Saskibaloia. Espainiako Kopa

Ilusioa eta presioa, bidelagun gaiztoak

Umeek jolasak irekitzen dituztenean bezala doa Lagun Aro Bartzelonara, pozik, baina garaipena oparitzeko batere asmorik gabeCaja Laboralek zazpigarrenez lor dezake Kopa, baina helburu hori urrun ikusten da

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Pertsonak bezala, kirol taldeak ere jaio egiten dira, hazi, jantzi eta heldu bilakatzen. Zaila izaten da sarri prozesu hori, kudeatzen zaila, baina egoera berezi horretan dago Lagun Aro gaur-gaurkoz. Hamar urte eskaseko historian gorabehera franko izan ditu, eta halako batean, talde bati indarra, kemena ematen dion balentria lortu du: Espainiako Koparako sailkatu da. Lorpen horrekin hasten da dena. Horrela hasi zen goraka Baskonia, eta horrela hasi zen goraka Bilbo Basket bere garaian. Lagun Arok hartu die lekukoa, eta donostiarrek jauzi horrek dakarren eraldakuntza kudeatu beharko dute, gaurtik hasita kudeaketa horrek argituko baitu otsaileko loraldi polit hau laburra edo luzeagoa izango den.

Kudeaketak dena esan nahi du. Kantxan jokalariek duten urduritasuna, hedabideen presioa, zaleeengan sortuko den erakarpena... eta horretan, maisuetan maisu da Lagun Aroren aurkaria. Baskoniak hogei urte daramatza elitean, eta hor eroso bizitzen ikasi du. Jokalari handiak ditu, erantzukizunari, azken baloia eskatzeari muzin egiten ez diotenak. Zer esan taldeari han eta hemen jarraitzen dioten zaleei buruz. 1.500 lagun mugituko dira Arabatik Bartzelonara, eta gauden garaian, kopuru handia da hori, Kopan ariko diren zortzi taldeetan Baskoniaren olatua izango dela indartsuena.

Lagun Arok itxura ona dauka. Sito Alonso maisua da motibazioaren alorrean, baina beti, edo ia beti, erantzukizun handiz mintzatzen da. Zuhurtziaz, baina anbizioz. Zuzentasunaren arrastotik atera gabe. Bera izan da taldeko aurpegia, eta lan ona egin du atarian, urduritasun oro saihestuz. Baina kontuz, hasi berriak dira, eta den-dena dute ikasteko. Ilusioa dute sobera, eta gozatzea da haien helburua. Kopan daude, elitearekin orpoz orpo, baina garaipenak dira aintzat hartu, ilusioa mantendu edo handitzeko botika onenak. Noraino igoko litzateke Lagun Aroren autoestimua Baskonia menderatuko balu, finalerdietara pasatuko balitz? Montjuic mendi kaskoraino baino gorago.

Halere, eta Donostiako taldearen diskurtsoa bereganatuz, lasaitasun apur bat komeni da. Parean Baskonia dago. Apal samar dabil azken bi urteetan, baina Europako burgesiako kide izan da hamarkada oso batean, eta Buesa Arenako pasilloak ezinezkoak ziruditen balentrien argazki ikusgarriekin beteta daude. Nor harrituko litzateke Baskoniak Kopa irabaziko balu? Lagun Aro aise menderatuko balu? Gaizki dago, bai, Caja Laboral, baina arrisku handia du. Beste taldeek ez duten zerbait. Deitu izaera, edo kasta, edo talentua edo fedea. Baina badauka. Presiorik? Ez dago.

Dema ikusgarri asko

Kopako euskal derbi bizia espero da. Baskoniaren hautagaitza sendoagoa delako, baina azken hilabeteko emaitza bolada txarrak Lagun Aro hauspotzen du, gipuzkoarrak emaitza bolada bikainean murgilduta iritsi direlako. Ez ahaztu azken hamar partidetatik zortzi irabazi dituztela, horietatik bost etxetik kanpo, eta horrek talde guztien buruko indarra handitzen du ezinbestean. Zailtasunean hazi da, eta partida estua espero da. Alde batera edo bestera puntu gutxiren aldearekin erabakiko da.

Xehetasunak erabakigarriak izango dira. Pankoren sukarra, Teletovicen punteria, Javi Salgadok Prigionirekin duen borroka sano hori, ia beti argentinarraren alde bukatu dena. Zer esan Vidalen jardunari buruz? Denetarik egiten du eta ia dena ondo. Hogei puntutik gorako balorazioarekin bukatzen du beti, baina kontrapuntua dauka Baskonian: San Emeterio. Sasoi onenetik urrun dago, nekatuta ligako lehen erdian, udan ez zuelako atsedenik eduki, baina jokalari aparta da, eta iaioetan iaioa norgehiagokak sutan daudenean.

Saskipean dago parekotasun handiena, bi taldeek jokalari apalak dituztelako alor horretan. Betts baldarra da, baina oso handia da, eta azkenaldian hamar punturen langa gainditzen ari da partidako. Doblasek ere sekulako motibazioa du, eta Lorant eta Ogide laguntzeko daude. Milko Bjelica oso azkarra da buruz, eta blokeo eta jarraipenean oso trebea. Golubovic lan zikina egiteko dago, eta Lampek, berriz, nekez egingo du aipatzeko ezer.

Lagun Aro talde deserosoa da. Korrika egiten du ahal duenean, eta horrek mina egiten dio Baskoniari. Joko estatikoan, Panko eta Baronentzat jokatzen dute ia beti, eta sistema ondo irteten ez bada, Salgadok eta Vidalek bukatzen dute jokaldia normalean. Erne Neto eta Heurtelen arteko borrokarekin, joko antolatzaile saskiratzaileak baitira.

CAJA LABORAL-LAGUN ARO

Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Ribas, Oleson, Walsh, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Teletovic, Milko Bjelica, Golubovic eta Lampe.

Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Salgado, Raul Neto, Lander Lasa, Baron, Papamakarios, Motos, Vidal, Panko, Lorant, Ogide, Doblas eta Betts.

Lekua. Palau Sant Jordi (17.000 ikusle).

Ordua. 19:00 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.