«Ilusioz gainezka gaude»

Gaizka Toquerok esan du «sasoiko partidarik politena» dela derbia eta hiru puntuak etxean geratzea espero duela

jon eskudero
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Ilusioz gainezka gaude urteko partidarik politena jokatzeko. Ilusioari dagokionez, behintzat, ez dira gu baino gehiago izango, ilusioz gainezka gaude eta». Realaren kontrako derbiaren atarian gogotsu azaldu zen atzo prentsa aretoan Gaizka Toquero. Gogotsu eta, era berean, baikor. «Txapeldunen Ligako postuak hain gertu edukitzeak konfiantza eman dio taldeari, eta igandeko neurketak berebiziko garrantzia du. Hiru puntuak baino zerbait gehiago egongo da jokoan, eta garaipena San Mamesen geratzea espero dut». 2000-2001eko denboraldian irabazi zuen azkenekoz Realak San Mamesen; aspaldi, beraz, eta «bide berean» jarraitzea espero du Toquerok.

Sailkapena oso dago orekatuta. Soilik puntu batek aldentzen du Athletic laugarren postutik, baina Reala ere Europaren usainean dabil, beste askoren moduan. Bi taldeen artean lau punturen aldea besterik ez dago: «Laudorio asko jaso ditugu, Realak baino gehiago, baina, halere, tarte txikia dago bi taldeen artean, eta horrek zerbait esan nahi du». Erne jokatzea hobe dela aitortu zuen arabarrak: «Reala sasoiko momenturik onenetakoan dago, eta errebantxa gosez egongo da, gainera».

1-2 nagusitu zen lehen itzulian Athletic, Anoetan. Ordutik, baina, kontuak ederki aldatu direla esan zuen Toquerok: «Eurak gu baino hobeto zeuden orduan, baina irabaztea lortu genuen. Orain konfiantza handiagoarekin gaude, baina derbiak beti dira bereziak, eta edozer gauza gerta daiteke». Realarekin batera, nekea bera ere izan daiteke zuri-gorrien aurkaria: «Atseden hartzeko bi egun izan ditugu, eta eskerrak, lan handia egiten ari baikara. Igandean fresko zelairatzea espero dut, erraza izango ez den arren».

Eta erraza ez, zaila izango da. Izan ere, Lezamako zelaiko taldea hanka motz aritu zen atzoko lan saioan, bederatzi jokalarik nazioarteko partidak jokatu dituztelako azken bi egunetan. Hori bai, Toquerok adierazi zuen ilusioak gain hartzen diola nekeari: «Erritmo bizian jokatzen noiz arte iraungo dugun galdetzen dute askok, baina lortzen ari gara, eta derbian ere ohiko jokoa egingo dugu». Hainbeste jokalari selekzioarekin egotea albiste ona da, arabarraren iritziz: «Gauzak ongi egiten ari garela esan nahi du horrek. Konforme nengoke berriz lau oilo arituko bagina entrenatzen».

Jokalari gutxi, beraz, lan saioa normal egiteko, eta gauza gehitxo ere bai zuri-gorrien buruan: Espainiako Kopako finala, Manchester Uniteden aurkako partida, selekzioarekin dauden jokalarien egoera... Kontu horiekin guztiekin ez da erraza kontzentrazioari eusten, baina ToquerokRealaren kontrako lehian besterik ez dutela pentsatzen aitortu zuen: «Ezin nezake ukatu gai horietaz hitz egiten ez dugunik. Old Trafforden jokatzeari buruz askotan mintzatu gara, eta Txapeldunen Ligan sartzea ametsa dela ere sarri esan dugu. Baina kontu horiek ahaztuta dauzkagu orain. Helburuak lortzeko, puntuak batu behar dira, eta Realari irabaztea da onena horretarako».

Joan den astean Vila-realen puntu bat lortu ondoren, derbian ezin daitekeela hutsik egin adierazi zuen: «Gure antzera, Realak ere etxetik kanpo sufritzen du gehien, eta gure zaleen babesarekin aurrera atera behar dugu neurketa. Jokatzeko oso polita izango da».

Iturraspe ez da ariko

Ander Iturraspek min hartuta amaitu zuen herenegun 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin jokatu zuen partida, eta ezin izango du parte hartu derbian. Marcelo Bielsak bi aukera ditu hutsune horri aurre egiteko: bata, Iñigo Perez sartzea, eta bestea, Javi Martinez zelai erdira pasa eta defentsan San Jose ipintzea. Muniain eta De Marcos, bestalde, hasieratik ariko dira, partida bateko zigorra bete ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.