Indartsuenak ez, ausartenak

Erasoari erasoa lotuta irabazi du Alberto Contadorrek bere kirol ibilbideko bosgarren itzuli handia

unai zubeldia
Donostia
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Joaquim Rodriguez Purito (Katuxa) zen Vueltako txirrindularirik indartsuena, baina Alberto Contador (Saxo Bank) nagusitu da, ausardiari esker. Barruko berotasunak eman dio, azkenean, garaipena, itzuli handietan bosgarrena. Zalantza asko zeukan arren, bikain aritu da Alejandro Valverde ere (Movistar), besteen parean.

1. Castroviejo, lider

Hasiera berezia izan zuen Vueltak. Berezia, Iruñetik abiatu, eta lehen lau etapak Euskal Herrian egin zituelako. Eta berezia, jokoetatik bueltan Jonathan Castroviejok (Movistar) jantzi zuelako maillot gorria. Arratera bidean erantzi zuen. Hor egin zuen lehen huts larria Rodriguezek, pedalei eragiteari behar baino lehenago utzita. Azken unean kendu zion garaipena eta liderraren maillota Valverdek. Etapa horretan argi geratu zen laukoterik indartsuena zein zen: Valverde, Rodriguez, Chris Froome (Sky) eta Contador. Igor Antonek (Euskaltel), berriz, sei segundo galdu zituen Arraten, 30 Valdezcarayn, 57 Jacan... Bederatzigarren postu apalarekin etsi behar izan du, 14.01 minutura.

2. 'Purito'-ren amaierak

Arraten erraz, Valdezcarayn antzera, Jacan aldeak sortuz, Collada de la Gallinan hiru onenen artean eutsiz... Purito-k ederki baliatu ditu ibilbideak eskaini dizkion aukerak. Erritmo aldaketekin lortutako gainsariekin hasi zen aldeak markatzen. Philippe Gilberten (BMC) babesean —bi etapa irabazi ditu—, dezente atzean utzita zeuzkan aurkariak Bartzelonara iritsita. 53 segundora Froome, minutu batera Contador, 1.07ra Valverde... Egoera horretan iritsi zen Pontevedrako erlojupekora, eta hazita egin zuen Asturiasera arteko bidea, segundo bakarraren aldearekin izan bazen ere, maillot gorriari eusteko gai izan zelako. Biharamunean, Ezaroko begiratokian, gainsariak pilatuz jarraitu zuen.

3. Asturiasko hirukoa

Ancares, Covadonga eta Cuitunigru. Asturiasen zen erabakitzekoa Vuelta, baina aldeak ez ziren ikaragarriak izan. Kataluniarrak irabazi zuen Ancaresko etapa, eta, hiru amaierak kontuan hartuta, 15 segundo atera zizkion Contadorri, 44 Valverderi, eta 4.01 minutu Froomeri. Sailkapen nagusian 28 segundo zeuden Rodriguez eta Contadorren artean.

4. Fuente De-ko erokeria

Azken metroetako erritmo aldaketekin Rodriguez ezin zuela menderatu ikusita, erokeria txiki bat egitea erabaki zuen Contadorrek Fuente De-ra bidean. Oso urrutitik jo zuen erasoa, eta orduantxe eduki zuen Katuxako liderrak zalantza une bakarra; 2.50 minutuko zalantza, azkenerako. Valverdek ere han sendotu zuen bigarren postua. Bola del Mundoko lehia soilik geratzen zen; sufritu zuen Contadorrek, baina sailkapena ezin irauli Rodriguezek.

5. John Degenkolb

Izen bakarra izan dute esprintek: John Degenkolb (Argos-Shimano). Bigarren etapan eskuratu zuen lehen garaipena, Vianan, eta bosgarrena pilatu zuen, herenegun, Madrilen. Daniele Bennatik (RadioShack) bakarra lapurtu zion, Valladolidekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.