Arraroa izango zen batzuentzat; ikusgarria beste batzuentzat; ustezko izarren maila apalari begira egongo dira asko; Espainiako Vuelta Euskal Herrira itzuli izana goratuz edo salatuz ariko dira beste batzuk... Amaitu da hiru asteko eromena, eta ondorioak ateratzeko garaia da. Abuztuaren 20an egindako kinieletan ez ziren agertzen ez Juanjo Cobo (Geox), ez Christopher Froome (Sky). Baina bi horiek igo dira Madrilgo podiumeko lehen bi koskarik altuenetara. Igor Antonen (Euskaltel-Euskadi) ezina eta erakustaldia; Mikel Nieveren (Euskaltel-Euskadi) hamargarren postu bikaina; Angliruren epaia; gainsarien saltsa... Denetik izan du aurtengo Vueltak, txirrindularitza uzteko zorian egon zen espainiar beterano bat goratu duen Vueltak.
1. Coboren sendotasuna
Denis Mentxov eta Carlos Sastre ziren, hasiera batean, Geoxeko bi taldeburuak, baina herrenka ekin zioten biek Vueltari. Hogei segundo galdu zituen Sastrek Orihuelara bidean, bigarren etapan; 1.23 Mentxovek Totanan, hirugarrenean; beste 31 segundo Sastrek Valdepeñas de Jaenen eta 1.32 El Escorialen; 27 segundo Mentxovek Manzanedan... Kantabriako asteburu gogorrari ekin aurretik, sailkapenean zortzigarren zegoen Cobo, Wigginsekiko 1.27ra; Mentxov 17. postuan zegoen, 2.56ra; eta Sastre 25. postuan, 5.31ra. La Farrapona gogorrean eman zuen Cobok lehen kolpea, eta biharamunean, Anglirun, bigarrena, sendoena. Errepideak eman dio Cobori lider izaera. Peña Cabargan hanka sartzeko zorian egon zen espainiarra, erasoa jo ondoren Froomeri segitu ezinda geratuta. Baina bera izan da Vueltako indartsuena, itzuliaalde txikiz irabazi arren, historian izan diren alde txikienetan hirugarrenaz.
2. Izarren itzalaldia
Igor Anton, Joaquim Rodriguez (Katuxa), Vincenzo Nibali (Liquigas), Michele Scarponi (Lampre), Jurgen Van den Broeck (Omega Pharma-Lotto), Andreas Kloeden, Janez Brajkovic (RadioShack)... Izar festa polita zegoen Benidormgo irteeran, abuztuaren 20an, baina tantaka-tantaka erori dira denak. Urrutira joan gabe, etxekoak, Antonek, Sierra Nevadan bertan eman zuen amore, Vuelta hastearekin batera. Wiggins (3.) eta Mentxov (5.) soilik ibili dira hainbestean, baina gainerakoek ez dute eman euren mailarik. Guztien artean, Nibalirena izan da, agian, hutsegiterik nabarmenena. Hazita zebilen, eta Wigginsengandik lau segundora iritsi zen Kantabriako etapetara. Baina 2.06 galdu zuen La Farraponan gora. Ordutik arrastaka ibili da. Atzealdean ezinean ibili dira izar gehienak.
3. Skyren erabakiak
Esprintetan ez da seinale ona izaten talde bereko bi txirrindularik bigarren eta hirugarren amaitzea. Talde estrategian huts egitea esan nahi du emaitza horrek, oso indartsu egon beharra dagoelako aurre-aurrean sailkatzeko. Horixe gertatu zaio Sky taldeari. Wiggins taldeburu argi gisa hartuta ekin zion lasterketari. Manzanedan gora nabarmen geratu zen hori, Froome ezezaguna bete-betean aritu zelako Wigginsen alde lanean. Ordainetan, Coborekiko 27 segundo galdu zituen gero kenyar jatorriko britainiarrak. Anglirun gora ere ustezko taldeburuaren alde lanean aritu zen Froome, baina azken sei kilometroetan argi geratu zen Froome bera zela taldeko txirrindularirik indartsuena. Beranduegi zen, ordea. Wigginsen alde apustu eginda, talde estrategian huts egin du Skyk. Itxura guztien arabera, Vueltako garaipena zegoen Froomen hanka-zuztar horietan.
4. Gainsarien eztabaida
Marka da, baina 21 etaparen ondoren, Anglirun lortutako hogei segundoko gainsariari esker lortu du Cobok garaipena. Faboritoek erne ibili behar izaten dute gainsariak daudenean, baina azken emaitza ez da erabat erreala izaten. Erlojupekoetan ez da gainsaririk egon, eta hori da, agian, kritikagarriena. Edo beti, edo inoiz ez.
5. Euskal Herrira buelta
Hamazpi urteren ondoren, Espainiako Vuelta Euskal Herrian barrena ibili da aurten. Kirol irizpide hutsei begiratuta, arrakastatsua izan da apustua, Antonek ikuskizun aparta eman zuelako Elorritxuetan gora. Zaleek ere erantzun dute, errepide bazterrak lepo beteta egon direlako, Elorritxuetan bertan, Bilbon eta Urkiolan, bereziki. Baina Euskal Selekzoen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) eta hainbat eragilek Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu dute itzulia Euskal Herrian barrena ibili denean. Txirrindularitzari bai, inposiziorik ez, horixe izan da hainbat herritarren aldarrikapena. Javier Guillen Vueltako zuzendariari eskutitz bat ere eman zioten Martxel Toledok (ESAIT) eta Elena Gartziak (Bildu), elkarrizketa eskatuz. Urrutira joan gabe, Iruñetik abiatuko da hurrengo urteko Vuelta.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Hutsegiteen eta gainsarien Vuelta
Juanjo Cobok alde txikiz irabazi du Vuelta, inoizko txikienetan hirugarrenaz, Anglirun lortutako hogei segundoko gainsariari eskerFroome eta Wiggins podiumera igo arren, talde estrategian huts handia egin du Skyk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu