Ilusioa eta beharra

Arratek eta Portland San Antoniok gaur eta bihar jokatuko dituzte Espainiako Kopako final-laurdenak

Julen Etxeberria.
2008ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Portland San Antonio eta Arrate Espainiako Kopan ariko dira gaurtik aurrera, Zaragozan (Espainia). Bi talde eta bi helburu. Batetik, Portland San Antoniok denboraldi honetan irabaz dezakeen azken titulua du begi artean. Txapeldunen Ligan, Asobal Ligan eta Asobal Kopan huts egin ondoren, sasoia apur bat txukundu dezakeen txapela eskuratu nahi dute iruindarrek. Behar eta presio gutxiago du Arratek. Eibarko taldea ilusioz gainezka doa Zaragozara, denboraldi honetarako helburua bete baitu, ondo bete ere: zazpigarren postua ziurtatu du, azken 31 urteetako sailkapenik onena. Lan bikain horrek, gainera, saria izan dezake, Ciudad Realek Txapeldunen Liga irabazten badu -Kiel Alemaniako taldea izango du aurkari finalean-, Arrate EHF Koparako sailkatuko litzateke, eta Europako lehiaketa bat jokatuko luke estreinako aldiz.

Espainiako Kopa, berriz, hirugarren aldiz jokatuko dute eibartarrek. Aurreko biak 1990eko hamarkada hasieran izan ziren, 1990ean, Vilagarcia de Arousan (Galizian), eta urtebete geroago Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Hamazazpi urte joan dira, beraz, azken parte-hartzetik. Bi ekitaldietan, gainera, bide laburra egin zuten, lehen kanporaketan gelditu baitziren lehiaketatik kanpo, Bartzelonaren eta Bidasoaren aurka galduta, hurrenez hurren. Jordi Ribera zen Arrateko entrenatzailea, eta hain zuzen ere, entrenatzaile espainiarrak egun zuzentzen duen Ademar Leon izango du aurkari gaur final-laurdenetan.

«Sona handiko lehiaketa da Kopa, eta harro gaude hainbeste urte igaro ondoren, berriro lehian aritzea», esan zuen atzo Viktor Debre Arrateko entrenatzaileak. Debrek badaki Kopan aritzea zer den, eibartarrak lehen aldiz parte hartu zuten ekitaldian Arrateko jokalaria baitzen. 18 urte geroago, antzeko esperientzia bizi ahal izango du. Oraingoan, aulkian.

Arratek eta Ademar Leonek elkarren aurka jokatu duten azken hiru partidetatik bitan nagusitu dira eibartarrak. Azken partidan, hala ere, Ademarrentzat izan zen garaipena. Horrek, hala ere, ez du garrantziarik Debrerentzat. Baikor da entrenatzaile hungariarra. «Argi dago Ademarrek ondo jokatu ohi dituela lehiaketa hauek, baina guk ez dugu presiorik, ez baitugu ezer galtzeko. Fede osoa dut jokalariengan, eta garbi dut irabazteko aukera dugula. Nola edo hala saiatuko gara garaipena lortzen. Ondo jokatuko dugu, eta finalerdierako sailkatuko gara».

Debreren iritzi berekoa da Iñaki Malumbres. Arrateko atezain atarrabiarrak eskarmentu handia du Kopan, Galdarrekin, Valladolidekin eta Portlandekin aritu izan baita. Hasi berria izan ez arren, gogotsu dago, «ilusio handiarekin». Ez du ere Ademar koska bat gorago ikusten. «Bi taldeok elkarren aurka jokatu ditugun partida guztiak oso parekatuak izan dira. Sailkatzeko aukera izango dugu; jokalari guztiek dakigu».

Arratek ez duela ezer galtzeko diotenekin bat dator Ivo Diaz Arrateko erdiko kubatarra. Ademarreko jokalari ohiaren arabera, Zaragozan aritzea jadanik «saria» da. Horregatik, «dakigunera jokatzea besterik» ez dute izango buruan, «ea zer pasatzen den».

Debrek jokalari guztiak izango ditu prest gaurko partidarako, Vladimir Matovic pibot serbiarra izan ezik. Bojan Stefanovic eskuin alboko serbiarra osatu egin da, baina litekeena da Igor Moyua hirugarren atezainarekin batera harmailan geratzea.



«SASOIA SALBATZEKO AZKEN AUKERA». Arratek baino premia handiagorekin ariko da Portland San Antonio Kopan. Iruindarrek badakite lehiaketa hau irabaztea dela denboraldia apur bat txukuntzeko azken aukera. Ez dute, hala ere, erronka samurra izango, Valladolid izango baitute aurkari bihar final-laurdenetan, lehiaketa laburretan ondo moldatu ohi den taldea.

«Denboraldia ondo amaitzeko azken aukera da. Poz pixka bat behar dugu, sasoi zaila ari baita izaten. Txapela nahi dugu, eta gure eskuetan dago helburua lortzea», aitortu zuen atzo Juantxo Perez Portland San Antonioko kapitainak.

Zuhurrago mintzatu zen, ordea, Tomas Svensson atezain suediarra. «Ezin dugu esan Kopa irabaziko dugunik. Ametsa da, baina errealistak izan behar gara. Bartzelonak ere nahi du txapela, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ondoren; CAI Aragoik, berriz, etxeko taldea delako; Valladolidek Europako Errekopatik kanpo geratu baita... Lehen partida irabazi behar dugu, eta gero gerokoak. Ez du ezertan laguntzen txapelekin amets egitea gero lehen partida galtzen badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.