Iñigo Martinez Realeko atzelariak (Ondarroa, 20 urte) ez du denboraldi honetan gehiago jokatzerik izango, eskuineko belauneko meniskoa hautsita baitauka, gaur klubak adierazi duenez.
Atzo hartu zuen min Martinezek, Rayo Vallecanoren aurkako partidaren bigarren zatian. Gaur egin dizkiote mediku azterketak, eta, belaunean bihurritua izateaz gain, meniskoa ere apurtuta dauka.
Mikel Gonzalez eta biak dira Realeko zentral titularrak sasoi honetan, eta Gonzalez ere min hartuta dago duela bederatzi egunetik; zuntz haustura egin zuen Real Madrilen aurka.
Larunbatean ariko da atzera Reala, Espanyolen zelaian (18:00). Baliteke Vadim Demidov eta Ion Ansotegi izatea zentral titularrak.