Igandeko finalerako pilotek ere polemika sortu dute

Nahiko polemika ez orain arte, eta Eskuz Banakako Txapelketako finalerako pilotak ere polemika iturri izan dira. Atzo aukeratu zuten Patxi Ruizek eta Aimar Olaizolak iganderako materiala, Atano III.ean. Eta Ruiz ez zen gustura, pilotekin kexu eta ilusioa galduta.

2003ko uztailaren 18a
00:21
Entzun
Enekoitz Telleria - donostia<>

Atzerapena? Zer atzerapen? Atano III.ean inor gutxi gogoratu zen atzo finalaren ingurukoak hoztu direla, interesak behera egin duela diotenekin. Ehunka pilotazale izan ziren harmailetan, eta dozenaka kazetari kantxan. Harmailetatik kantxara sartu zen pilotazaleren bat ere bai. «Orain ikusi ematen dion edo ez», esaten zien harmailetan zituen lagunei. Aimar Olaizolaren eskuin besoari buruz ari ziren, noski, eta hurbil-hurbiletik ikusi nahi zuten zenbaterainoko indarrez ematen zion. Sosak haren alde jokatzeko jakin nahi ote zuten ez dakigu, baina beste hainbatek azkarrago atera ditu kontuak: 35-100i irtengo da dirua, Aimar Olaizolaren alde.

Aimar Olaizolak eskuin besoa zer moduz daukan nahi zuen jakin jendeak. Aimarrek berak ere bai. Atzokoarekin ere gustura gelditu zen goizuetarra. Gustura bere lesioarekin, eta gustura Juan Mari Juaristik otarrean jarritako pilotekin. «Beti bezala asko kostatu zait aukeratzea, baina txapelketa osoan erabili ditudanak bezalakoak dira: frontisetik ez dira horrenbeste irteten eta lurrean ibiltzen dira». Eta kontrarioarenak ere «berdintsuak» direla. Eskuin besoko orbainak «geroz eta gutxiago» tiratzen diola onartu zuen Aimarrek, eta «egunetik egunera» hobeto sentitzen dela. «Beldurrez» dagoela oraindik, hala ere, eta finalari begira ez duela buruan taktika berezirik: «Garrantzitsua izango da bakoitza nola hasten den ikustea. Ikusten badut ez nagoela ongi, taktikaz aldatu beharko dut».

Gasteizen elkarren kontra jokatutako partidak ez duela erreferentzia gisa balio onartu zuen berriro Goizuetakoak. Atzerapenak bi pilotariei eragiten diela, baina bere egoera «gogorragoa» iruditzen zaiola. Konplimentuak izan zituen kontrarioarentzat, pilotari «konpletoa» dela esanez: «Buruz buru oso ongi moldatzen da. Sake indartsua dauka eta Gasteizen baino kontrario hobea espero dut. Finala da, eta horrek gauzak asko aldatzen ditu».

Burumakur eta ernegatuta sartu zen Patxi Ruiz prentsa aretora. Pilotei buruz aritu zen lehenengo, «errematatzaileentzako pilotak» direla esanez: «Frontisean gelditu egiten dira. Ez dut nire gustukorik topatu, ez dira jokatzeko pilota horietakoak. Aimarren bat da agian fuerte samarra, baina besteakÉ Orain frontisean gelditzen badira, pentsatu finalean».

Beste kolpe bat

Atzerapena lehenengo, gustuko pilotarik ez hurrena, «beste kolpe bat» izan dela onartu zuen Ruizek. «Honetan ere kaltetua izan naiz eta izorratuta nago berriro». Pilotak definitzen hasita, «Ogetako partidakoen antzekoak» zirela ere esan zuen.

Gogorik gabe balitz bezala sumatu genuen Ruiz. Eta onartu zuen Atano III.era gogorik gabe dezentetan etorri behar izan duela. Hori esatea gogorra dela onartu zuen; «Gogorra da, baina egia da». Gasteizko partida ahaztuta daukala, finala ezberdina izango dela, oraingoan sake-errematerik ez duela esperoÉ Bere aurreneko finala delako, horri esker eutsi omen dio ilusioari Ruizek. Kontrarioa «une honetako pilotaririk onenena» dela aitortu zuen, buruz buru maila horretan jokatzeak hein batean «harritu» egin duela ere bai, eta «oso zaila» izango dela finaletan Olaizola II.a mendean hartzea: «Txapelketaren hasieran baino okerrago nago, gogorik gabe, txisparik gabeÉ Gainera, material hau jarri didate. Horrek oraindik gehiago hondoratzen zaitu». Emango ote dio buelta iganderako, bestela...

 

JULIAN RETEGI (Asegarceko kirol zuzendaria)

«Patxi Ruizek edozeini irabazteko adina gai badu»

«Finalak ez dauka itxura txarrik. Aimarri nahiko denbora eman zaio lesioa osatzeko, eta osatuta dago. Faborito gisa Aimar ikusten dut, baina Ruizi ere aukera asko ematen dizkiot finala irabazteko. 23 urte dauzka, eta bete-betean dago. Entrenamendu askotan ikusi dut, eta badauka gai hori. Demostratu zuen Barriolaren kontra. Daukan arazoa da egiteko dagoela, ez da sartu sekula maila honetan, baina gai horrekin edozeini irabazi diezaioke».

 

KARLOS ARGIÑANO (Asegarceko agintaria)

«Pilotan, afiziorik handiena enpresaburuen kontra jotzea da»

«Finala halako batean? Iritsi da eta listo. Jendeak zer ikusi nahi du? Partida ona. Jendeak afizioa dauka eta guk ahal dugun ondoena egin behar ditugu gauzak. Beti esan izan dugu Euskadi enpresaburuek atera dutela aurrera. Pilotan, ordea, afiziorik handiena enpresaburuen kontra jotzea da. Enpresaburuek egiten dutena da beren dirua jarri historia honen alde. Ez dut ulertzen jendeak, batez ere kazetariek, nolatan ez duen ulertzen hori».

 

R. GARCIA ARIÑO (Asegarceko intendentea)

«Denboran horrenbeste luzatu denez, beldur pixka bat ematen dit»

«Denboran horrenbeste luzatu denez, beldur pixka bat ematen dit finalak. Aimarrentzat ongi etorri da, Patxirentzat ikusi egin behar. Ikusi egin behar Patxiri nola eragin dion horrek. Zentratuago ikusten da beti Aimar. Horren beldurrez nago. Hori bai, Aimarri irabazteko eta min egiteko moduko kolpea Patxik dauka. Ruizen arazoa da entrenamenduetan errazago aritzen dela, baina ikasi behar da entrenamenduetako erraztasun horrekin partidetan aritzen».

 

z Finalari buruzko iritziak

IÑIGO SALBIDEA (Asegarceko gerentea)

«Hausnarketa egitea ona da, baina sistemak funtzionatzen du»

«Badaukagu azkenean finala. Hasiera batean bazirudien Aimar faborito garbia zela, baina finala oso parekatuta ikusten dut nik. Ruiz ongi ikusi dut eta aukerak badituela iruditzen zait. Egia da aurten gertatu denarekin hausnarketa egitea beti dela ona. Baina sistema erakargarriak bilatu behar dira, kale batzuk egin dira, baina sistemaren oinarrian ez dut uste aldaketa asko egongo direnik. Oinarrian zera dago: onenek onenen kontra jokatu behar dute».

 

J. ARRUABARRENA (EPELeko presidentea)

«Astearteako entrenamenduan hobeto ikusi nuen Ruiz Aimar baino»

«Finalak itxura ederra dauka. Asteartean egon nintzen hemen, bien entrenamenduak ikusten. Aimar oso ongi ikusi nuen; pilotari ongi eman zion eskuinez eta oso gustura bukatu zuen entrenamendua. Ruiz ere bikain ikusi nuen. Beharbada, Ruiz hobeto ikusi nuen Aimar baino. Kolpearekin, freskurarekin, eusten, sufritzenÉ Ikusi egin beharko da finalean zer gertatzen den. Ikusten dut Aimar plazagizonagoa dela, baina Ruiz urduri jartzen ez bazaigu, partida gogorra izango da».

 

ASIER OLAIZOLA (Aimar Olaizolaren botileroa)

«Anaiak beldurrez pasatu ditu egun hauek, baina gaur ongi ikusi dut»

«Hainbeste denbora itxaron ostean pilotariak eurak ere jokatzeko amorratzen eta egun hori pasatzeko gogoz daude. Ea anaiari besoak eusten dion. Beldurrez pasatu ditu egun hauek, baina gaur ongi ikusi dut eta igandera arte beste hiru egun ditu. Bientzat da txarra egoera hau, baina lesioa duenarentzat da okerragoa. Pilotak? Niri oso politak iruditu zaizkit eta jende gehienak hori esan du hemen. Berari ez bazaizkio gustatu, ez zuelako gozatzen ez zitzaizkion gustatuko edo beste arrazoi batzuk izango ditu».

 

ARTURO ARBIZU (Patxi Ruizen botileroa)

«Gogo handirik gabe dago Patxi; gauza asko pilatu zaizkio»

«Aldez aurretik garaituta ez, baina gogo gutxirekin dago Patxi. Luze egin zaio prestakuntza eta, agian, finalak ez du harrapatu sasoirik onenean. Finalerdietan ziurrenik hobeto zegoen. Gainera, ez du otarrean berak nahi zuenik topatu eta dena pilatu zaio. Horregatik sumatu duzue gaur horren triste eta abailduta. Ziur nago, ordea, igandera bitartean animatuko dela eta finalaren bila irtengo dela. Kolpez-eta oso ongi dago; fisikoki egin zaio apur bat luze prestakuntza».

 

P J. M. JUARISTI (HAUTATZAILEA)

«Niri iruditu zait nahiko pilota badagoela»

Patxi Ruizek prentsaurrekoan esandakoen ostean mintzatu zen pilotariarekin Juan Mari Juaristi Atano XIII.a. «Hitz egin dugu eta hori esan dit, iruditzen zaiola pilota gehiago egon behar zuela. Niri iruditu zait nahiko pilota badagoela,eta hori esan diot berari. Dena dela, igandeko finalean ikusiko da hori. Berari hori iruditzen bazaio, nik ez daukat ezer esateko. Normala da pilotari bakoitzak bere iritzia izatea», onartu zuen Azkoitiko material hautatzaileak. Ulertzen du, nolabait, Patxi Ruizen jarrera: «Patxik jokatu egin nahi du eta kito, jokatu eta behingoz bukatu. Normala da. Normala da, baina erakutsi duen jarrera horrek kalte egin diezaioke bukaeran».

 

z Pilotak

Aimar Olaizola: 105,8 eta 106,2 gramoko bi pilota aukeratu zituen. Frontisetik ez direla horrenbeste irteten eta zoruan ibiltzen diren horietakoak direla onartu zuen Goizuetako aurrelariak.

Patxi Ruiz: 103,9 eta 103,8 gramoko bi pilota aukeratu zituen. Gustukorik topatu ez zuenez, eskuan ongien sartzen zitzaizkionak aukeratu zituela esan zuen. Aimarrenez mintzatu zen gehiago bereez baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.