Iñaki Otxoa Olza mendizalea (Iruñea, 1967) atzo hil egin zen Annapurnan (8.091 metrora), 7.400 metrora, bost egunean ondoezik egon ostean, eta haren sendiak eskerrak eman ditu jasotako "laguntzagatik eta animoengatik". Prentsa oharra atera du, "lehen eta azkena". Ekaitza sartu da mendian, eta erreskate lanetan parte hartu duten mendizaleei ahal bezain laster jaisteko eskatu die Otxoa Olzaren sendiak.
Mendizalea "sanoa, argia eta alaia" zela dio familiak, eta Annapurnan arazoak izan dituenean "gizartean elkartasuna" sortu dela. "Iñakiren alaitasuna behin ere ez dugu ahaztuko, eta espero dugu haren bizitzeko estiloa besteentzako balekoa izango dela".
Iñaki Otxoa Olzari garuneko lesio larriari biriketako edema gehitu zitzaion, eta arnasa hartzeko zailtasunak ezin izan zituen gainditu, erreskatea koordinatzen aritu den taldeko Koldo Aldazek jakinarazi zuenez. Ueli Steck ostegunean iritsi zen Annapurnako laugarren kanpalekura, eta haren aldamenean eman zuen azken hatsa mendizale iruindarrak. Steckek eman zizkion sendagaiek Otxoa Olza piztu egin zuten lehen unean, baina egun asko egin ditu altueran, eta ezin izan zion eutsi.
Hilotza Annapurna mendiaren hegoaldeko horman geratuko da, betiko. Horixe zuen borondatea mendizaleak, eta senideek ere hori bera eskatu zuten atzo, erreskate lanetan parte hartu duten mendizaleak menditik onik jaistea baita orain helburua.
Une honetan Iñaki Otxoa Olzari lagundu asmoz joandako 14 mendizale daude Annapurnan, sakabanatuta. Goialdean elurte handia izan zen atzo, eta behealdean lainoa mendizaleen lana zailtzen ari da. Atzo arratsaldean Stickek Otxoa Olzaren gorpuaren ondoan jarraitzen zuen, 7.400 metrotan, eta III. kanpalekuan zeuden Denis Urubko kazakhstandarra -gaur IV. kanpalekura igotzeko asmoa dauka Sticki jaisten laguntzeko-, Alexei Bolotov errusiarra eta Don Bowie kanadiarra. Ondo bidean, bi horiek gaur goizean hasiko dira jaisten.
Otxoa Olzaren heriotzaren berri izan ostean, hirugarren talde bat II. kanpalekutik oinarrizko kanpalekura bidean zen atzo. Szymczak mediku poloniarra, Gavan errumaniarra eta lau sherpa zeuden II. kanpaleku horretan, 6.200 metrotan. Hain zuzen ere, oinarrizko kanpalekuan daude dagoeneko Simon Anthamattenn suitzarra eta Horia Colibasanu Otxoa Olzaren ondoan egon den errumaniarra.
Igandean emango diote azken agurra mendizale iruindarrari, Iruñeko San Migel Elizan, arratsaldeko seietan.
Mendia
Iñaki Otxoa Olzaren sendiak eskerrak eman ditu jasotako laguntzagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu