Mundua nola aldatzen den bi aste eskasean. Oraindela hamabost egun, Bilbo Basket bi garaipenekin zegoen, eta hirugarrena lortzear, Bilbo Arena distiratsuan, Real Madril ahaltsuaren aurka. Baina galdu egin zuen, eta lidergoa lortzeko aukera bikaina galdu. Kolpe horren eragina uste baino luzeagoa izan zen, Valladoliden ere belaunikatu egin baitzen Bizkaiko taldea. Belaunikatu, eta itxura kaskar samarra emanda.
«Ez dut hitzik gertatu zaiguna azaltzeko. Aste osoan modu batean egin dugu lan, eta partida beste modu batera jokatu dugu». Katsikarisen hitzak dira, Valladolideko dema bukatu ondorengoak. Atzo, Unicajaren aurkakoaren atarian, honakoa esan zuen: «Oldarkorrak ez baldin bagara, edozeinek irabaziko digu». Jarrera epel samarra erakutsi baitzuten hainbat jokalarik Valladoliden: Aaron Jackson, Chris Warren, Kostas Vasileiadis... Kontu bat da ez asmatzea, baina bestea nork bere aldetik jokatzea eta taldeari kalte egitea. Eta bi estatubatuarrek hori egin zuten. Gaur ezin da halakorik gertatu, eta Katsikarisek berak du hori ez gertatzeko giltza, jarrera egokia duten jokalariak kantxaratuz.
Itxaropenerako datu interesgarri bat dago. Bilbo Basketek talde handien aurka lehiatzeko gaitasuna erakutsi du. Valentziaren aurka norgehiagoka txukuna jokatu zuen, eta Real Madrilen aurka ere bai, 35 minutuan. Ñabardura garrantzitsua egin du Katsikarisek minutu kopuru horien harira: «35 minutu on jokatzen ditugu, eta bost txarrak, baina minutu txar horien ondorioz partida galtzen dugu. 40 minutu on jokatzen ahalegindu behar dugu, bestela galdu egingo dugu berriro».
Bilbo aldean duten itxaropen hori ere badute Malaga aldean, haiek ere neurri ona eman baitute talde indartsuenen aurka, batez ere etxean jokatu dituen partidetan. Baskonia eta Cajasol menderatu ditu han, nahiko erraz, eta Zaragozan ere garaipena lortu zuen. Panchi Barrera joko antolatzailearen parte-hartzea ez da ziurra, bi aste eman baititu min hartuta, giharretako arazoekin.
Indartsuei irabazi behar zaie, ahulagoen aurka galtzen bada
Bilbo Basketek Unicaja menderatu nahi du, zortzi onenen artean sartu eta Valladolideko porrota ahazteko (12:30)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu