Finalerdiak gainditzeko, hiru set behar izan zituzten batak zein besteak. Txapelketa osoan set bakarra galdu gabe iritsi da finalera Rafa Nadal, atzo Novak Djokovic menderatuta, bi ordu eta hogeita zortzi minutuan (7-5, 6-4 eta 6-2). Djokovic amaieraraino borrokatu zen, baina ezin izan zuen Nadalen kontzentrazioa gainditu. Lehenengo setean , 5-2 aurretik zihoalarik, apur bat nahastu, eta seta galtzekotan izan zen Nadal. Hortik aurrera, gero eta gehiago sartu zen jokoan, eta Djokovic baino gehiago zela erakutsi zuen.
Beste finalerdian, Roger Federerrek mendean hartu zuen Nikolai Davidenko, hiru setetan (7-5. 7-6 eta 7-6). Davidenko errusiarrak ez zituen probestu suitzarrari min egiteko aukerak, ez zuelako bere aukeretan gehiegi sinesten, antza. Fin ibili zen Federer une erabakigarrietan, eta hala poltsikoratu zuen finalerako txartela.
Gogor atera zen Davidenko. Sakean ziur, errestoan sendo, pilotak lerroetara zorrotz bidaliz, eta suitzarra batera eta bestera mugiaraziz. Federerren sakea apurtzea lortu zuen, baina ez zituen aprobetxatu hura hondoratzeko aukerak. 4-2 bere alde zuela, Davidenkok sakea hausteko hiru aukera alferrik galdu zituen. Orduan, Federerrek estu hartu zuen. Jokoa nabarmen hobetuz aldea murriztu, eta lehenengo seta eskuratu zuen.
Alderantzizko ibilbidea izan zuen bigarren setak, baina amaiera berdina. Federer hasi zen nagusi, Davidenko ahul hasi baitzen. Baina errusiarrak jokoa irauli eta tie-break egitea lortu bazuen ere, suitzarra nagusitu zen berriro. Hirugarrenean, antzeko istorioa errepikatu zen. Davidenkok aldea hartu, eta seta bereganatzera zihoanean, Federer agertu, eta kolpe bikainez finalera sartu zen.
Heninen esperientzia, Ivanovicen borondatearen aurka
Justine Henin da faborito nagusia txapelketa irabazteko, aurreko biak bereganatu baitzituen. Belgikarrak ez du ia aurkaririk izan lur harrotuan, eta aurten Roland Garrosen inork ez dio setik irabazi. Gaurko finala irabazten badu, hiru aldiz jarraian Roland Garros irabazi duen jokalari bakanetakoa izango da, Monica Selesek 90eko hamarkada n egin zuen bezala.Baina txapelketan ustekabea emandakoa izango du aurrez aurre: Ana Ivanovic. Tenislari serbiarrak 19 urte ditu, eta 1,83 metroko garaiera. Ez du entrenatzaile finkorik, askatasun handiagoa izateko, eta inoiz ez da Grand Slam bateko final-laurdenetatik haratago joan. «Badakit onenaren aurka jokatuko dudala, baina aukerak izango ditudala ere badakit. Aukera horiek baliatzea izango da nire lana». Hala adierazi zuen Ivanovicek atzo. Final bizia espero da, beraz, gaur 15:00etan Parisen.