Europako hamasei selekzio onenak nor baino nor ariko dira gaurtik otsailaren 1era, Esloveniako Europako Txapelketan. Lau multzotan banatuta, bakoitzeko lehen hiru sailkatuek azken ligaxkarako sailkapena lortuko dute.
- A MULTZOA. Suedia, Errusia, Ukraina eta Suitza ariko dira. Suediaren eta Errusiaren artean erabakiko da multzoko lehena, eta, azken txartela, Ukrainaren eta Suitzaren artean. Eskandinaviako taldeak neurria hartua dio Europako Txapelketari, jokatu diren bost txapelketetatik lau irabazi baititu. Errusia da, hain zuzen ere, Suediaren nagusitasuna hautsi duen bakarra, 1996ko Espainiako Europako Txapelketan. Bengt Johanssonek talde bikaina osatu du, betiko oinarriarekin: Svensson, Wislander, Olsson eta Lovgren beteranoak. Hauentzat guztientzat azken Europako Txapelketa izan daiteke Esloveniakoa, Atenasko Olinpiar Jokoen ondoren, batek baino gehiagok ziurrenik erretiroa hartuko baitu. Baina beteranoak ez ezik, jokalari azkar eta bikainak ere baditu Suediak, Alemaniako eta Espainiako Ligan eskarmentu handia dutenak: Ernelind, Ahlm, Kallman eta Franzen, besteak beste.
Errusia ere ez da kamutsa, eta ohi duenez, izarrez betetako taldea osatu du. Alde batetik, Lavrov, Tutxkin, Gorpitxine eta Pogorelov arituak daude, eta, bestetik, atzetik indartsu datorren belaunaldia: Baskin, Gorbatikov, Rastvortsev eta Koktxarov, besteak beste. Ukraina eta Suitza, aldiz, talde eskasak dira. Gainera, bi talde horietako izarrek, Oleg Velykyk eta Marc Baumgartnerrek, ez dute jokatuko.
- B MULTZOA. Danimarka, Espainia, Kroazia eta Portugal ariko dira. Lehen hiru selekzioek lortuko dute sailkapena. Sailkatze ordena da erabakitzeko dagoen kontu bakarra, hiru selekzioek maila antzekoa baitute. Danimarkak orain bi urte Suediako Europako Txapelketan eginiko lan bikaina errepikatu nahi dute (hirugarren izan ziren). Talde indartsua osatu dute, bi oinarriren gainean: indarra eta bizitasuna. Jokalarien zerrenda ikusita argi geratzen da hori egiteko osagaiak badituztela: Hvidt, Lars Jorgensen, Lars Christiansen, Jeppesen, Jakobsen, Stryger, Hjermind...
Espainiak, aldiz, betiko mamua izutu nahi du, eta behingoz, txapelketa garrantzitsu bat irabazi. Cesar Argilesek jokalari beteranoak eta gazteak nahastu ditu, eta orain arte, apustua ondo doakio (iazko Nazioen Superkopa irabazi zuen). Masip, Duixebaev eta Garralda bezalako jokalariak falta dira, baina haien lekukoa hartu duten gazteak maila bikaina ematen ari dira: Entrerrios anaiak, eta Iker Romero eta Jon Belaustegi euskaldunak, besteak beste. Kroaziak, berriz, iazko Portugalgo Munduko Txapelketa irabazi zuen talde bera eramango du. Lino Cervar hautatzaileak konfiantza osoa du oinarri horrengan, eta horrekin Portugalen eginikoa errepikatzen saiatuko da. Matosevic, Dzomba, Goluza, Metlicic, Cavar eta enparauek, hala ere, ez dute lan erraza izango, ezustekoaren faktorea galdu baitute. Azkenik, Portugalek xede bakarra izango du: maila ona eman, eta pixkanaka-pixkanaka goruntz doala erakutsi.
- C MULTZOA. Islandia, Eslovenia, Hungaria eta Txekiar Errepublika ariko dira. Multzo oso parekatua da, zaila da kalean nor geratuko den asmatzea. Itxuraz, Txekia geratuko da bidean, baina ezusteak egon daitezke. Islandiak azken urteetako gorantzako bidea berretsi nahiko du: laugarren azken Europako Txapelketan, eta zazpigarren Mundialean. Taldeko joko guztia jokalari baten eskuetatik pasatzen da: Olafur Stefansson eskuin albokoa. Bera da taldeko izarra, oinarria. Bere ondoan eskarmentuko jokalariak daude, onak guztiak: Hrafnkelsson, Johannesson (Bidasoakoa), Sighvatsson, Gudjon Valur Sigurdsson eta Sigfus Sigurdsson, besteak beste.
Esloveniako selekzioa, aldiz, bitxia da oso. Txapelketak hasi aurretik gertutik jarraitzeko taldea dela diote beti adituek, baina gero, kale egiten du. Esloveniarrek izen txar horrekin amaitu nahi dute, etxean. Eslovenian (Celje eta Prule 67 taldeetan) eta Esloveniatik at aritzen diren jokalariez osatutako taldea dute: Pungartnik, Pajovic, Zorman, Backovic eta Vugrinec, besteak beste. Hungariak eta Txekiak, berriz, izen gutxiago dute, eta ezustea ematen saiatuko dira. Hungariak Portugalen erakutsi zuen hori egin dezakeela (seigarren izan zen), eta Eslovenian hori berretsi nahi du. Txekiak, aldiz, nahikoa du itxura txukuna emanda.
- D MULTZOA. Alemania, Frantzia, Serbia eta Montenegro eta Polonia ariko dira. Multzo gogorrena da. Ezusterik ezean, Polonia geratuko da bidean, eta sailkatze txartelak beste hiru munstroen artean banatuko dira. Ordena asmatzea oso zaila da. Frantziak azken urteetan emaitza bikaina eman dion oinarria mantentzen du, baina hutsune nagusi bat dauka: Jackson Richardson. Portlandeko erdikoak uko egin dio selekzioari, Atenasko Olinpiar Jokoetan sasoi betean egoteko. Zaila izango da bere lekua betetzea, baina Frantziak jokalari bikainak ditu: Cazal, Dinart, Burdet, Abati, Fernandez, Omeyer, Guille anaiak eta Karabatic.
Alemaniak ere talde indartsua du, baina azken uneko hutsune garrantzitsua izango du, selekzioko izar Stefan Kretzschmar hegalekoa Alemanian geratu baita, min hartuta. Kolpe oso gogorra izan da, baina Alemaniak horri aurre egin, eta azken bi txapelketa handietako mendekua hartzeko (Europako eta Munduko Txapelketako finalak galdu ditu), osagai bikainak ditu: Fritz, Hens, Stephan, Schwarzer, Zeitz, Von Behren, Baur, Kehrmann, Zerbe... edonor izutzeko taldea. Serbia eta Montenegrok, berriz, talde osoa eraberritu du. Jovanovic, Perunicic eta enparauak alde batean geratu dira, eta jokalari gazteen txanda iritsi da. Peric eta Sterbik atezainak, Lapcevic eta Djurkovic (Bidasoakoa) dira ezagunenak. Beste guztiak etorkizuneko gazteak eta eskarmentuko jokalariak dira: Lisicic, Sudzum, Curuvija, Nikolic, Milosavljevic... Polonia, aldiz, multzoko talde eskasena da, nahiz eta talde gazte eta txukuna izan. Bielecki, Przybecki, Jurkiewicz, Tkaczyk eta Lis dira jokalari aipagarrienak.
ESKUBALOIA. EUROPAKO TXAPELKETA
Ikusgarria bezain irekia
Europako hamasei selekzio onenak lehian ariko dira gaurtik Eslovenian, Europako Txapelketan; ez dago faborito argirik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu