Indartsuenaren legea

Athleticek gutxienez gol bat sartu behar du gaur, Bruselan, aurrera egiteko. Hala ere, ez dirudi hasieratik arriskuak hartuko dituenik

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Futbola baloi barik ulertzea ezinezkoa da. Futbolean golak sartzea da helburu nagusia. Eta, horretarako, baloia behar da. Baina baloia sarera bidaltzeko, bide asko har daitezke. Talde asko dira baloia beren hanketan edukitzeari garrantzi gutxi ematen diotenak. Athletic eta Anderlecht dira talde horietako bi. Bai zuri-gorriek eta bai belgikarrek gurago dute aurkariak izatea jokoaren ekimena. Kontrarioari baloia kentzea eta azkar eta zuzen jokatzea dute gustuko. Horregatik, nahiz eta gutxienez gol bat sartzeko premia izan, zuri-gorriek ez dute uste egokia denik neurketa hasieratik erantzukizun guztia hartzea. «Ez dugu itsutu behar. Helburua gola sartzea da, baina ez dugu guk jokoaren pisu guztia hartu behar», esan zuen Koikilik herenegun, San Mamesen emandako prentsaurrekoan.

Oso antzekoak dira talde biak. Defentsako lanean oinarritzen dute jokoa. Defentsan eta fisikoan. Hor dago bi taldeen oinarria. Athleticen Llorentek egiten duen lana Lukakuk egiten du Anderlechten; Biglia argentinarrak Pablo Orbaizena; Javi Martinezen anaia beltza dirudi Kouyate gazteak... Eta atzeko lerroa osatzen duten laurak ere sendoak dira oso. Talentua Yesteren eta Boussoufaren esku lagatzen dute. Nork bere postuan jokatu arren eta nork bere ezaugarriak dituzten futbolariak izan arren, euren ardura da taldeari falta zaiona ematea.

«Xehetasunen» garrantzia

Horren antzeko taldeak izanda, bistan da gauza txikiek erabakiko dutela nork irabaziko duen. Xehetasunek, Iraolak esan bezala. Anderlechtek etxean jokatuko du. Constant Vanden Stock futbol zelaiko harmailak beteko dituzten 18.500 lagunen babesa eta hauspoa izango du -beste 1.500 ikusleak jarraitzaile zuri-gorriak izango dira-. Hala ere, etxetik kanpo jokatzeak eta harmailetan egongo den kontrako giroak ez du asko kezkatzen Athleticeko espedizioa. «Hasiera batean, abantaila da zaleen aurrean jokatzea, baina ez dakit beti horrela izaten ote den». Koikiliren adierazpenek konfiantza islatzen dute. Duela bizpahiru sasoi Athleticeko jokalari batek ez zuen horrela hitz egingo. Baina gaur egun erabateko konfiantza dute euren jokoan eta gaitasunean. Indartsu sentitzen dira. Gainera, aurretik gertatutakoak ere positiboak dira. Young Boysen eta Tromsoren kontra etxetik kanpo jokatu zuen itzulikoa Joaquin Caparrosek entrenatzen duen taldeak. Bi kanporaketetan aurkariak emaitza ona eskuratu zuen San Mamesen. Hala ere, bai Suitzan eta bai Norvegian, aurrera egiteko behar zuena lortzeko gai izan zen Bizkaiko taldea.

Gaurko erronka askoz ere gaitzagoa izango da, ordea. Athletic abuztuan baino sasoi hobean dago, baina aurrean duen aurkaria ere udan izan zituenak baino hobea da. Eta, batez ere, jokatzeko eran horrenbeste antzekotasun duen aurkari bati aurre egiteko, zama handia da joaneko partidako emaitza. Gola Athleticek sartu behar du. Horrenbestez, pentsatzekoa da gehiago arriskatu beharko duela. Eta orduan izango da benetan arriskutsua Ariel Jacobsek zuzentzen duen taldea; kontraerasoan jokatzeko aukera edukitzen duenean, alegia.

Caparrosek ere jakingo du hori. Horregatik, litekeena da aparteko arriskurik ez hartzea. Beti legez, erasoko jokalarien inspirazioaren eta estrategia jokaldien zain egongo da aurkaria mendean hartzeko. Arriskuak hartu behar badira, ez ditu hartuko bigarren zatiaren lehen laurdena bete aurretik, betiere aurrez Anderlechtek kanporaketa hankaz gora jartzen ez badu behintzat.

Hasierako hamaikakoan ez da aparteko iraultzarik espero. Jokalarietako askok Teneriferen aurka jokatutako Ligako neurketan hartu zuten atseden. Beraz, Bruselan aritzeko, fresko daude. Irletako taldearen aurka aritu ziren futbolarietatik hiruk izan dezakete hamaikakoan jarraitzeko aukera. Gabilondo izan daiteke, hain zuzen ere, Ligan eman zioten aukera aprobetxatu eta entrenatzailearengan zalantza sor dezaketenetako bat. Donostiarrak sasoian dagoela erakutsi du. Gol bi sartu ditu jokatu dituen azken partida bietan. Horretaz gain, kornerrak eta faltak jaurtitzen ere fin aritu da. Eta ez da ahaztu behar esperientzia izatez gain lanerako jarrera egokia duela. Beste edozein postutan bermatuta izango luke postua, baina ezkerrean Yesterekin dauka lehiatu beharra, Athleticen ikurretako batekin. Eta jakinekoa da ez dela samurra basauritarrari lekua kentzea. Gainerakoak ohikoak izango dira. Atzealdean, Koikili da ezkerretik aritzeko hautagai nagusia. Azken jardunaldietan Castillo baino hobeto aritu da, eta, gainera, seguruagoa da. Aurrean, berriz, sekulako ezustekoa izango litzateke Toquerok ez jokatzea. De Marcos gaztea baino eraginkorragoa da gasteiztarra, eta borrokarako eta presiorako aproposa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.