Futbola

Iñaki Badiolak "Reala lehiakorra" nahi du

Gaur aurkeztu ditu presidente izateko hautagaitza eta proiektua. "Realak Bigarren Mailan segitzen badu, zortzi hilabetean desagertu egingo da", esan du, eta lehen taldean aldaketa handiak egingo lituzkeela iragarri du. Abenduaren 3an izango dira hauteskundeak.

2007ko azaroaren 27a
16:50
Entzun
Gaur aurkeztu du Iñaki Badiolak bere hautagaitza Realeko Administrazio Kontseiluaren jabe izateko, eta kluberako daukan proiektuaren berri ere eman du, Donostian. Leloa, Erreala primeran. Asmoak, asko. "Baina Realak [Espainiako] Bigarren Mailan segitzen badu, zortzi hilabetean desagertu egingo da", esan du hotel batean, hedabide askoren aurrean.

Realak maila igotzeko, "puntako" hiru edo lau jokalari fitxatu nahi ditu. baina 2006ko otsailaz geroztik ehun jokalari baino gehiagorekin hitz egin duela esan du. "Maila oneko" entrenatzailea ere ekarriko luke, eta klubak beste kirol arduradun batzuk lituzke.

Txinako enpresa talde bat dauka atzean Badiolak eta, berak lortuko balu abenduaren 3an hauteskundeak irabaztea, Kontseiluan leudekeen zortzi kideetatik -"enpresariak denak"-, haietako bat txinatarra litzateke. Berea ez ezik, bosten izena eman du: Beatriz Ugarte, Iñaki Iraola, Jorge Fernandez, Iñaki Soto eta Feng Bai Ye-rena. Hautagaitza 26 lagunek osatuko dute -23 gipuzkoarrak dira-, eta Jon Loidi, Javier Herrero, Alberto Santos, Txomin Andonegi, Inmaculada Zuzuarregi, Javier Barrera, Juanjo Bueno, Jose Manuel Vicente eta Monica Fanlo dira haren kolaboratzaileetako batzuk.

Realaren estadioaren izena aldatu egingo litzateke: 'Anoeta estadioa' deitu ordez, 'Beijing 2008 Arena', hurrengo urtean Txinako hiriburuan Olinpiar Jokoak izango direla-eta. Etekin ekonomikoa lortzearren dena.

"Azken batean, Reala lehiakorra nahi dugu, ilusioa sortzen duena, eta Donostiaren, Gipuzkoaren eta Euskadiren izena munduan zabalduko duena", adierazi du Badiola presidentegaiak. "Realak krisi estrukturala dauka eta horregatik aurkeztuko gara. Realaren gaur egungo egoera ekonomikoa bideraezina da Bigarren Mailan".

Aurrez, baina, klubaren diru kontuak ikusi nahi ditu. "Bestela, ez gara sartuko". Gaurko "zulo" ekonomikoaren erantzule egungo zuzendaritzakideak egin beharko lirateke, Badiolaren ustez. Hauteskundeak irabazten baditu, akzioen %35 eskuratzeko asmoa du.

Badiola da oraingoz hautagaitza aurkeztu duen bakarra. Gaur egun Kontseiluan daudenek esana dute ez direla berriro aurkeztuko.

Donostiarra da Badiola, gaztelania eta ingelesa hitz egiten ditu, eta alemanieraz eta txineraz ere moldatzen dela dio. "Euskara da nire helburuetako bat", adierazi du gaur.

Argazkian, Iñaki Badiola, gaur, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.