Ihesi, iparra bilatzeko

Nathan Jawai da NBAn jokatu duen lehen aborigena. Gazte garai zaila pasatutakoa da, eta bere lekua bilatzen saiatzen ari da Belgraden.

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Crocodile Dundee filmak Australia iparraldeko lur basatiak erakusten ditu: milaka kilometro koadro hara eta hona, eta biztanle bakar bat ere ez. Basoak, aintzirak, animalia arriskutsuak... Jaio, Australiako hiri nagusian jaio zen, orain 24 urte, Nathan Jawai, Sydneyn, baina urte bakarra iraun zuen hiri handian. York lurmuturrera, Queensland eskualde itzelera, mugarik gabeko lurraldera bueltatu zen gurasoekin, eta han hazi zen. Bamaga herrian aurrena, ezerezaren erdian, bakartu samar, handik hegazkinean edo ontzian bakarrik atera daitekeelako. Cairns hirira joan zen haurra zela, 1.000 kilometrora eskolak hartzera. Ihesean.

Alkoholaren eta drogen amutik ihesean. Australiako zuriek Iparraldeko lurrak bereganatu zituztenetik, modernizazioa iritsi zenetik, kinka larrian daude leku eder hartan bizi diren aborigen asko. Langabeziak harrapatuta, eta laguntza sozialen sarean tenkatuta, asko izan dira alkohola eta drogara jo dutenak. Gazteak gehienak. Gaztea zen Jawai hanka egin zuenean: «Bamagan ez dago zer eginik, gazteak erabat aspertuta bizi dira, eta zer eginik ez dagoelako jotzen dute alkohola eta drogak kontsumitzera. Nik ehizean bilatu nuen ihesbidea. Bufaloak eta txerri basatiak ehizatzera joaten nintzen, aitak behartuta, drogen tentazioa saihesteko».

Nathan 1,90 metro zen 11 urterekin, eta Cairnen errugbian trebatzen hasi zen. Handia zen, zabala, astuna, baina gorputz gihartsua zeukan. 15 urte zituela, ordea, hamabost zentimetro hazi zen urte bakarrean, eta 208 zentimetroko morroskoa bilakatu zen. Baldartu egin zen errugbian jarduteko, 140 kiloko pisuarekin, eta saskibaloian saiatzeko ahalegina egin zuen. Gurasoek aholkatuta, Texasera egin zuen, AEBetara, Midland College unibertsitatera ikasketak egitera, baina hiru hilabete bakarrik egin zituen han. Diziplina zorrotz batera moldatzeko gai ez zela esan zuten haren kritikoek. Berriro ihesi. Berak esan zuen belauna txikitu, ebakuntza egin eta astebetera jokatzera behartu zutelako alde egin zuela.

21 urte zituela, Australiako saskibaloi ligan jokatzen hasi zen, Cairns Taipans taldean, eta hiri hura astintzen duten zikloiak bezain azkar hedatu zen haren indarraren oihartzuna. Sasoi batean hogei puntu eta hamar erreboteko batez bestekoak lortu zituen, eta zenbaki horiek NBAko scouter-ak, teknikariak erakarri zituen munduko beste puntaraino.

'Aussie Shaq'

Hainbesteraino, Indianak 2008ko draft-ean hautatu zuen (bigarren txanda, 41. zenbakia). AEBetan lurreratu, eta berehala jarri zioten goitizena, bere gogoz kontra: Aussie Shaq (Australiako Shaquille O'Neal). Jawai berezia da: beltza da, baina ez dauka afroamerikarren tankerarik. Zabala da, handia, eta zergatik ukatu, lodikotea ere bai. Trufaka hasi zitzaizkion asko, baina eutsi egin zion. Indianak bere eskubideak saldu zizkion Torontori, eta bi urterako kontratua sinatu zuen.

2009ko uztailean, Dallasera bidali zuten, eta bi hilabete geroago, Minnesotara. Hamar minutu jokatu zituen han batez beste, baina zenbaki apalekin: hiru puntu eta hiru errebote. Udan muzin egin zion bere selekzioari, talde bat bilatzeko, eta emazteari laguntzeko, haurdun baitzegoen, eta Belgradeko Partizan hautatu zuen. Serbian hamar puntu eta bost errebote lortzen ari da batez beste.

«Zerua da haren muga. Zerua eta diziplina. Geldiezina da saskipean», esan zuen Australiako saskibaloi hautatzaile Brian Goorjianek. Australiara bueltan, NBAn jokatu zuen lehen aborigena zela-eta pozik ote zegoen galdetu zioten: «Aborigena ere banaiz, baina Torres Strait Island uharteko indigena naiz jatorriz». Orduan ere kazetariengandik ihesi, iparra bilatzen. Cairns, Bamaga eta Queensland bilatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.