Ia berrirotik hasi behar

Jarraian galduriko azken lau partidetan, Athleticek xahutu egin du atzetik zituen aurkari zuzenekiko abantailaEuropako porrotak eta neguko merkatuko fitxaketek mesede egin diote ligan Sevillari

David Lopez, atsekabetuta, aurreko astean Valentziaren aurka San Mamesen galdutako partidan. Erdilaria hasieratik ariko da gaur. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Hogeita zazpi jardunaldi behar izan ditu Athleticeko jokalari batek finala berba erabiltzeko. Carlos Gurpegik aipatu zuen, joan den ostegunean. Ligako lehen heren biak jokatu arte itxaron behar izan dute Lezamako prentsa aretoan biltzen diren kazetariek futbolean sarritan erabiltzen den hitz garrantzitsu hori entzuteko. Ez da seinale txarra, zenbat eta goizago entzun orduan eta okerragoa baita erabiltzen duenarentzat. Andosillakoaren esanetan, Sevillaren kontra jokatuko du talde zuri-gorriak sasoiko lehen partida erabakigarria. Ez da azkena izango. Hil edo bizikoa izan edo ez izan, inork ez du zalantzan jartzen Sevillaren kontrako norgehiagokan asko dagoela jokoan. Sailkapeneko 6. eta 7. sailkatuek neurtuko dituzte indarrak, hurrengo denboraldian Europan jokatzeko hautagai nagusietako bik, baina gaur bietako bat galtzaile aterako da.

Lehoientzat balio handia daukate jokoan dauden hiru puntuek. Lau partida jarraian galdu ondoren, ezinbestekoa da garaipenaren bidera bueltatzea. Galtzeak ez dio inori mesederik egiten. Baina lau neurketa bata bestearen ostean galtzeak eragina izan lezake jokalarien konfiantzan. Athleticeko jokalariek, bestelakorik esan arren, lau kolpeak nabaritu dituzte. Ez dakite zer gertatu den denbora gutxian bolada bikaina bukatzeko eta oso txar bat hasteko. «Guk duela hilabete bezala jokatzen dugu», adierazi zuen Toquerok. Hala bada, ez da nahikoa izan. Gainera, Bartzelonaren eta Valentziaren kontra gauzak ondo egin ostean, azken partidak aho zapore garratza utzi du. Athleticek ez zuen ondo jokatu Zaragozaren aurka.

La Romaredan egindakoa lehenbailehen ahaztea komeni da. Horretarako, neurketa on bat jokatzea eta, batez ere, hiru puntuak lortzea da errezetarik onena. Baina Sevillak ez du aurkaririk aproposena ematen. Gregorio Manzanoren taldea zulo beltz handi batetik ateratzen ari dela dirudi. Oso denboraldi gaitza eta gogorra izaten ari da onenekin lehiatzera eta txapelketak irabaztera ohitu den taldearentzat: Luis Fabianoren auziak, Navasen lesioak, jokalari beterano batzuen eta fitxatutako askoren sasoi txarrak… gauza askok eraman dute Sevilla eurek espero zuten baino itxura txarragoa ematera. Hala ere, talde ona da. Jokalariak banan-banan hartuta, txapelketako lauzpabost onenetakoa. Eta hasi da berriz ere bere mailaren berri ematen. Azken jardunaldietan emaitza onak eskuratu ditu, baliabideak dituen talde bat edozein momentutan esna baitaiteke. Eta Sevillak baditu. Badirudi Europako Ligatik kanpo geratzeak mesede egin diola Espainiako Ligan. Taldean pisu handia duten zenbait jokalarik atsedenaldi gehiago dituzte orain eta askoz ere hobeto jokatzen ari dira. Bestalde, neguko merkatua ere ondo baliatu duela dirudi: merke eta ondo fitxatu du. Sevillako kirol zuzendariek berretsi dute badakitela zerbait. Rakiticekin eta Medel txiletarrarekin bete-betean asmatu dutela dirudi. Zelai erdi sendoagoa du orain Manzanok.

Sevillak duela hilabete bi baino errespetu handiagoa ematen du. Hala ere, Athleticek ez du jokatzeko era aldatuko. San Mamesen emaitza ona ekarri dion jokoan ahaleginduko da berriz, «Ez Sevillak, ez beste inork ez du mendean hartzen Athletic intentsitatean. Gure arma nagusietako bat da», esan zuen Toquerok. Grina handiarekin jokatzeak ez du Athletic itsutu behar, ordea, talde handien kontra neurketak luze egin zaizkiola ikusi baita sasoi honetan. Beraz, indarrak neurtzerakoan ere asmatu egin beharko du. Athleticek nola jokatuko duen argi dago. Zein jokalari arituko diren, berriz, ez dago horren garbi. Iraizoz eta Iraola gripeak jota egon dira. Hasiera batean, jokatzeko moduan egongo direla dirudi. Gurpegik ere ez du kale egingo. Belauna ondo dauka, eta haren ekarpena garrantzitsua izango da euskarrian. Koikilik, David Lopezek eta Muniainek ere berriro jokatzeko aukera dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.