Ilusioa borborka

Athleticek eta Realak itxaropentsu ekingo diote derbiari; biak sentitzen dira ondo, eta biek uste dute irabaz dezaketelaLehia estua espero da zelai erdian, bi taldeek gustura hartzen dutelako jokoaren inizitiba

Haritz Gallastegi, Ander Altuna
Bilbo<br /><br />Donostia
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ikustekoa izango da derbia. Ikustekoa, halaber, harmailetako giroa. Aspaldian ezagutu gabeko ilusioarekin zelairatuko dira Athletic zein Reala San Mamesera. Azken urteotako derbiek dramatik gehiago izan dute beste edozertik baino. Hasi aurretik bai, behintzat. Batzuetan Athletic ailegatu da larri denboraldiko partida garrantzitsuenetako batera. Beste batzuetan, Reala. Gehiagotan, beharbada. Eta biak ala biak ere behin baino gehiagotan aritu dira elkarren aurka behar gorrian. Zorionez, gaurkoak ez dauka sufrikarioarekin zerikusirik. Une gozoagoak bizitakoak dira.1980ko hamarkadan, esate baterako. Baina ordutik asko aldatu da futbola. Eta, gaur-gaurkoz, ez dirudi liga borrokatzeko lehian egoteko moduan daudenik. Denbora laburrera eta ertainera, gutxienez, ezinezkoa izango da. Eta luzera begira ere ezin izan baikor.

Beraz, euren mailan, bi taldeak une gozoan daudela esan daiteke. Reala, aspaldiko partez, gertuago dago Europako postuetatik jaitsieratik baino, behin txapelketaren erdia gaindituta. Gainera, badirudi goraka datorren taldea dela. Etorkizunean zeresana emango duena, alegia. Athletic, berriz, aurreko denboraldietan ereindakoa jasotzen ari da. Azken urteotan txapelketako hamar onenen artean finkatu da, eta urtero-urtero aurrerapausoak ematen ari da. Parte hartzen ari den hiru lehiaketetan jarraitzen du bizirik, eta hiruretan ari da emaitza bikainak eskuratzen.

Horrenbesteko arrakastak itzalean utzi du derbia Bizkaian. Batetik, Old Trafforden Manchester Uniteden kontra jokatu beharreko neurketak sortutako neurri gabeko ikusminak eta kopako finaleko egoitzak bestetik, nahikoa zeresan eman dute. Nork pentsatuko luke duela hilabete gutxi derbi astean ia ez zela Realaren inguruan aipamenik egingo? Inork ez. Bistan da jarraitzaileak eta komunikabideak beste kontu batzuei begira egon direla.

Marcelo Bielsak ezin izan du norgehiagoka berak gura zuen moduan prestatu. Ostiraleko lan saiora arte ezin izan baitzituen jokalari guztiak bere aginduetara eduki. Hala ere, teknikaria ezagututa, zehatz-mehatz izango du prestatuta neurketa bere taldeak garaipena eskura dezan. Asko baitute jokoan. Hiru puntuek laugarren posturako—Txapeldunen Liga— lehian jarraitzeko aukera emango liokete etxeko taldeari. Porrot batek, berriz, ez luke aukera barik utziko, baina dagoen parekotasuna aintzat hartuta atzerapauso handia izango litzateke. Horrelakorik gerta ez dadin, daukan guztia jarriko du zelaian teknikariak. Ez du hurrengo partidan pentsatuko. Ez du Ametsen Antzokian pentsatuko. Hortaz, txartelak direla medio atseden hartu beharko duen Iturrasperen lekua betetzeko Javi Martinezen postua aurreratuko du. Aiegikoaren partez, berriz, San Jose ariko da. Gainerakoak, ohikoak.

Realari dagokionez, Mallorca ren aurka irabazteak arnasa eman zion, eta horri eskerrak derbian jarri zuen gogoa berehalakoan. Ez dira denbora-pasa aritu Zubietan. Jakin badakite garaipen dotore batek bultzada handia emango liekeela txapelketaren azken txanpari ziurtasunez beteta ekiteko. Edozein talderen ibilian zalantzak izan ohi dira zamarik astunena, eta Philippe Montanierren egitasmoak ez du lortu horiek erabat gainetik kentzerik. Horretarako ere balioko luke, Realaren osasuna neurtzeko benetako azterketa izango baita.

Bilbon estreinakoz asko

Montanier aurrenekoz eseriko da San Mameseko aulkian, eta hasieratik jarriko dituen hainbat jokalarik ere lehena izango dute Bizkaiko hiriburuan (Agirretxe, Markel, Iñigo Martinez, Cadamuro, Pardo). Itxuraz, joan den asteko marrazkia errepikatuko du, izen-abizen berberak idatzita. Carlos Martinezek ezin izan zuen azken lan saioan parte hartu, aldakako arazoak zirela medio, eta bigarren astez jarraian zerrendatik kanpo geratu zen. Estradak jarraituko du eskuinean, hortaz. 19 jokalari eraman zituen entrenatzaileak. Mallorcakoak gehi Demidov. Zelaira iritsi bezain pronto jakinaraziko du nor utziko duen harmailetan.

Makina gelan ari daitezkeenen aukerak murriztu egin zitzaizkion Kirol Diziplina Batzordeak Asier Illarramendiri jarritako zigorra berretsi eta gero. Gorka Elustondo ere ez da garaiz osatu. Markel-Aranburu-Zurutuza hirukoak emango dio oreka taldeari baldin eta frantziarrak kontrakorik ez badio. Hala balitz, Pardok hasieratik jarriko luke.

Lerro aurreratueneko partaideak, aldiz, sortzen eta zehazten ahaleginduko dira. Etxetik kanpo jokatutako azken neurketan, Xabi Prietok jokatu zuen eskuinetik Velaren ordez, baina aurreko astean lekuz aldatu ziren berriz. Bataren eta bestearen ekarpena aztertuz gero, mexikarrak aurretik behar luke. Hark eman zion goleko pasea Agirretxeri Mallorcaren aurka; sei daramatza orotara, eta lau gol sartu ditu. Iraunkorragoa izatea falta bazaio ere, inork ezin esan erabakigarria ez denik arrisku eremuetan.

Anoetan segidan eskuratutako azken hiru garaipenek lasaitasun haizeak ekarri dituzte aldagelara. Helburua aldatu ez arren, mantentzea baita zeharkatu beharreko lehen helmuga, talde moduan koskortuago amaitu nahi dute sasoia. Azken hamahiru partidekin sailkapena osatuz gero, Reala hirugarrena da Real Madril eta Bartzelona menderaezinen atzetik. Zerbaitegatik izango da. San Mames agertoki ezin ederragoa dute hobekuntza frogatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.