Ikasleak maisuaren aurka
Ziganda eta Goikoetxearen entrenatzailea izan zen Irureta 1994-1995ean; gaur aulkian egongo dira hirurak
Ziganda eta Goikoetxearen entrenatzailea izan zen Irureta 1994-1995ean; gaur aulkian egongo dira hirurak
asier legarda-ereño
Iruñea
Espainiako hautatzaile Luis Aragonesen atzetik, Jabier Iruretak egin du Lehen Mailako jardunaldi gehien entrenatzaile lanetan. Ez da gaur egun Ligan dagoen entrenatzailerik zaharrena, Betiseko entrenatzaile Paco Chaparro sei urte zaharragoa baita, baina, zalantzarik gabe, Iruretak du eskarmentu handiena. Iritsi berria da Zaragozara, baina gaur arratsaldekoa 609. norgehiagoka izango du Lehen Mailako entrenatzaile. 1994-1995eko denboraldian, bere aginduetara izan zituen Jose Angel Ziganda eta Jon Andoni Goikoetxea Athleticen, eta gaur arratsaldean, aurkariaren entrenatzaile lanetan ariko dira haren jokalari izandako bi nafarrak. Ikasleek maisua mendean hartu nahiko dute, noski.
Dena den, maisuak badaki ikasle askoren aurka aritu beharko duela aurrerantzean, eta irundarrak ez dio amore nahi gaztetasunari: Valladolideko entrenatzaile Jose Luis Mendilibar Sestaon zuzendu zuen 1985etik 1988ra; Ernesto Valverde (Espanyol), Ziganda eta Goikoetxea Athleticen izan zituen bere aginduetara 1994-1995eko denboraldiko lehen 26 jardunaldietan; eta Unai Emeryk (Almeria) bere eskutik egin zuen debuta Lehen Mailan Realarekin, 1995-1996ko denboraldian. Ikasleak hain maila onean ikusita, harro ere egon daiteke Jabier Irureta. Eskola onekoak dira, nonbait.
BI TALDEAK NAHIKO LARRI. Lagunei ezer oparitzeko moduan ez dira Irureta eta Ziganda, ordea. Zaragozak arnasa apur bat hartu du iragan asteburuan Athletici irabazi ostean, baina UEFA Koparako sailkatuta eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko itxaropenez hasitako denboraldia ez zaie nahi bezain ederra suertatu espainiarrei. Gauzak are eta gehiago nahastu aurretik, jaitsiera postuak atzean utzi nahi dituzte Iruretaren mutilek.
Hargatik, Osasunaren egoera are larriagoa da. Zaragoza jaitsiera postuetatik urrundu nahian dabil, baina Osasuna jaitsiera postuetan ez sartzeko lehian dabil, buru-belarri. Jaitsiera postuetan dagoen Murtziak bezainbeste puntu dituzte nafarrek, eta azken boladan itxura ona eman duten arren, puntuak falta dituzte, eta hori da gakoa futbolean.
Etxean jokatzeak abantaila txiki bat emango die Zigandaren mutilei, baina argi dago presioa ere etxekoen aldean izango dela. Jose Angel Zigandak badakietxean ezin dutela kale egin. Nafarroako Erresumatik puntu gehiago ihes egiten ezin dute utzigorritxoek, eta Iruretaren Zaragoza da orain jomugan jarrita daukaten taldea. «Liga oso orekatuta dago, eta oraindik badugu kaleren bat egiteko moduko tartea,baina oso arriskutsua izango litzateke. Talde gaztea gara, eta ondo jokatu arren punturik ez dugula batzen ikusten jarraituz gero,adorea galtzeko arriskua dago. Horrexegatik diot benetakofinal batean bezala egin behar diogula aurre Zaragozari», adierazi zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Zaleen babesik ez du faltako Osasunak gaur arratsaldeko partidan. Etxeko azken partidan, Athleticen aurkako derbian bezalaxe, gaur ere asko berotuko du giroa Nafarroako Erresumako harmailetan bildutako jendetzak. Eta azken boladan epaileek gorritxoen aurkako erabaki aldrebes dezente hartu dituztenez, protestarako tarterik ere aurkituko dute Osasunaren zaleek. Peñen federazioak hala eskatuta, esaterako, Fernandez Borbalan gaurko epailea eta haren laguntzaileak zapi zuri artean hartuko dituzte zale gorritxoek. Fernandez Borbalanek ez du inolako zerikusirik Iturralde Gonzalezek Sanchez Pizjuanen egindako hanka-sartzeekin, baina hari tokatuko zaio lankide guztien zorrak ordaintzea.
Giro beroa ziurtatuta dago, beraz. Eta ea bi taldeen zaleen arteko desadostasunak zelaian konpontzen diren eta ez diren harmailetara iristen, arrisku handiko norgehiagokatzat jo baitute gaur arratsaldeko Osasuna-Zaragoza lehia. «Zaragozak ez du begikotasunik eragiten Iruñean, eta Osasukao zaleek asko estutuko dute, seguru», esan zuen asteazkenean Natxo Monrealek. Osasunako atzelariaren hitzek ere ez dute begikotasun askorik eragin Zaragozan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu