Kim Yu patinatzaile hego korear ohiak suzia piztu, eta abian dira Pyeongchangeko Neguko Olinpiar Jokoak, historiako 24.ak. Olinpiar estadioa lepo bete da: 35.000 ikusle izan dira ekitaldia ikusten, eta unerik hunkigarriena Ipar eta Hego Koreako ordezkaritzek batera desfilatu dutenean izan da. Hwang Chung-gum patinatzailea (Ipar Korea) eta Won Yun-jong bobsled gidaria (Hego Korea) buru zituztela egin dute bidea, txalo artean, eta bandera bateratuarekin. Amaieran, Arirang kantua tradizionala abestu dute. Ipar eta Hego Koreako ereserki ez ofizialtzat jotzen da abestia.
Lee Hee-beom antolakuntza batzordeko presidentea hunkituta mintzatu da: "Joko hauek kulturaren jokoak direla erakutsiko dute, baina batez ere bakearenak eta ilusioarenak. Kirolak jendea eta herrialdeak batzeko gaitasuna du, liskar eta gatazketatik gaindi, eta orain dela minutu batzuk beste behin ikusi da hori". Antzera hitz egin du Thomas Bach Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidenteak: "Rioko Olinpiar Jokoetan errefuxatuez osatutako ordezkaritza bat izan genuen, eta orain beste behin historia egin dugu, bi Koreak elkarrekin desfilatuta, harro egoteko moduan gaude". Desfilea bukatu eta gero, 1.000 bat lagunek bakearen bi uso irudikatu dituzte, abeslari batek John Lennonen Imagine abesten zuen bitartean. Hura ikusten zeuden Hego Koreako presidente Moon Jae-in Hego eta Kim Yo-jong, Ipar Koreako presidente Kim Jong-unen arreba. Hura da Ipar Koreako gobernuak Olinpiar Jokoetara bidalitako ordezkaritzaren burua, eta atzo bertan iritsi zen Pyeongchangera.
Beste arreta puntua, Errusiako kirolariengan zegoen. Dopinarekin nahastuta ez dauden 170 kirolariak olinpiar banderapean desfilatu dute, NOBk debekatu egin baitzion herrialde gisa parte hartzea. Ikusgarria izan da inaugurazio ekitaldia. Naturari erreferentzia eginez abiatu da, sua, lurra eta ura irudikatuz. Ondoren, Koreako mitoei egin zaie erreferentzia, herrialdeak desfilatzen hasi aurretik. Behin hori amaituta, historia eta mitoak alde batera utzi, eta berrikuntza teknologikoek hartu dute lekua, kolorez, soinuz eta irudiz betetako ikuskizun bati esker. Bi ordu pasatxo iraun ditu ekitaldiak.
Hala, abian dira Nazioarteko Olinpiar Batzordeak "inoizko Neguko Joko handienak" deitutakoak. Datuei erreparatuta hala dira: 3.000 kirolari inguru, 92 herrialde eta 102 diziplina egongo baitira ordezkatuta. Parte hartzaileen artean egongo dira bost euskal kirolari: Juan del Campo eta Imanol Rojo eskiatzaileak, Lucas Egibar snowboarderra eta Felipe Montoya patinatzailea. Imanol Rojo eskiatzailea izango da lehiatzen aurrena. Rojori eginiko elkarrizketa argitaratu du gaur BERRIAk. Sotxin egindako lana gainditzea espero du.