Txirrindularitza

Igor Gonzalez de Galdeano, autoan ere bai

Euskaltel-Euskadin manager segitzeaz gain, zuzendari nagusi ere izango da datorren urtean.

2008ko azaroaren 24a
16:09
Entzun
Igor Gonzalez de Galdeano izan da aurten Euskaltel-Euskadi taldeko managerra, baina datorren urtetik zuzendari ere ariko da. Hau da, autotik bertatik zuzentzen lasterketak. Jon Odriozolaren lekua beteko du hark -Odriozolak utzi egin du taldea-. Gorka Gerrikagoitiak segituko du beste zuzendaria izatea.

Biek Xabier Carbaieda, Josu Larrazabal eta Alex Diazen laguntza izango dute. Orbea bigarren taldea Alvaro Gonzalez de Galdeanok zuzenduko du.

Gaur aurkeztu du, hain zuzen, 2009ko taldea Euskaltel-Euskadik, Zamudion (Bizkaia). 23 txirrindularik osatuko dute. Lider nagusia, Samuel Sanchez. Galdeanok adierazi du Sanchezek aurten "jauzi handia" eman duela -Pekingo Olinpiar Jokoetan errepideko urrezko domina irabazi zuen, kasu-, eta hemendik aurrera horri esker taldeak "anbizio handiagoa" edukiko duela. 2010era arteko kontratua sinatu berri du Sanchezek.

Hiru txirrindulari fitxatu dituzte: Mikel Nieve, Pablo Urtasun eta Sergio de Lis.

Segitzen dutenak, Sanchezez gain: Josu Agirre, Igor Anton, Javier Aramendia, Mikel Astarloza, Jorge Azanza, Koldo Fernandez de Larrea, Aitor Galdos, Aitor Hernandez, Markel Irizar, Iñaki Isasi, Andoni Lafuente, Iñigo Landaluze, Egoi Martinez, Juanjo Oroz, Alan Perez, Ruben Perez, Amets Txurruka, Ivan Velasco eta Gorka Verdugo.

Ez dute taldean jarraituko Beñat Albizurik, Lander Aperribaik, Jon Bruk, Dioni Galparsorok, Antton Luengok eta Haimar Zubeldiak -honek Astanan fitxatu du-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.