Joan den asteartean Granadan 0-3 irabazi ondoren, beste aldarte bateko egunak bizitzen ari da Reala, eta jokalarien aurpegietan begi bistakoa da hori. Hain zuzen ere, sasoi honetan estreinakoz gaur igaro da prentsaurrekotik Asier Illarramendi, eta sasoiko lehen garaipena lortzeak lasaitasuna eman diela aitortu du. “Bagenekien gauzak ongi egiten ari ginela. Jokoa ez zen txarra, baina hiru puntuak lortzea falta zitzaigun. Bada, Granadari irabazi genion, eta orain konfiantza gehiagorekin gaude. Hemendik aurrerakoa gora egitea espero dugu”. Hurrengo partida Athleticen aurkako derbia izango du Realak, igandean, eta Illarramendi gogotsu dago ordua iristeko. Real Madrilen egon da azken bi denboraldiotan, eta ez baitu horretarako aukerarik izan. “Denbora daramat derbia jokatu gabe, eta irrikaz nago. Oso partida bereziak dira. Athleticek zail jarriko dizkigu gauzak, baina gu konfiantzaz gaude”.
Bada, derbi berbera elastiko ezberdinarekin jokatzeko aukera ere izan zezakeen Illarramendik. Besteak beste, Real Madrilen zegoenean Athleticen eskaintza izan baitzuen. “Zerbait egon zen, baina ni Realean nago, nahi nuen tokian. Madrilen ez nuen jarraitasunik, eta jokatzea zen nire helburua. Oso pozik nago Realean”. Fisikoki ere gero eta hobeto dagoela aitortu du. “Lehen bi partidetan justu amaitu nuen, karranpa batzuk tarteko. Orain hobetzen ari naiz”. Bada, derbiko gakoetako bat zein izan daitekeen ere badaki. “Defentsan sendo gabiltza, eta horri eutsi behar diogu. Gola egiten lehenak izatea garrantzitsua izango da”.