txirrindularitza

Igor Anton irabazle Vueltan

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak erasoa jo du bukaera-bukaerako aldapa gogorrean, Valdepeñas de Jaenen. Bigarren jarri da sailkapen nagusian. Duela lau urte ere irabazi zuen Espainiako itzulian etapa bat.

2010eko abuztuaren 31
19:20
Entzun
Igor Anton (Galdakao, 1983) Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak irabazi du gaur arratsaldean Espainiako Vueltako 4. etapa: Malaga-Valdepeñas de Jaen (183,8 kilometro). Azkeneko 800 metroetan oso aldapa gogorra izan dute eta hantxe jo du erasoa Antonek, 400en bat metro falta zirela helmugarako. Bakarrik heldu da, segundo bateko aldearekin.

Duela hilabete eta erdi helmuga ikusten izan zen

Igor Antonek etaparen bukaeran jakinarazi du duela hilabete eta erdi hiru taldekiderekin batera Valdepeñas de Jaengo etapa amaiera ikusten izan zela. "Merezi izan du", adierazi du. "Buruan banuen saiatzea, eta ondo kalkulatu dut". Mikel Nieve taldekideak gaur amaieran egindako lana eskertu du, bide batez. "Harengatik izan ez balitz, ez nukeen irabaziko".

Gaurko garaipenarekin, Vueltako "helburu nagusia" bete duela esan du eta "etxeko lanak eginda" dituela. Dena dela, adierazi du hemendik aurrera ez duela ezer baztertzen.

2006an ere irabazi zen Antonek Vueltako etapa bat, Calar mendatean; orduko etapa nagusia izan zen. Haren beste garaipen batzuk: 2007an Romandiako Itzuliko etapa bat, 2008an Suitzako Itzuliko bat, 2009an Urkiolako igoera, aurten Gaztela eta Leon Itzuliko etapa bat.

Aurtengo Vueltan Euskaltel-Euskadiko liderra da. Bigarren dago orain sailkapen nagusian, Philippe Gilbert (Omega Pharma-Lotto) liderretik hamar segundora.

Gaur Guillaume Bonnafond eta Dario Cataldo izan dira beste protagonistak. Ia hasieratik egon dira ihes eginda eta Valdepeñas de Jaen bigarren mailako mendatean harrapatu dituzte -bukaera helmugatik zazpi kilometrora zegoen gaina-.

Vincenzo Nibali sartu da bigarren. Carlos Sastre faboritoetakoa, 1.30era.

Bihar korrituko dute Vueltako 5. etapa: Guadix-Lorca (198,8 kilometro). Mendaterik ez dute izango.

Irailaren 19an bukatuko da Espainiako itzulia, Madrilen. Erlojupeko luze bakarra dauka itzuliak, eta mendiko sei etapa.

Orain arteko etapak

- 1. etapa: Sevilla-Sevilla. Irabazlea: Team HTC-Columbia. Liderra: Mark Cavendish.

- 2. etapa: Alcala de Guadaira-Marbella. Irabazlea: Yauheni Hutarovitx. Liderra: Mark Cavendish.

- 3. etapa: Marbella-Malaga. Irabazlea: Philippe Gilbert. Liderra: Philippe Gilbert.

- 4. etapa: Malaga-Valdepeñas de Jaen. Irabazlea: Igor Anton. Liderra: Philippe Gilbert.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.