Joan den igandean Iñaki Lejarreta txirrindularia harrapatu eta hil zuen auto gidariak positibo eman zuen alkohol eta droga maila neurtzeko frogan, Ertzaintzak baieztatu duenez. Hain justu, drogan eman du positibo. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak erantsi du positiboa bateragarria izan daitekeela sendagaien bat hartu izanarekin.
Igandean hil zen Lejarreta, N-634 errepidean Iurreta parean, entrenatzen ari zela. Renault Clio auto batek jo zuen 09:30 aldera, eta larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten 29 urteko txirrindularia onik atera.
Omenaldia egingo diote Lejarreta zenari datorren igandean. Bilbotik, Guggenheim inguruetatik abiatuko dira bizikletan, eta Iurretaraino, istripua izan zen lekuraino, joango dira.