Gorka Iraizozentzat (Iruñea, 1981) ez da denboraldi erraza izaten ari. Athleticen dagoenetik une latz biri egin behar izan die aurre atezain nafarrak. Athleticen jokatu zuen lehen sasoian urte erdi egon behar izan zuen zelaietatik kanpo, lesio larri bat tarteko. Denboraldi honetan, berriz, kontratua luzatzea egokitu zaio. Guztien ahotan egon da. Zale zein hedabideek zorrotz aztertu dute haren lana. Eta, horren erruz, zenbait unetan zailtasunak izan ditu bizkar gainean zuen zamari eusteko. Izan duen presioaren ondorioz, bere mailako atezainek egiten ez dituzten hutsak egin ditu. Baina klubarekin akordioa lortu zuenetik aldatu egin dira gauzak —2015era arte luzatu du kontratua—. Lasaitu egin da eta hobeto jokatzen ari da. Sasoi hasieran baino askoz atezain seguruagoa da gaur egun. 30 urterekin, Athletici asko eman diezaioke oraindik.
Getafen eskuratutako puntuari balio handia eman diozue. Pozik zaudete.
Asko sufrituta eta lan gogorra eginda lortutako puntu bat izan zelako gaude pozik. Hala ere, guk nahiago genuke hobeto jokatu eta gutxiago sufrituta neurketak aurrera atera.
Partidako azken jokaldian sartu zuen gola Urko Verak. Zu haren atzean zeunden, errematatzeko prest. Ez da lehen aldia aurrelari batek egon behar duen lekuan agertzen zarena; San Mamesen Deportivoren aurka jokatutako partidan han zinen, adibidez. Golegileen sena al daukazu?
Erasora joan behar izan dudan bakoitzean errematatzeko aukera izan dut. Horrek badauka azalpena. Azken batean, aurrelariak izan ez arren, ohituak gaude baloia hegaletik jaurtitzen dutenean haren bila joatera. Horregatik, errazagoa egiten zaigu horrelako jokaldietan arriskua sortzea.
Golik sartu al duzu inoiz?
Ez, inoiz ez. Denboraldi honetan sartzeko zorian egon naiz birritan, baina gurago nuke gola sartzeko aukerarik ez izan. Seinale ona izango litzateke taldearentzat.
Alfonso Perez estadioan eskuratutako puntua baliotsua da, baina jokoa txarra izan zen berriz ere. Zergatik da horren makala Athletic etxetik kanpo?
Gainerako taldeak ere gure antzean ari dira. Etxean oso indartsuak dira. Talde guztiontzat da nekeza etxetik kanpo irabaztea. Denboraldia amaitu bitartean orain arte baino gaitzagoa izango da, gainera. Guztiok daukagu asko jokoan. Dena dela, azken jardunaldietan joko aldetik hobetu egin dugula uste dut. Baloia denbora gehiagoan izan dugu, eta, horri eskerrak, hobeto ari gara.
Athletic sailkapeneko seigarren postuan da orain. Denboraldi honetan ezin da Europan sartu barik geratu.
Ilusioz ari gara borrokatzen helburua lortzeko. Oraindik hilabete bi falta dira denboraldia amaitzeko, eta gogor egin beharko dugu lan onenen artean sailkatzeko. Taldeak konfiantza eta ilusio handia dauka.
Igandean Vila-realek jokatuko du San Mamesen. Juan Carlos Garridok zuzentzen duen taldea lan bikaina egiten ari da, baina, zuen antzera, etxean kanpoan baino sendoagoa da. Talde onek ere gaitz berbera dutela dirudi.
Real Madril eta Bartzelona bazter utzita, gainerako taldeok zailtasun handiak ditugu kanpoan jokatzen dugunean. Valentziari eta Vila-reali ere asko ari zaie kostatzen zaleen babesik ez dutenean puntuak lortzea. Talde guztiek asko estutzen dute aurkaria etxean ari direnean.
Vila-realmendean hartzen baldin baduzue Athleticek Txapeldunen Ligarako trena hartuko duela uste dute jarraitzaile askok. Ados al zaude?
Igandean irabaztea oso garrantzitsua da. Batetik, atzetik datozenei alde handiagoa ateratzeko balio diezagukeelako. Eta, bestetik, Vila-realek partida gogorrak dauzkalako sasoia amaitu bitartean.
Gustura zaude denboraldi honetan eman duzunarekin?
Bai, gustura nago. Denboraldia aurrera joan ahala, nekea nabari dut. Baina, era berean, sekulako ilusioa daukat taldeari bere helburua lortzen laguntzeko.
Kontratua luzatu zenuenetik lasaiago bizi al zara?
Bai. Guztien ahotan egon nintzen. Ez nuen lasai egoteko aukerarik izan. Behin kontratua sinatuta, pozik eta lasai nago.
Athleticekin negoziatzen ari zinen sasoian Lehen Mailako atezainek egiten ez dituzten hutsak egin zenituen. Presioak eragindako hutsak izan al ziren?
Futbolean ohikoak dira hutsak. Atezain, atzelari eta aurrelari onenek ere egiten dituzte. Hala ere, inguruak estutzen zaituenean nabaritu egiten da eta hutsak egin daitezke. Eta ni presiopean aritu nintzen. Hala ere, uste dut egoerari ondo egin niola aurre. Asko ikasi nuen.
30 urte bete berri dituzu. Atezainentzat adin ona da. Oraindik hobetu dezakezula uste duzu?
Badaukat zer ikasi, bai. Egunero ikasten da zerbait: taldekide berriek, behetik datozenek… beti dute gorengo mailan denbora daramagunontzat lagungarri izan daitekeen zerbait.
Denboraldiaren bukaeran lehendakaritzarako hauteskundeak egingo dira Athleticen. Dagoeneko hasi dira ekainean protagonista izan daitezkeenak hedabideetan agertzen. Kontu horiek taldearen jardunadi kalte egin diezaioketela uste al duzu?
Guk gureari erreparatuko diogu. Taldea batuta dago, eta badaki zer egin behar duen. Ez digu ezertan eragingo denboraldiaren amaieran hauteskundeak egotea. Gainera, klubaren beste arloetan lan egiteko prest daudenak orain arte eginikoa hobetzen ahaleginduko dira.
Gorka Iraizoz. Athleticeko jokalaria
«Hutsak? Presiopean aritzea nabaritu nuen»
Gorka Iraizozek aitortu du kontratua luzatu zuenetik «askoz lasaiago» ari dela. Errematatzerakoan erakutsi duen abileziaz galdetuta, atezainek ondo kokatzeko erraztasuna dutela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu