Irailaren 28an korritu zen iaz AEBetako sari nagusia, urteko azken aurreko lasterketa. Orduan, hiru gizonen artean erabakitzekoa zen gidarien txapelketa, beti Schumacher buru zela. Asko zegoen jokoan, autogileen txapelketa barne; bazirudien, Williamsek irabaziko zuela, lau puntuko aldea baitzuen. Iaz horrela etorri zen lasterketa, eta, beraz, aurtengoarekin ez du zerikusirik.
Dagoeneko Ferrarik 124 puntu dauzka zortzi lasterketa korritu ondoren. Iaz, hamahiru probaren ondoren, 121 zituen eta bigarren zen Williamsen atzetik. Eta, hala ere, Rubens Barrichello nahikoa egiten ari ez delako ustea zabaldu da, Schumacher ez baitu sekula estualdian jarri, eta Scuderiak lortu dituen zazpi garaipenetatik, gainera, bakarra ere ez du lortu brasildarrak. Hori hala izanda ere, orain arteko denboraldirik onena da Barrichellorentzat, puntuei so eginez bederen.Lasterketa honetan begiak zuzen-zuzen Williams taldearen gainean izango dira, Kanadan eurak izan baitziren Ferrari zertxobait zirikatu zutenak. Balazten aferak ondoren ezerezean utzi zuen guztia, baina ziurra da, legez kanpoko neurriak erabili bazituzten ere, Ralf Schumacher eta Juan Pablo Montoyaren autoek hobera egin dutela. Indianapolis zirkuituak ez du parekotasun askorik Kanadakoarekin, eta zaila izango da lehiakortasun berari eustea. Entrenamenduetan, behinik behin, oso txukun aritu dira.McLaren izan da aurten denboraldi erdian autoaren B bertsioa aurkezteko moda ireki duena, baina gehiago etorriko dira atzetik. Zalantzarik gabe, ahalbide asko dituzten taldeek bakarrik egin diezaiokete aurre halako eginahal eta diru desafiori, datorren urterako autoa ere garai honetan hasten baitira diseinatzen. Oraingoan Williams izan da horren berria eman duena, ia isilpean lanean arituta. Garapen lana egina dute, baina ez dago data zehatzik haren debuterako.
Taldeak horren berririk eman nahi ez badu ere, dirudienez oraingo autoaren lerro nagusiak utzi eta ideia berriak jarri dituzte. Aurtengo autoaren ezaugarri nagusia, mutur berritzailea, ezbaian dago hasieratik, eta litekeena da bereiztasun hori galtzea. Debuta Frantzian egin dezake, McLaren berriarekin batera, baina aurretik probak egin eta benetako abiadura hobetzen ote duen ziurtatu nahi dute.Momentuz B bertsiorik behar ez duena Ferrari da. Ikuskizuna hobetzeko ahaleginean, FIAk entrenamendu saio ofizialen formatua aldatuko du Britainia Handiko sari nagusitik aurrera.
Iazkoarekin zerikusirik ez
Denboraldiaren lehen erdia osatuko dute gaur, Indyanapolisen, AEBtako Sari Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu