiratu zituen lehen zatian, baina 25 punturekin bukatu zuen bere jarduna. Horietatik 13 hirugarren laurdenean sartu zituen, eta beste 10 azken 10 minutukoan. Bost hiruko saskiratu zituen bosniarrak, eta jardunaldiko bost jokaldi onenetan tokia izango duen jokaldi ikusgarri bat ere bai.
Ez zen ondo aritu zen Baskoniako jokalari bakarra izan. Loganek jokoa gidatzen ere adimentsua dela erakutsi zuen. Olesonek ere 11 puntu sartu zituen, eta Barac, pixkanaka-pixkanaka, zenbaki txukunak lortu zituen: 14 puntu. Hirugarren laurdenaren bukaeran partidan zegoen oraindik Kanaria Handia, 56-49, baina Baskoniak laugarren laurdena hasi eta berehala hautsi zuen norgehiagoka. Partida bukatzeko zortzi minutu falta zirela, 65-50 zegoen markagailuan. Akabo kanpoko taldearen ahalegin oro.
Baskoniak bere historia loriatsuko beste orri bat beteko du aste honetan. AEBetara joango dira gaur bertan, eta bi partida jokatu NBAko taldeen aurka. Birak zerikusi handiagoa dauka marketinarekin, Baskonia munduan barrena ezagutaraztearekin, taldearen joko bilakaerarekin baino. Itsasoz bestaldeko txangoan jokalariek zigor fisiko handiegia ez jasotzea litzateke onena.
C. L. Baskonia 82
Kanaria Handia 61
Caja Laboral Baskonia. Huertas (8), Pau Ribas (3), San Emeterio (8), Teletovic (25) eta Barac (14)-hasierako bostekoa-; Logan (8), Oleson (11), Bjelica (5) eta Florent Pietrus (2).
Kanaria Handia. Taurean Green (6), Carroll (23), Bramos (12), C. J. Wallace (10) eta Savane (2) -hasierako bostekoa-; Bellas, Jim Moran, Victor Baldo, Javier Beiran (2) eta Xavi Rey (6).
Markagailua laurdenka. 17-18, 35-36 (atsedena); 56-49 eta 82-61.
Epaileak. Amoros, Cortes eta Rial. Kanporaturik ez.
Bestelakoak. 8.000 lagun Buesa Arenan.
Hutsak ikusi, ikasi eta hautsi
Baskoniak 82-61 irabazi dio Kanaria Handiari, 20 minutu eskas eta 20 bikain jokatuz; 25 puntu lortu ditu Teletovicek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu