Infernuko berora doa

Azken lehietako bolada onari eutsi, eta Athleticek lehen partida eskuratu gura du etxetik kanpo denboraldi honetan

haritz gallastegi
2008ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Euskal selekzioak Gabonetan jokatuko ez duen partida eta Armando izan dira asteko notizia nagusiak Athleticen inguruan. Selekzioaren gaineko notiziak ez dira asteon amaituko. Datorrenean, jokalarien iritziaren berri izango dute zale guztiek. Baina hori bizpahiru egun barru izango da. Aurrez, urteko azken jardunaldia jokatu beharko dute Euskal Herriko taldeek.

Athleticek Ruiz de Lopera bisitatuko du. Neurketa atariko protagonista Armando izan da. Ez du adierazpenik egin eta ez du jokatuko, baina ez da horren premiarik egon. Sopeloztarra guztion ahotan egon da. Joan den denboraldian, Don Manuel-en etxean eman zioten boteilakada izan da ardatz nagusia. Ur boteilakada baino gehiago, orduan gertatu zenak gaurko norgehiagokan izan dezakeen eragina aztertu da.

Izan ere, berez Athleticen aurkako giroa egoten den zelai batean ohikoa baino giro beroagoa aurkituko baitute futbolari zuri-gorriek. Horrelako egoera batean gauza bi gerta daitezke. Bata, harmailetan ikusten duenarekin kikiltzeko arriskua dauka jokalariak. Baina kontrakoa ere gerta daiteke. Kontrako giroetan hazi egiten diren futbolariak ere badaude. Athleticekoek ez dute makurtzeko asmorik. «Jokalariok giro beroa dugu gustuko. Zaleen zaratek eta biraoek partidan pentsatzen laguntzen dute», esan du Susaetak asteon. Javi Martinez ere gogotsu zelairatuko da. «Horrelako partidek motibatu egiten naute». Gazteak eta oldarkorrak. Horrelako jokalariak behar dira Ruiz de Loperan jokatuko duten neurketari aurre egiteko.

Esperientzia handiagoa duten jokalarien adierazpenak, berriz, neurtuagoak izan dira. Futbol partida bat baino ez dela nabarmendu gura izan dute. «Ez diogu begiratu behar harmailetako giroari. Giroa gure kontrakoa izango da. Hala ere, futbol partida bateko giroa egotea espero dut», adierazi zuen Ociok. Gasteiztarrak eta Caparrosek protagonismo berezia izango dute zaleen kantuetan. Sevillan jokatu izanaren ordaina da.

Harmailetan bildutako zaleek presio handia egin arren, norgehiagoka zelaian jokatuko dute. Beraz, jokalarien esku dago neurketaren giltza. Orain arte Betiseko jokalariak zuri-gorriak baino hobeak izan dira. Sailkapenean bi puntu gehiago ditu Andaluziako (Espainia) taldeak. Baina horrek ez du esan gura Betis denik neurketa irabazteko faboritoa. Paco Chaparroren taldeak etxean jokatzeak ematen duen abantaila izango du. Baina litekeena da Athleticeko jokalariek Betisekoek baino konfiantza gehiago izatea. Zuri-gorriak emaitza bolada onean daude. Azken hiru partidetan zazpi puntu irabazi dituzte. Jokoa ere denboraldi hasierakoa baino hobea da. Betisek, berriz, puntu bakarra irabazi du jokatu dituen azken hiru neurketetan. Talde gorabeheratsua dela erakusten ari da. Lehen sei jardunaldietan bi puntu baino ez zituen irabazi, baina hurrengo seietan hamabost puntu eskuratzeko gai izan zen. UEFAko postuetatik puntu batera jarri zen beheraka hasi aurretik.

Beraz, sasoiko bigarren bolada txarrean dago Betis. Hori gutxi balitz bezala, taldeko bi jokalari onentsuenak ez dira ariko: Emanak eta Mehmet Aureliok ezin izango dute jokatu. Chaparrorentzat ez da erraza izango jokalari horien indarra eta esperientzia ordezkatzea.

Athleticek aprobetxatu egin behar ditu Betis ahultzen dutengabezia horiek. Baina ezin du lo hartu. Kontrarioak bi jokalari garrantzitsu faltako dituela jakinda, dena eginda dagoela pentsatzen badu, galdu egingo du. Zuri-gorriek makina bat aldiz galdu dute Betisek zelairatuko duen hamaikakoa baino txarragoak zirenen aurka. «Neurketa gaitza izango da, baina konfiantza izan behar dugu geure buruarengan. Juanito eta Capi oso jokalari garrantzitsuak dira haientzat».

Toquero itzuli egingo da

Betisek bi jokalari garrantzitsu faltako ditu, baina Athleticek ere ez du izarretako bat zelairatu ahal izango. Andoni Iraola etxean geratu da, min hartuta. Iraolaren partez Murillo arituko da. Donostiarrarentzat lehen partida izango da denboraldion. Lesioek eta entrenatzailearen konfiantza faltak taldetik kanpo eduki dute azken denboraldi biotan. Gurpegi eta Ustaritz min hartuta daudenez Caparrosek behartuta egin behar izan du haren aldeko apustua. Konpromiso handiko partida izango da harentzat. Orbaiz, Garmendia eta Gabilondo dira beste hiru berritasunak.

Gaizka Toquero, berriz, Athleticera itzuliko da urtarrilean. Aurrelaria Eibarren dago utzita irailetik, eta Pousoren esanetara titularra da. Halere, Athleticera bueltatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.