Indarra bainoago, teknika

Gaur hasiko da Europako saskibaloiaren festa nagusia; Greziako Panathinaikos eta Olympiakos eta Moskuko CSKA dira faboritoak

2007ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Europakoa munduko saskibaloirik handienetan bigarrena omen da. Kontinente zaharrean ez dago NBAko gaitasun fisiko bera. Ez dago partidako 30 puntutik gora egiten dituen jokalaririk eta minuturo uztaia txikitzeko gai den gizon hegalaririk. Baina Europako saskibaloiak badu beste zerbait, munduko ligarik garrantzitsuenaren pare jartzen duen osagairik. Europan magia dago. Aparteko gaitasun fisikorik izan gabe ere, teknika aldetik biribilak diren jokalariak daude. Aberastasun taktikoa, koloreengatiko sentipena. Zirrara. Baina, batez ere, taldeko jokoa du gure saskibaloiak. Norbanakoaren gainetik, taldearen interesak irabazten du Europako kantxetan. Talde joko horrekin gozatzeko parada izango dugu gaur hasi eta maiatzean Madrilen amaituko den Euroligarekin. Europako talderik onenaren saria jokatuko da Madrilen, eta Panathinaikosek iaz lortutako garaipenari eutsi nahiko dio.

Panathinaikosek defendatuko du aurreko denboraldian lortutako titulua, eta bera da faborito nagusia, CSKA eta Olympiakosekin batera. Euskaldunok Baskoniaren mugimenduei ondo erreparatuko diegu. Aurten zaila izango da gasteiztarrentzat lauko finalera ailegatzea. Scolaren hutsuneak eta liga hasieran izandako arazoek taldea ahuldu dute. Baina azken urteetan arazorik handienari ere aurre egiteko gaitasuna duela erakutsi du Arabako taldeak. Talde gisa Spahijak nahi bezala jokatzea lortuz gero gasteiztarrek ezusteko onak ematea espero da. Azken urteetan pilaturiko esperientzia dute bere alde. Ezin baita ahaztu Baskoniak azken hiru urteetako Lauko Finalak jokatu dituela.

 

Europara



bueltan
NBAtik itzuli dira Jasikevicius eta Spanoulis, eta Panathinaikosen ariko dira
U.G.

Azken urte hauetan Europako hainbat jokalarik hartu du AEBetarako bidea. Denek ez dute munduko ligarik handienean tokirik aurkitzen, eta sarri, etxerako buelta egin behar izaten dute. Asko dira urte bat edo gehiago galduta itzuli direnak, eta ezer gutxi jokatuta, gainera. Sarunas Jasikeviciusen kasua da. Maccabiko Tel Aviv Europako gailurrera eraman zuen. Izarra zen kontinente zaharrean, eta NBAn gauza handiak lortzeko moduan zegoen.

Baina Indiana Pacersen ez zuten lituaniarrak duen talentuari etekinik ateratzen jakin, eta Golden State Warriorsera alde egin zuen. San Frantziskon ere, ordea, berdin. Hiru urte geroago Europan da berriro ere, Atenasko Panathinaikosen. Zeljko Obradovicen aginduetara bere mailarik onena berreskuratu eta Euroligako jokalaririk erabakigarrienetarikoa bihur daiteke.

Bartzelonan jokatzen zuela, Aito Garcia Reneses entrenatzaileak joko antolatzaile izatera behartu zuen lituaniarra. Postu horretan ematen du mailarik onena, eta joko antolatzaile gisara aztoratuko ditu aurkarien defentsak. Balizko final batean, ederra izan daiteke Theo Papaloukasekin izan dezakeen dema.

Spanoulisek ere ez zuen aukerarik izan Houstonen. Hiru denboraldirako kontratua zuen arren, bakarra bete du NBAn. Europako Saskibaloi Txapelketan agerian utzi zuen urte oso bat eman duela jokatu gabe. Zeregin handia dauka txapelketaren hasieran alboan izango dituen taldekideei minutuak kendu nahi badizkie.

Atenasko beste talde handiak, Olympiakosek, ez du atzean geratu nahi izan, eta NBAn aritutako jokalariak aberriratu nahi izan ditu. Jake Tsakalidis da haietako bat. Houston izan da NBAko haren azken taldea. AEBetan egin dituen zazpi urteetan 300 partida inguru jokatu du. Esperientzia, beraz, ez du falta izango.



 

7 TaLDemaDrILeraBeGIra



Olympiakos-Panathinaikos
Grezia: diruari dirua
Nahi beste diru xahutzeko aukera dute greziarrek. Haien indar ekonomikoak bestelako talde guztiak gainditzen ditu. Helburu bakarra dute: Euroliga irabaztea. Panathinaikosek hegaleko joko beldurgarria osatu du Spanoulis eta Jasikevicius fitxatuta. Diamantidisekin aurkakoen defentsa behin eta berriro zulatuko dute iritsi berriek. Beste urte baterako kontratua berritu du Batistek, eta barruko jokoan jaun eta jabe izango da seguruenik. CSKAk eraman nahi izan zuen hegal-pibot estatubatuarra, baina Grezian maitatua sentitzen dela esan, eta Atenasen segituko du, beste urtebetez.

Olympiakos ez da kontu ekonomikoan atzean geratzen. Fitxaketa sonatuak egin dituzte. Ezin izan zuten Jasikevicius erosi, baina trukean Milos Teodosic eta Lynn Greer bereganatu dituzte. AEBetakoak beti eman du maila ona talde ertainetan. Macijauskas da, beharbada, bere fitxaketarik onena. Aulkian ere indar handia du: Pinas Gersson zakur zaharra egongo da aginduak ematen.

CSKA Mosku
Elkar ezagutzea altxor
Azken hiru ekitaldietako talderik onena izan da, txapelketa behin bakarrik irabazi badu ere. Etore Messinaren eskutik joko biribila lortu dute. Papaloukasek, azken urteetako Europako jokalaririk erabakigarrienak, inork baino hobeto kantxaratzen ditu prestatzaile italiarraren planteamenduak.Moskukoek, Atenasekoek bezalaxe, ez dute arazo ekonomikorik, eta dirutza xahutu dute taldea indartzen. Batistek ez zuen Errusia aldera joan nahi izan, baina PanathinaikosiSiskauskaskentzea lortu du CSKAk. Marcus Goree eta Nicolaos Zizis ere lurreratu dira Moskun. Dirua alboratuta, CSKAren lorpenik onena aurreko urteetako blokea mantentzea izan da: Papaloukasek, Langdonek, Holdenek, Savrasenkok edo eta Smodisek taldean jarraitzen dute. Urte asko daramate elkarren ondoan jokatzen, eta elkar ondo ezagutzea lortu dute. Aipatu jokalari horiei Andersen gehitu behar zaie. Iaz, lesio bategatik, ezin izan zuen jokatu. Panathinaikosekin batera, beste taldeak baino koska bat gorago daude, eta Euroliga irabazteko hautagai dira.

ACBko taldeak
Ligaren gogortasuna etsai
Europako ligarik indartsuena da, eta asko esatea da hori. Malagako Unicaja ahulagoa da, baina saskibaloian logikak ez du agintzen. Real Madril, Bartzelona eta Tau Baskonia lauko finala jokatzeko moduan daude. Eurena liga gogorra da, eta asteburuko nekea Euroligan nabarituko dute, beharbada. Denentzat izango da derrigorrezkoa, denboraldi osoan, jokalari askoren laguntza jasotzea.

Real Madrilek ez du ezer egin azken urteetan Europako txapelketa nagusian. Aurtengo azken fasea etxean jokatuko da, eta bertan egon nahiko du. Baita Ivanovicek zuzenduriko taldeak ere, Bartzelonak. Denboraldi ona egiten ez badu, Kataluniako hiritik joan beharko du Montenegrokoak, agian. Navarro gabe, zaila izango du, baina Acker estatubatuar etorri berriak, behar bezala osatuz gero, Navarro ahantzarazi lezake.

Denboraldi zaila da Baskoniarentzat. Aldaketa asko egin dituzte taldean, baina azken hiru urteetan Lauko Finala jokatu dute, eta horrek gasteiztarren lana gertutik zaindu behar dela esan nahi du. Bidea badakitelako.

Maccabi Tel Aviv
Egon ziren, egon nahi dute
Iazko denboraldi kaskarrari begiratuta, zaila suertatzen da faboritoen artean sartzea. Baina horrela behar du. Urtero legez, estatubatuarrez jositako taldea da. Vujcicek ez du utzi taldea, eta, Fizer eta Eliyahu gaztearekin batera, barruko joko interesgarria osatu dute Israelgoek. Barruko jokoa izango da, hain zuzen ere, aurtengo haien alor arriskutsuena. Taldean urte asko daramaten jokalari esperientziadunak (Sharp, Burnstein, Vujcic) eta gizon gazteak uztartu dituzte. Berrien artean, Omrri Caspi azpimarra dezakegu. 19 urte baino ez ditu, eta talentu handia omen dauka. Batista pibot uruguaitarra Ameriketako txapelketa interesgarria egina da. Gazteok bueltan den Bluthenthal pibot beteranoaren eskutik ikasteko aukera izango dute.

Entrenatzailea ere gaztea da, baita berria ere: Oded Kattash jokalari ohia. Saskibaloiko elitera bueltatu nahiko du talde israeldarra. Baina orain bi urtera arte gertatzen zena urrun geratu da. Tel-Avivekoak, jadanik, ez dira Europako saskibaloiko nagusiak. Horrek ez du esan nahi denboraldi honetan izango ez direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.