Lagun, botilero, teknikari, prestatzaile eta konfesore. Karguen zerrenda bukaezina da Errioxako pilotarien eta Joaquin Plazaren (Quintana Redonda, Espainia, 1951) harremana edo interakzioa azaltzeko. «Nik lagun eta prestatzaile aukeratuko nituzke, ordena horretan». Fisiologiako doktore, hogei urte baino gehiago dira euren prestaketa fisikoa behar bezain serio hartzen ez zuten pilotari batzuei Logroñora hitzaldi bat ematera joan eta han gelditu zela. Urteekin pilotaren teknifikazioaren ikonoetako bat bilakatu da, eta eserlekutik altxatzen diren botilero-psikologoen mentore. Titinekin hasitako bidea Merino II.arekin jarraitzen du, jada hain modernoak ez diren betaurrekoekin, eta bera da hiruren artean osaturiko taldeko ideologoa.
Tartan pistatik iritsi zen pilotara. Haren herrian bi pilotaleku daude, eta umetan pixka bat jokatu izana gogoratzen du, baina hitzaldi hartara arte pilota profesionalik ikusi gabea zen. Curriculumean atleta garaiko marka onak, atletismoko entrenatzaile urteak eta Ohorezko Mailako boleibol talde bat entrenatu izana zituen. «100 metroak 10,90n egiten nituen, hori bai, eskuzneurtuak, eta 6,94 metro luzera jauzian. Espainiako Txapelketan zazpigarren izandakoa naiz, eta unibertsitate mailako txapeldun. Ramon Cid donostiarraren garaikoa naiz, haren aurka lehiaturikoa». Bere kirola, baina, pilota izan da.
«Titinengan zerbait berezia ikusi nuen. Debutatzeko zegoen eta ezpal onekoa zen. Pilotaren bila joaten zen pilotari bat, erasokorra, eta langile itzela». Hogei urte geroago, loreak baino ez ditu beteranoarentzat. «Oraindik ere gehien lan egiten duen nire taldeko pilotaria da. Egunero dator entrenatzera, lehena da iristen eta azkena doa. Ez da asko serie batzuk merinotarrek baino hobeto egin zituela. 43 urterekin harri eta zur utzi zituen». Fenomeno hitza erabiltzen du haren sekretua azaldu aurretik: «Bat, genetika. Bi, lesio gutxi. Hiru, teknika, eta horri esker eskuko min gutxi, eta lau, lana erruz». Horri motibazioa gehitu behar zaio, eta aurten izen abizenak ditu: David Merino. «Ilusio handia egin dio Davidekin jokatzeak. Badaki gaztea berarengatik hiltzeko prest dagoela: laguntzen dio, errespetatzen du…».
Biek batera entrenatzen dute. Hemezortzi urte dira Plazak Logroñoko «multzoa» osatu zuela, eta bizirik dirau. Pilotarien bakarkako lana alboratu eta elkartu egin zituen. «Familia bat gara». Multzo guztietan bezala arauak daude, eta zorrotza da. «Bederatzietan hasten bagara, bederatzietan. Entrenamendua badago ezin da kale egin, eta multzorako lana egin behar bada, iritsi berriak doaz, adibidez, ur bila. Hori bai, tratua berdina da gazteenarentzat eta Titinentzat». Boteprontoan beste gako bat bururatu zaio. «Garrantzitsua da pilotariaen bikoteak lana zertan datzan ezagutzea: zergatik iristen den gaueko hamarretan, zergatik esnatu hain goiz… Guzti hori helburu bat lortzeko dela jakin behar du, bestela eztabaida sor daiteke».
Hortik pasa dira ia Errioxako pilotari guztiak. Liderra Titin da, eta lan handia egiten du batasunaren alde. «Gazteentzako eredu da, arlo askotan gainera». Multzoak garai onak bizi ditu, profesionaletan dagoen errioxar kopurua asko handitu delakoa azken urteetan, eta ale onena Merino II.a da. Gazteen arteko liderra, baina, beste bat da. «Cecilioren hitza asko errespetatzen dute. Nagusietakoa da eta bere pragmatismoak lagundu egiten gaitu. Hain ameslariak ez izaten laguntzen digu». Merino da, baina, harribitxia, «zaldi ona», eta dohain teknikoei lanerako diziplina gehitu die.
Plazak asko sufritu zuen Merino Gillain-Barre sindromea jota egon zenean. «Pentsa, besoetan eraman behar izan nuen automobilera». Bizkarrekoa izan zen teknikariarentzat ere. «Hain gazte eta gaixotzea… garai gogorrak izan ziren». Egun gutxitan hobera egin zuen, eta hobekuntzak ingurukoak ere suspertu zituen. «Diagnosi azkarra funtsezkoa izan zen», nabarmendu du Plazak: «Astebetera ibiltzen ari zen». Gero etorri zen lotuta eta erabat mengelduta zeuden gorputz atalak indartzeko lana. «Plangintza oso gogorra diseinatu nion, zortzi-hamar ordu egunero. Honekin lortuko dugu, esaten nion. Gimnasioa, igerilekua, gimnasioa… eta fedea. Ez da erraza ariketa bat mila aldiz egin eta fruiturik lortzen ez duela ikusten duen kirolari baten fedea bizi mantentzea. Bada Davidek mantendu zuen».
Informazio pilulak
Titinek eskatu zuen Merinorekin jokatzea. Jada ez da sekretua. Hasi aurretik Merinoren egoera eta Titinen sasoia ziren zalantzak. «Titinen uda ez zen ona izan, eta lan gogorra egin zuen lau t'erdirako jartzeko. Han kale egin zuen, baina oinarri oso ona lortu zuen binakakorako. David, aldiz, justu iritsi zen, baina lehen partidan ikusi zen jokatzeko zegoela eta egun hartan pentsatu nuen finalerdiak eskura genituela». Horretarako ziklo bidezko prestaketa hasi zuten. «Irabazteko moduko hiru partida bagenituen aurretik, 'bi irabazi behar dizkiagu' pentsatzen genuen. Hiru zail baziren, Irujo, Olaizola II.a eta Xala jarraian, adibidez, bada gutxienez bat. Eta hala, helburuak lortu». Prestaketa partiden arabera diseinatu zuten. «Errazagoa izan zitekeela uste genuen asteetan lan karga handiagoa jartzen nien. Txispa hori sortu egin behar da, aste guztiak ezin ziren lehiaketa asteak bezala landu».
Arlo teknikoa ere jorratu zuten, eta bi ziren aginduak: partidak gogortzea eta Merino jokoan sartzea. «Titinek bere jokoa egokitu du», nabarmendu du. «Hori izan da arrakasta. Titinek sake gutxi kendu ditu airez, eta jokoan ere gutxiago sartu da boleaz, eta sartu denean tantoa egiteko bainoago, lanerako izan da, aurrelaria higatzeko. Botera ere gehiago jokatu du, jokoa pixka bat aldatuz». Plazak dioenez errematea zainetan duen pilotari batentzat ez da erraza hala aldatzea. «Ezin ginen jauntxoak bezala kantxaratu, lan egin behar zen, eta bide batez Merino jokoan sarrarazi. Titinek konfiantza izan du berarengan. Horrek hazten lagundu dio, bere burua garrantzitsu ikusi du».
Lan horren atzean teknifikazioren kontzeptua dago. Plazaren ustez prestaketa aurrez diseinaturikoa eta zorrotza izan behar da, eta dena ondo lotuta egon. «Berdin lau urteko pilotariekin zein Titinekin. Igeriketan sei urteko umeei laktatoa neurtzen zaie, eta urteekin bilakaera neurtu daiteke. Pilotan autodidakta hasten gara, herrian, aitarekin… baina teknifikazioa ahalik eta goizen sartu, hobe».Ordutegiak sakratuak dira, baita pilotariak plangintzaulertzea ere, eta noski, bere ahulune zein indarguneak ondo ezagutzea, eta hor, lankide on bat du: bideoa.
«Gustatzen zait bideoa, begia baino fidagarriagoa da. Pilotariak xehetasunak ondo gogoratzen dituela uste du, baina ez da hala». Plazak txostenak egiten ditu. «Bideoan ikusten da. 'Seitik eraman diozu pilotari eta bostera doa, lautik seira. Partida guztian zazpi pilotakadatan bakarrik irabazi duzu koadroren bat. Zerbait gaizki doa…' Pilotariari ez badiozu erakusten ez du sinesten». Aurkariekin ere egiten dute scouting-a: Beroizekin, Olaizola II.arekin… «Aimarrekin erraza da, dena ondo egiten du! Baina tira ezkerrarekin airez tantoa erraz egiten badu, agian batzuetan eskuina bilatzea komeni da». Hori bai, saturazioa ere ez da ona. «Informazio hori guztia apurka eman behar zaie. Pilulaka. Ideia jakin batzuk nabarmenduz».
Botillero lanetan partidetan Titinekin dituen solasaldi luzeengatik da ezaguna. «Ez dakit entzuten didan, edo nauten! [barrez] baina jario horrekin euren burutik presio pixka bat aldentzen saiatzen naiz». Ezaguna dira halaber kontra kantxan pilotarien alboan emaniko paseoak. Mezuei dagokienez, ahal bada, onak. «berrindartze positiboa». «Augusto gaizki badabil halakoak esaten dizkiot: 'Zergatik ez duzu gantxoa gurutzatzen? Zergatik ez? Milioika aldiz egin baduzu zergatik ez duzu orain egingo, badakizu kapaza zarela'. Eta lortzen badu: 'begira, nola egin duzun begira'… Hori bai, kuraia behar bada ere eskatzen diet. Davidi, adibidez, partida guztietan hankak mugitzeko esaten diot hogeita hamar aldiz gutxienez!». Igandean berriz errepikatuko du katramila guztia.
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala
Ideologoa
Joaquin Plazak inork baino hobeto ezagutzen du Titinen eta Merinoren jarduna. Bien bilakaera eta sekretuak aztertu ditu, eta, bide batez, pilotariekin eginiko lana azaldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu