Ilusioa nekearen gainetik

Marcelo Bielsak Europako Ligari eta Espainiako Ligari adina garrantzia emango dio Kopari, eta onenekin jokatuko du gaurGaizki hasi ondoren, zortzi jardunaldi galdu barik daramatza Oviedok 2. B Mailan

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Marcelo Bielsa dudarik ez daukan entrenatzailea da. Argi dauka berak zuzentzen duen taldeak egin behar duen jokoa. Argi dauka, era berean, nola egin behar den lan egunerokoan helburuak lortzeko. Argi dauka hiru hilabete lehiatzen egon ostean jokalariak ezin direla nekatuta egon. Eta argi dauka Espainiako Kopak Athleticeko jarraitzaileentzat duen garrantzia. «Ilusioarekin ekingo diogu lehiaketari. Talde honen bihotzean barneratuta dagoen txapelketa da. Horrek nire ilusioa eta aldez aurreko jarrera handitzen du. Norgehiagoka guztiak dira garrantzi handikoak», adierazi zuen atzo Bielsak.

Teknikariak beretzat onenak diren futbolariak zelairatuko ditu gaur. Ez du txandatzerik egingo. Beraz, bistan da Kopak erregulartasunaren lehiaketak eta Europan lehiatzeak adina garrantzia duela aldagelako nagusiarentzat. Zaleek txalotu egingo duten erabakia da. Jakinekoa da eta Kopa bat altxatzeko aukera bakarra dela. Ez dirudi Bielsak inoren laguntzarik behar duenik Athleticentzat gaur hasiko den lehiaketak duen garrantziaz ohartzeko, baina hala balitz nahikoa izango zen Valentzian gertatutakoaren bideo labur bat jartzea jokoan zer dagoen konturatu dadin. Inork ez dio eskatuko Athletic finaleraino eraman behar duela, baina ahalik eta urrutien ailegatzeko ahaleginik egiten ez badu, gutxitu egingo da gaur egun zaleen artean duen babesa.

Mallorcaren kontra ligan zelairatu zuen taldearekin alderatuz gero, aldaketa bakarra egingo du entrenatzaileak. Jon Aurtenetxe kenduko du ezker hegaletik, eta Iñigo Perez zelairatuko du haren lekuan. Erdilari nafarrari Iraolak eskuin hegalean egiten duena egiteko eskatuko dio Bielsak. Gainerako hamar futbolariak Iberostar futbol zelaian hasieratik aritu zirenak izango dira. Beraz, Fernando Llorentek ez du Oviedoren kontra jokatuko. Jokalari garrantzitsua izan arren, hasiera batean ez litzateke erabakigarria izan behar.

Athletic maila hobeagoko taldea izateak ez du esan gura autobusetik jaitsi barik gaindituko duen kanporaketa izango denik. «Jokatu aurretik aurkaria gutxiago dela onartzea ez da zuzena, ausarta baizik. Baina dudarik ez dago bi maila oso ezberdinetan ari garela lehiatzen». Bi partidatan erabakiko den kanporaketa izatea, itzulikoa San Mamesen jokatzea eta, beste gauza guztien gainetik, talde hobea izateak ez du txartela bermatzen. Hori zelaian dago irabazi beharra. Hortaz, nork jokatzen duen baino garrantzi handiago dauka zelairatzen denak zein jarrerarekin egiten dion aurre norgehiagokari. Helburu nagusia kanporaketa gaur erabakita uztea da. Horrelakorik lortu ezin bada, bideratuta uztea. Horretarako, gutxienez gol bat sartuta emaitza ona lortzea da xedea. Eta hirugarren aukera hauxe da: gauzak ez badira behar bezala ateratzen, itzuliko norgehiagokara begira bizirik ateratzea Tartiere Berria estadiotik.

Azken aukera ez gertatzeko, azkenaldian baino hobeto jokatu beharko dute lehoiek. Hori bai, inork ez dezala pentsa Oviedo etxean aritu arren ausart zelairatuko denik. «Gu ondo ari gara moldatzen joko landua egiten duten taldeen aurrean. Presioan asmatu eta kontraerasoa baliatzen ahaleginduko gara», adierazi zuen Oviedoko izar nagusi Xavi Morek. Oviedo ondo moldatzen da baloiaren jabetza oinarri gisa duten taldeen kontra. Eta Athleticek, berriz, sekulako gabeziak erakutsi ditu atzean sartzen diren kontrarioen aurrean.

Baloia motel mugitzen duelako ditu zailtasunak. Eta horrek eragina izan lezake futbolari batzuek duten freskotasun faltarekin. Muniain, Herrera, Susaeta… astun ikusi ditugu zelaian. Erabakiak hartzeko orduan ere ez direla fin aritu. Hala ere, ez dirudi Bielsak berdin pentsatzen duenik. Haren ustez, ez da neke kontua. Horregatik jokatuko dute gaur. Zer pentsatuko dute sasoia hasi zenetik aulkia berotzen daudenek? Ez dira gustura egongo, ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.