Txirrindularitza

Iaz bezala hasi du giroa Savoldellik, maglia arrosa soinean duela

Iaz irabazi egin zuen Giroa eta gaur maglia arrosa jantzita hasi du Savoldellik aurtengoa. Paolo Savoldelli nagusitu da Belgikako aintzin-etapan 7 minutu eta 50 segundoko denborarekin. Gainerako faboritoen arteko lehia estua izan da: Bassok 8 minutu eta 13 segundo behar izan ditu, Cunegok 8 minutu eta 15 segundo eta Simonik, berriz, 8 minutu eta 16 segundo.

2006ko maiatzaren 6a
19:06
Entzun
Discovery-Channeleko txirrindularia sasio betean egongo ote zen zalantza zuten askok. Izan ere, duela hamar egun Romandiako tourrean aitzin-etapa irabazi bazuen ere, froga utzi zuen gastroenteritisak jota. Gaur sasoitsu dagoela erakutsi du. Hala ere, etapa amaieran adierazi duenez, Savoldellik berak ez du uste Giroa irabazteko hautagaia denik. Izan ere, lasterketa beretzat gogorregia dela iritzi dio. Lan txukuna egiten saiatuko da.

Euskaldunak ere ondo ibili dira gaurko erlojupekoan: Juanma Garatek, Patxi Vilak eta Imanol Erbitik 8 minutu eta 26 segungo behar izan dituzte 6,2 kilometro egiteko.

Erakargarria dator Giroa

Urteko lehen lasterketa nagusia hasi da gaur Italiako Giroa. Belgikatik abiatu da 6,2 kilometro iznago dituen aspaldiko aitzin-etapa gogorrenarekin, 22.500 metroko desnibelarekin eta kritikak eragin dituen azken aste gogor-gogorrarekin.

Iritsi da Giroa eta aurten ibilbide erakargarriz beteta dator. Erakargarria, indartsu dagoen txirrindulariarentzat eta lasterketa kanpotik jarraituko duen zalearentzat. Italiako lasterketak ikusgarri-ikusgarria izateko osagai denak ditu aurten. Mendate mitikoak daude, etorkizunean Giroko historiako ikur bilaka daitezkeen beste hainbeste, taldekako erlojupeko bat, bakarkako beste bat, eta Italian hain ohikoak diren dozena erdi etapa bihurri, gorabeheratsuak. Txirrindulari zenbaitek antolatzaileak kritikatu ditu, zailtasun gehiegi sartu dituztelako, gogorregia delako Giroa.

Basso, Savoldelli, Simoni, Cunego eta Di Luca dira denen ahotan dabiltza txirrindulariak. Basso eta Savoldelli izango dira lehen erreferentziak, bietako batek lor dezakeelako maglia arrosa erlojupeko luzearen ondoren. Eta Simoni, Di Luca, Cunego, Rujano eta beste erasorako prest egongo dira uneoro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.