Osasunak asteon aurkeztu beharko du zaleen erregistroa, eta Indar Gorrik jakinarazi du ez duela bertan izena emango. Ohar batean, taldeak salatu du Sadarretik egotzi nahi dituztela: "Zaleen Erregistro Liburuan sartzea egungo futbola den gezurrean bete-betean sartzea da"; "ordutegi lotsagarriak, harmaila hutsak eta telebista eskubide bidegabeak" aipatu dituzte egungo futbolaren ezaugarrien artean: "Hau ez da maite dugun futbola. Gure kontzientziak galarazten digu futbol horretan sartzea".
Ohartarazi dute Indar Gorri Osasunaren parte izan dela, dela eta izaten jarraituko duela, eta ikurrik gabe ere, talde gorritxoaren alde "abesten" jarraituko dutela: "Garai zail honetan argi izan behar dugu gu guztiok, zaleak, garela klubaren ondasun bakarra".